Gazte Koruen Topaketa lehenengoz udalerrian, Landarbasoren eskutik
Landarbaso Abesbatzak Gazteen abesbatzen topaketa antolatu du astebururako. Halako lehenengoa da Errenteria-Oreretan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria sailaren laguntza izan dute topaketa aurrera ateratzeko.
Landarbaso Abesbatzak Gazteen abesbatzen topaketa antolatu du astebururako. Halako lehenengoa da Errenteria-Oreretan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria sailaren laguntza izan dute topaketa aurrera ateratzeko. Landarbaso Abesbatzaren zuzendari Iñaki Tolaretxipik, ahots teknika eta harrobiko abesbatzen zuzendari Maddalen Dorronsoro, aldundiko gazteria zuzendari Isaac Palencia eta Landarbaso abesbatzako Dizdizka taldeko lau abeslarik eman dituzte topaketaren xehetasunak gaur goizean egindako agerraldian.
Tolaretxipik hartu du hitza lehenik. Landarbasoren zuzendariak nabarmendu du urteak daramatela haur eta gazteak hezten abesbatza tekniketan, “horren adibide da duela gutxi Kontari haur abesbatzak Espainiako Sari Nazionala irabazi duela Madrilen”. Urteak dira ere ohartu direla, haur eta gazteen arteko musika korala behera datorrela, “gero eta okerragoa da panorama eta hala baieztatu dute Gipuzkoako eta Euskal Herriko abesbatzen Federazioek”. Horren aurrean, ezinbestekoa jo zuten aldundiari laguntza eskatzea, gainbehera hori eteteko eta egoera iraultzeko neurriak har zitzan, “finean haurren eta gazteen abesbatza sustatuko duten neurriak hartzea eskatu genion”.
Gazteen abesbatza topaketa Errenteria-Oreretan egiteko ideia aspaldikoa dela nabarmendu du, bestalde, Tolaretxipik, “2016. urterako hasi ginen lanean gaiaren gainean, eta errealitate bihurtu izana ohorea da guretzat. aldundiari eskerrak eman nahi dizkiogu eskaini digun laguntzarengatik”.
Asteburuan izango da topaketa, eta osatutako kartela “ikaragarria” dela esan du Landarbasoko zuzendariak: “Iruñeko Gazte Orfeoia dator topaketara. Une honetan, estatuan gazte mailan den onenetakoa da. Horrekin batera, Laredoko (Kantabria, Espainia) Aila gazte abesbatza ere izango da topaketan. pentsatu genuen beste abesbatzaren bat ekartzea, baina lehenengo topaketa honek jarraipena izatea nahi dugu eta ez dugu lehen topaketara abesbatza guztiak ekarri, etorkizunera begira eta beste ekitaldietarako goi mailako gazte abesbatzak izatea nahi dugu”.
“Ikastea” dela topaketaren helburuetako bat nabarmendu du, “horrekin batera, gazte abesbatzek abestu dezaketela erakutsi nahi diogu publikoari”.
Ilusio berezia egiten diela topaketak aitortu du Dorronsorok bere aldetik, Tolaretxipiren ideia baietsi du berak ere, aspaldiko ideia zutela topaketa hori antolatzea, alegia. Bi alderdi nabarmendu ditu, topaketa antolatzera eraman dituena, “gero eta haur eta gazte gutxiagok abesten dute, eta sustatu behar dugu haien artean abestea egoera iraultzeko”. Bigarrena, beste gazte batzuekin batera abesten aritzeak, haiek ere kantuan ikusteak duen eragin positiboa.
Topaketan Landarbasoren Dizdizkarekin batera parte hartuko duten Iruñeko Gazte Orfeoia eta Laredoko Aila gazte abesbatza “oso ezberdinak” eta “oso onak, gorenak” direla esan du Dorronsorok, eta zalantzarik ez du elkarrengandik ikasteko aukera izango dutela. Horri begira, elkarrekin abesteko aukera emango die topaketak, baina baita elkarrekin bizitzeko ere, “elkarrekin amaieran abestuko ditugun obra bat edo pare bat prestatzeko aukera ere izango dugu, beste zuzendariengandik, abeslariengandik ikasteko aukera izango dugu, finean”. Esker ona azaldu dio aldundiari Dorronsorok ere “proiektua bultzatzeagatik”.
Palenciak hartu du hitza azkenik. Ohorea dela Landarbasorekin batera lehen gazte abesbatzen topaketaren antolaketan aritzea esan du aldundiaren Gazteria zuzendariak, “Landarbaso abesbatza onenetakoa izateaz gain, erreferentea da gazteen formazioan”. Musika arloa sustatzeko bai, baina hortik harago, gazteen arteko kultura trukaketan ekarpena egingo duela topaketak nabarmendu du, “aukera paregabea da musikarekiko pasioa partekatzeko”.
Igandekoa “puntuala” ez izatea eta denboran zehar errepikatzea espero duela erantsi du Palenciak, “espero dugu topaketa gelditzeko helduko zela”.
Topaketak bi zati
Lehen zatian esperientziak partekatuko dituzte, tailerra egingo dute eta taldeen arteko entsegu bateratuak ere antolatu dituzte. Topaketaren alderdi hori oso interesgarria izan daitekeela parte hartzaileentzat esan dute Dorronsorok eta Tolaretxipik, “beste lan modu batzuk ezagutzeko, beste abesbatza eta zuzendariengandik ikasteko. Topaketaren bigarren zatia, kontzertua da. Parte hartuko duten abesbatzek euren errepertorioa ezagutarazteko aukera izango dute.
Kontzertua igandean izango da, hilaren 7an, Fatima Andra Mariaren elizan, 18:30ean. 500 lagunentzako tokia izango da eta sarrera doakoa da.