«Jartzen diogun ilusioak egiten du berezi Landarbaso Trail lasterketa»
Igandean egingo dute Landarbaso Trail mendi lasterketaren hirugarren ekitaldia, Listorretatik 10:00etan abiatuta. 250 lasterkarik hartuko dute parte, horietatik %20 emakumeak.
Jon Balda eta Unai Esnal Landarbaso Trailen antolatzaileak. Landarbaso Trailek hirugarren ekitaldia egingo du igandean. Zein da irakurketa, bete dituzue aurreikuspenak?
UNAI ESNAL: Lasterketa nahiko berria da, 2019an egin genuen lehenengoz, eta gero pandemiak harrapatu gintuen bete- betean. Buelta zalantzekin baina gogotsu egin genuen iaz, eta arrakasta handiz egin genuen lasterketa.
250 korrikalarira mugatuta dago proba. Zer moduz joan da izena ematea?
U. E: Aurten inoiz baino azkarrago agortu dira plazak. Aurreikuspenak onak ziren, aurretik espero genuen jendeak izena ematea eta ez dugu hutsik egin, bete da espero genuena.
ION BALDA: Batzuk dortsal gabe gelditu dira, berandu ibili direlako. Aurten, gainera, izena emateko epea aurreratu dugu. Aurreko urteetan otsaila erdialdean zabaltzen genuen, eta aurten abenduan. Hilabete eta erdian bete dira plazak.
Listorretan hasi eta bukatu, eta 18 kilometroko bidea tartean. Zailtasun handiena zein da lasterketan?
U. E: Azken garbiketa lanak egiten ibili gara aste honetan, eta eguraldi euritsuarekin zaila-zaila Urdaburuko jaitsiera izan daiteke. Irristakorra da, lokatza pilatzen da… Baina tira, mendi lasterketa batean izena ematen duenak badaki hori aurki dezakeela, are gehiago Euskal Herrian. Neurtu beharreko lasterketa da, korri egiteko aukera handia ematen duelako, eta indarrak gorde behar dira amaierarako.
J. B: Aldapa gorak gustuko dituenarentzat aukera ederra. Teknikoena amaiera da, Urdabururen jaitsiera.
Emakume eta gizonen parte hartzean alde handia dago?
U. E: Zenbaki totala kontuan hartuta badago aldea.
I. B: Inguruko mendi lasterketei begiratuta %10-15 inguru izaten da emakumeen parte hartzea. Gurean %20 dira emakumeak. Izena emateko garaian oso kontuan izan dugu hori. Aurreko urteetan emakume gutxiagok eman dute izena gurean. %20ko helburua jarria genuen, eta lortu dugu hori betetzea. Pozik gaude.
Lasterketa txiki, hurbil eta herrikoia dela diozue, baita profesionala ere.
U. E: Taldean korrikalariak gara denak, eta lasterketa guk aurkitu nahi dugunaren ikuspegitik antolatu dugu. Xehetasunetik antolatzen dugu, eta horrek lana dakar. Abenduan hasten gara antolaketarako bilerekin, eta bi astean behin elkartzen gara lasterketa bitartean. Bost hilabetean pendiente gaude: babesleak, izen ematea, ibilbidea, anoa guneak, baimenak… Badu lana.
Altzan lasterketa berria antolatuko dute, Txirrita Trail, eta beraiekin bildu ginen duela aste batzuk laguntza eskatu digutelako. Ohartu gara lasterketaren atzean lan handia dagoela, baina gogo handiz egiten dugu. Urdaburu Mendizale Elkarteko gazte saileko kideak gara, eta boluntarioak eskatzen ditugunean jendeak erantzuten du. Bederatzi gazte ari gara talde eragilean, eta egunean bertan, 80tik gora lagun elkartzen gara.
Aholkurik baduzue korrikalarientzat?
I. B: Eguraldiari begira ari gara. Euri pixka bat ematen ari dira, baina hobetzen ari da aurreikuspena. Euria egitea berdin zaigu, baina gero ez dugu azpiegiturarik Listorretan sortzen den festa eguraldi kaskarrarekin egiteko. Lasterketan aldaketa bat egin dugu: hasierako kilometro erdian, noranzkoa aldatu dugu.
U. E: Gozatzeko gogoz etor daitezela, hori gomendioa. Aparkaleku aldetik lekua mugatua da, eta garraio publikoak ez badu zerbitzua bermatzen ere, autoa partekatzeko eskatzen diegu bertaratuko direnei. Herritarrei, berriz, animatzera hurbil daitezen eskatzen diegu. Bizitasuna ikusleek ematen diote.
Zer du berezia Landarbaso Trailek?
I. B: Korrikalaria zaintzen dugu, mendia eta festa uztartzeko saiakera da gakoa, ibilbidean trikitilariak daude, Aldura gainean txalapartariak aritzen dira, Listorretan hamaiketakoa antolatzen dugu. Erakusten ditugun parajeak zoragarriak dira, gainera. Ibilbide politak, egiten dugun lanak, eta jartzen diogun ilusioak egiten du berezi lasterketa.
