'Barraskiloa eta balea' filma Bizitu proiektuaren barruan, igandean
Familia zinema egokitua da Bizitu proiektua, eta horren antolaketaren atzean Errenteria-Oreretako bi elkarte daude: Juneren Hegoak eta Mindara. Barraskiloa eta balea filma aukeratu dute igandeko saiorako; 11:00etan izango da Niessen auditorioan.
Bizitu proiektuaren eskutik pantaila handiaz gozatzeko aukera izango da igandean. Familia zinema egokitua da Bizitu proiektua, eta horren antolaketaren atzean Errenteria-Oreretako bi elkarte daude: Juneren Hegoak eta Mindara. Barraskiloa eta balea filma aukeratu dute igandeko saiorako; 11:00etan izango da Niessen auditorioan. Sarrera doakoa da, baina lekuak mugatuak direnez, eserlekua erreserbatu egin behar da (klikatu hemen).
Saioa egokitua denez, zeinu hizkuntzan aldi bereko itzulpena eskainiko du Eskuaire elkarteak.
2017an sortu zuten Bizitu Zinema proiektua behar bereziak dituzten adingabeen familientzat aisian eta kultur eskaintzarako sarbidean dituzten zailtasun eta oztopoak ikusita: “Bizituk zinemaren esperientzia publiko zabalarengana hurbildu nahi du, ezberdintasunak errespetatuz, giro ludikoa sortuz, eta batez ere, Juneren Hegoak eta Mindara elkarteetako kide diren haur batzuen behar zehatzei erantzuteko”.
Filma ikusteko modua ere berezia da hortaz, ikusleei egokituta, eta saioan zehar filma komentatzeko aukera izango da, argiak piztuta eduki ahal izango dira, edota eserlekuetatik mugitu. Aretoa parte hartzaileen erotasunerako prestatuko dute, besteak beste, aniztasun funtzionala duten haurren beharretara egokituta, esperientzia hori beste haur eta familia batzuekin partekatu ahal dezaten.
Mindara 2011n sortu zuten, eta Oarsoaldera zabaldu zuen lan eremua urtebete geroago jarduera fisiko inklusiboaren, kirol egokituaren, osasunaren eta prestakuntza aisialdiaren arloetan. Aniztasun funtzionala duten haur, nerabe eta helduei arreta ematen die, eta era berean, beren programetan parte hartzera gonbidatzen ditu nahi duten pertsona guztiak elkar harremanak sortuz aniztasun funtzionala duten eta ez duten pertsonen artean.
Hamargarren urteurrena bete du Juneren Hegoak elkarteak aurten. Zaurgarritasun egoeran dauden, gaixotasunak edo dolu egoera bizi duten Gipuzkoako familiei laguntzeko sarea sortzea du helburu, eta haien bizi kalitatea hobetzen lagunduko duten aukerak eskaini ahal izatea.
Maite Gartzia Kultura zinegotziak eskerrak eman dizkie Mindara eta Juneren Hegoak elkarteei “herrian egiten duten lan sozialarengatik. Oso garrantzitsuak dira bi eragile horiek”. Zoriondu ditu halaber, egiten duten lanarengatik, eta bereziki Juneren Hegoak elkarteari hamar urte bete dituelako aurten.