Eta, lortuko balute?
Ereintzaren emakumeen talde nagusiak Ohorezko Zilarrezko Mailara igotzeko igoera fasea jokatuko du asteburuan herrian.
Azken urteetako kirol ekitaldi garrantzitsuenetakoa jasoko du Errenteria-Oreretak asteburuan. Ereintza Eskubaloiaren emakumeen talde nagusiak Ohorezko Zilarrezko Mailara igotzeko fasea jokatuko du bihar (ostirala) hasi eta igandera arte. Hiru eguneko ligaxka izango da, lau taldekoa: Ereintzak Dominicos (Zaragoza, Espainia), Balonmano Sinfin (Kantabria, Espainia) eta San Antonio (Nafarroa) taldeak izango ditu aurrez aurre. Haien kontrako hiru partida jokatuko dituzte errenteriarrek, eta laukotetik lehena gelditzen denak bakarrik lortuko du Ohorezko Zilarrezko Mailara igoera (Espainiako Estatuko emakumeen ligetatik hirugarrena litzateke).
Ereintzaren zuzendaritza batzordeak dei egin die zale den-denei, eta errenteriarrei oro har, Galtzarabordako kiroldegira hurbil daitezen. Ereintzak igoera lortu ala ez, goi mailako eskubaloiaren festa jasoko du herriak. Eta, igoko balira?
Honakoa da igoera fasearen egutegia (partida guztiak Galtzarabordako kiroldegian dira):
Hilak 12, ostirala
- 17:30ean, Dominicos-Balonmano Sinfin.
- 19:30ean, Ereintza Aguaplast-San Antonio.
Hilak 13, larunbata
- 17:30ean, Dominicos-San Antonio.
- 19:30ean, Ereintza Aguaplast-Balonmano Sinfin.
Hilak 14, igandea
- 10:00etan, San Antonio-Balonmano Sinfin.
- 12:00etan, Ereintza Aguaplast-Dominicos.
Oharra: partida guztietarako sarrera doan da. Hala ere, fasearen antolaketaren kostuari aurre egiteko eta Ereintza laguntzeko hainbat zozketatarako tiketak salgai jarriko dituzte.
Aukerak
Jesus Romero Ereintzaren entrenatzaileak adierazi du ilusio handiz eta gogoz aurre egingo diotela igoera faseari. Batetik, taldeak berak sentsazio hori duelako denaren gainetik, bestetik, herriak horrelako kirol ekitaldi bat —eskubaloikoa behintzat— jasotzen ez zuela 13 urte pasatu direlako, Ereintzaren gizonen taldeak orduko hartan ere igotzeko fasea jokatu baitzuen. “Ilusioa eta gogoa bai, baina ez dugu inolako presiorik. Sasoi hasieran gure asmoa zen Euskal Ligako txapeldun izateko borrokan aritzea. Txapeldun izan gara. Orain esku artean duguna gozatzeko saria da. Nola ez, gauzak ondo egin nahi ditugu, baina presiorik gabe”.
Romerok aipatu du igoera fasea herrira ekartzeak lana suposatu diola klubari, prozesu luzea izan dela. “Baina lortu da. Emakumeen kirola indartzeko aukera bezala ikusten dugu igoera fasea herrian izatea. Badaude emakumeen kirolean, herrian, lan handia egiten duten kirol elkarteak, Touring eta Hibaika kasu. Bide horretan eragin nahi dugu guk ere. Emakumeen kirolak gorantz egin dezala nahi dugu. Eta eskubaloia herrian garrantzitsua da, ikusi besterik ez dago Ereintzan dugun harrobia”.
Ligaxkako lehiakideak ezagutzen ditu Romerok, lortu du haien informazioa. “Talde orekatua dela uste dut. Edonork lor dezake igoera ematen duen lehen postu hori. San Antonio Nafarroako bigarren izan da, eta Dominicos nahiz Sinfin Aragoiko eta Kantabriako lehenak izan dira hurrenez hurren. Partidak ere orekatuak izango dira, eta detaile txikietan, une berezien irakurketa egokia egiten erabakiko dira lehiak”.
Hiru partida, hiru egunetan. Oso intentsua izango da igoera fasea. “Baina hiru egunetan hiru partida jokatze hori gure aldeko dela uste dut. Ereintzako taldekideen jokatzeko era oso orekatua da, denek maila oso altua dute, baina parekoa. Ez dugu jokalari erreferentzial nabarmenik. Beste taldeek badituzte. Hortaz, horrek esan nahi du beste taldeetako erreferentziazko jokalari horrek egun txarra badu, arazoak izango dituztela. Zaila da hiru egunetan maila oso-oso altuan aritzea”.
Igoko balira, poztasun izugarri handia izango luketela adierazi du Romerok. Azken sasoietan gora begira baino, beheko postuetatik ihesean izan direla nabarmendu du. Beraz, 2022-2023 sasoian orain arte egindakoarekin, bere horretan, pozez gainezka daudela esan du. “Igoera postua lortzen badugu, uste dut ez dugula arazorik izango hurrengo urtean Zilarrezko Mailan aritzeko. Kostu ekonomiko oso nabarmena suposatzen du maila horretan aritzeak, baina uste dut horri aurre egiteko aukera izango dugula”.