Bizi-kalitatea "hobetzea" eta "udalaren moduak aldatzea", EAJren programaren ardatz
Oiartzunekin "konprometitutako" hautagaitza aurkeztu du EAJk. Udalean ziklo berria ireki nahi dutela adierazi dute.
Oiartzungo EAJk datozen hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu du. Egun zinegotzi den Janire Mitxelena Lekuona izango da zerrendaburua.
Bi helburu nagusi izango ditu. Alde batetik, oiartzuarren bizi-kalitatea hobetzea. “Herriari jauzi kualitatiboa emateko proiektu berriak gauzatu nahi ditugu”, esan du Mitxelena.
Bestetik, egungo udal gobernuaren egiteko moduetan “ziklo berria” ireki nahi dute. “Ziklo berri” horren ezaugarriak honakoak izango lirateke: “Jarrera eraikitzailearekin, hurbiltasunarekin eta entzutearekin, eta herritar guztiak ordezkatzeko gai izango den udal gobernua nahi dugu, haien adina, jatorria edo sentsibilitate politikoa edozein dela ere”.
“Belaunaldi berri bat ordezkatzen dugu, erronka horiei heltzeko irrikaz dagoena”, gaineratu du Mitxelenak, hautagaitza osatzen duten pertsonen bertuteak goraipatu aurretik. “Lantalde bikaina osatzeko gai izan gara, pertsona zintzo eta profesionalekin, eskarmentu handia dutenak, bai arlo pribatuan, bai kudeaketa publikoan”.
Zerrendaburuaren esanetan, herriarekin “konprometitutako” hautagaiak dira, oiartzuarren beharrak eta erronkak ezagutzen dituztenak.
Aniztasuna
Oiartzungo Alkatetzarako hautagaiak nabarmendu duenez, bera buru duen taldeak “aniztasun handia” du, askotariko adin eta esparru profesionaleko kideek osatzen baitute. “Guztiek komunean dute Oiartzuni etorkizunerako bultzada emateko eta aro berri bati ekiteko bokazioa”, zehaztu du Mitxelenak.
Bukatzear den agintaldian zinegotzia izan da Mitxelena, eta jeltzaleen udal taldeko bozeramaile da. Udalean aritzeak udal errealitatea ongi ezagutzea eraman duela gaineratu du. Bere burua “oso babestuta” sentitzen duela azpimarratu du.
Eskerrak eman dizkie zerrendako kideei, bertan parte hartzeagatik. “Harro nago ibilbide honetan nire ondoan zaudetelako. Eskerrik asko zuen konfiantzagatik, eskuzabaltasunagatik eta Oiartzun hobe bat egiteko pausoa emateagatik”.
Lehentasunak
Oiartzunek “lankidetza handiagoa” eta “jarrera irekia” behar dituela berretsi du, herritarrekin zein eragile eta erakundeekin.
EAJk hori betetzeko baldintzak dituela erantsi du Mitxelenak: “Lantalde sendoa, kudeaketarako gaitasuna duena, baina baita gobernu programa asmo handiko baina errealista bat ere. Udal zerbitzuak indartu eta ekipamenduak eta ingurunea hobetu nahi ditugu, auzoei merezi duten arreta emanez eta pertsonak erdigunean jarriz”.
EAJrentzat lehentasunak zeintzuk diren azaldu ditu Mitxelenak: garbitasuna, energia berriztagarriak, adinekoen arreta, etxebizitza-politikak, natura- eta landa-ingurunea zaintzea edo hondakinen bilketa sistema hobetzea. “Oiartzun oparo, integratzaile, moderno eta jasangarri baten alde egiten dugu, gaur egun faltan sumatzen ditugun ezaugarri horiek izango dituena”, bukatu du.
Zerrenda
- Janire Mitxelena Lekuona.
- Rafael Bergaretxe Urdanpilleta (Independentea).
- Maitane Larruskain Agirre.
- Iñaki Arbelaiz Mitxelena.
- Andres Esnal Escudero.
- Yon Goikoetxea Labaka.
- Lorea Etxabe Cortes (Independentea).
- Lucas Ramon Etxebeste Otegi.
- Maria Aranzazu Aristizabal Portu.
- Miguel Jose Maria Idiazabal Gorrotxategi.
- Iñaki Gezala Oyarbide.
- Mari Carmen Larriba Zamora.
- Jacinto Larburu Lekuona (Independentea).
- Mari Jose Lekuona Etxebeste (Independentea).
- Jose Antonio Sistiaga Legorburu.
- Iñaki Garrido Yerobi.
- Mari Carmen Intxausti Lekuona.