Kurkubi Lezoskt-ren igoera bikoitza Bekoerrotan
Gizonen senior taldeak eta emakumeen kadeteak 2023-2024 sasoian koska bat gorago jokatuko dute, asteburuko garaipenengatik.
Festa atzo arratsaldean Bekoerrota kiroldegian. Kurkubi Lezoskt Saskibaloi Klubaren bi taldek igoera lortu zuten herriko kirol aretoan: gizonen talde nagusiak Gipuzkoako Bigarren Mailarako igoera bere egin zuen Zurrut taldeari 64-38 irabazita. Neska kadeteen taldeak, berriz, Zast Queens 56-19 garaitu, eta Kadete Errendimendu Mailan arituko dira 2023-2024 sasoian.
Gizonen taldearena esperotako garaipena eta igoera izan ziren. Batetik, sasoian zehar ligan nagusitasun osoz aritu direlako. Bestetik, aurrean izan zuten Andoaingo Zurrut taldea euren joko baldintzetarako egokia zelako. Beraz, garaipen erraza lortu zuten Yesilan Kurkubi Lezokst taldekoek, eta orain, Hirugarren Mailako finala izango dute aurrean: larunbatean (hilak 13) jokatuko dute, 16:00etan Bekoerrotan: Take Coach taldea izango dute aurrez aurre.
Bestalde, klubaren osasun egoera oso ona dela berresteko, beste igoera oso esanguratsua: neska kadeteek, partaidetza mailatik, errendimendura igotzea lortu dute 56-19 emaitzarekin gainditu zutelako Zast Queens taldea ligako azken partidan. Sasoi honetan aurrera urrats oso nabarmenak egin dituzte taldekideek, eta horren emaitza izan da igoera.