Astelehenean zabalduko da Lezoko udaleku irekietan izena emateko epea
200 plazako eskaintza da, eta hilaren 19ra arte eman daiteke izena. Uztailaren 2tik 28ra egingo dira udaleku irekiak.
Lezoko familiak, adi. Astelehenean zabalduko du Lezoko Udalak 2023ko Udan Jostatzera udaleku irekietan izena emateko epea: hilaren 19ra arte izango da zabalik udako aisia eskaintza baliatzeko eskaeren aroa. Udalak aholkua eman die izena emateko asmoa dutenei: Internetez egin dezatela, Lezoko Udalaren webgunearen bitartez. Uztailaren 3tik 28ra artekoak izango dira aurten Udan Jostatzeraren barruko jarduerak, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:30era.
Udalekuen barruan, haurtzaindegi zerbitzua ere izanen dela aurreratu du udalak: lanean ari diren gurasoentzat zuzendutako zerbitzua da, 08:30etik 09:30era, udaleku irekiak hasi baino ordubete lehenago hasiko dena. Prezioa 53 eurokoa da, eta familia ugariena 40 eurokoa. Zerbitzua eskaintzeko zortzi haurrekin osatutako gutxieneko taldea beharko da.
Informazio gehiago
Udaleku irekiena 3-12 adin tartekoentzako zerbitzua da (parte hartzeko 3 urteak eginak izan behar ditu haurrak). Izen emate prezioa 80 eurokoa da pertsonako, eta familia ugarien kasuan 60koa partaideko. Orotara, 200 plaza atera ditu udalak, eta eskaerak horiek baino gehiago balira, plazak zozkatu egingo dira. Plaza egokitu zaienei begirako bilera egingo dute ekainaren 15ean, 16:45ean, Gezalan.
Udalak lehentasuna Internet bidezko izen emateari eman badio ere, aurrez aurre egiteko aukera ere eman du. Izen emate horiek Euskara eta Kultura Sailaren egoitza egin behar dira: kasu hauetan, izen emate orria beteta eta sinatua eraman behar da, eta familia ugariek tituluaren fotokopia ere erantsi beharko dute dokumentazioan. Aldi berean, ezinbestekoa da era batera edo bestera haurraren argazki bat gehitzea.
Beste bost ohar:
- 1-Izen-emate orrian gurasoen sinadura ezinbestekoa da.
- 2-Familia ugariek %25eko hobaria izango dute.
- 3-Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoen onuradunek %75eko hobaria izango dute.
- 4-Ordainketa ezin da zatikatu.
- 5-Behin matrikularen zenbatekoa ordainduta ez da itzuliko, haurrak jarduera uzten badu ere.