Segurtasuna, Aiton Bordan
Hilaren 5 eta 9an pertsonen segurtasuna bermatzeko aholkuak emango dituzte hainbat eragilek, Aiton Bordan bertan.
Segurtasunari buruzko tailerra egingo dute Aiton Bordan, bi egunekoa. Hilaren 5ean eta 9an izango dira saioak, 18:30etatik 19:30etara. Adinekoentzako interesgarri izan daitezkeen hainbat gai landuko dituzte ordubeteko bi saio horietan, den-denak segurtasunaren gaia ardatz dutela.
Lezoko Udalak, Osasun Saileko Bidasoaldeko Sailak, Osakidetzak, Muittu Lezo dinamikak, Ertzaintzak eta Lezoko botikariek (Laboa eta Rodriguez Zarzuelo) emango dituzte beharrezko azalpenak, bakoitzari dagokion arlokoak.
Besteak beste, erorketak prebenitzeari buruz arituko dira saioetan, bai eta segurtasuna bermatzeari buruz ere: sendagaiak hartzean, horiek biltegiratzean, etxeko arriskuak ekiditen, mugitzeko laguntza teknikoetan, iruzurretan, bide-segurtasunean, jarduera fisikoaren garrantzian, oinarrizko ariketetan…
Doan dira bi saioak. Hala, interesa duen edonor joan daiteke horietara.