Euskal musikaren hiriburu Musikasteren eskutik
Musikaste Euskal Musikaren Asteak datorren asteartean hasiko du bidea. 51. ekitaldia izango du aurtengoa, eta ekitaldiro egiten duen moduan, honakoan ere, kalitate goreneko artistekin ondu du egitarau zabal bezain aberatsa.

Musikaste Euskal Musikaren Asteak datorren asteartean hasiko du bidea. 51. ekitaldia izango du aurtengoa, eta ekitaldiro egiten duen moduan, honakoan ere, kalitate goreneko artistekin ondu du egitarau zabal bezain aberatsa. Eresbilen egoitzan egin dute aurkezpena gaur goizean Pello Leiñena Eresbilen zuzendariak, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Miren Albistur Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendari Nagusiak, eta Arantxa Arzamendi Andra Mari abesbatzaren zuzendariak.
51 ekitaldi, eta helburu bera: euskal sortzaile eta interpreteak laguntzea, haiek sortutakoak berreskuratuz kasu askotan, baina baita plaza emanez, zabaltzeko. “Ekitaldia gure konpositoreen doinuak ezagutarazteko diseinatu da, bereziki egungo egileak, baina klasikoak ahaztu gabe”, azaldu du Leiñenak. Johannes de Antxieta Gatela-Aragoiko Errege Katolikoen kapera maisu izan zenari egingo dioten omenaldiak emango dio hasiera euskal musikaren asteari, eta Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari Abesbatzak elkarrekin egingo duten emanaldiarekin amaituko da. Tartean, lied, jazz, ganbera musika eta musika garaikideak ezinbesteko lekua izango dute. Abesbatzei ere aitortza berezia egingo diete aurten ere, haiei begira berariaz sortzen duten eguna antolatu baitu Musikastek egitarau barruan.
De Antxietaren heriotzaren 500. urteurrena bete da aurten. Azpeitiarraren obra entzuteko aukera izango da hilaren 16ko kontzertuan, baita bere garaikideena ere. Carlos Mena kontratenorrak eta Manuel Minguillon bihuelistak egingo dute errezitaldi hori, ahots eta bihuelarako transkribatutako lana ezagutzera emateko. Emanaldi hori agustinetako komentuan iznago da. Ez dute ausaz aukeratu, izan ere, 1543 inguruan sortua da komentu hori, eta konpositorearen garaikidea, hortaz. 19:00etan iznago da ikuskizuna eta joan ahal izateko doako autobus bat jarriko dute udalerri erdigunetik irtengo dena.
Jardunaldi didaktikoetan, bestalde, 1.300 haurrek hartuko dute parte. Gainera, Errenteria-Oreretan aurten ospatzen ari den Kilometroak 2023 jaiari ere egin dio keinu Musikastek. Errenteria-Orereta, hendaia eta Ziburuko ikastoletako eta Errenteria Arte Eskolako ikasleek kontzertua egingo dute hilaren 20an, Lekuona Fabrikan. Jon Maya dantzariak egin du gidoia eta Maddalen Dorronsoro izango da zuzendari. Thierry Biscary eta Sua Enparantza artista gonbidatuak izango dira Kilometroak 23ren harira antolatutako emanaldian.
Euskal musikaren hiriburua
Musikasteren ekitaldi berria egi egiteko lanean jardun diren guztiei “esker ona” azaldu die Otaegik, “berriro ere eskaintza ezin hobea daukagulako, berriro ere Errenteria bihurtuko delako euskal musikaren hiriburua. Egia esan herritarrontzat sekulako luxu eta zortea da horrelako eskaintzaz herrian bertan gozatu ahal izatea”. Balioan jarri du gainera, alkateak, Musikaste badela herriko eragileentzat tamainako jaialdi handi batean parte hartzeko aukera, “egiten duzuen ahalegina eskertu nahi dizuet, herriko eragileak parte hartzeko”.
Espazioei ere erreparatu die eta eskerrak eman dizkie antolatzaileei “udalerriko espazio berriak baliatzeagatik”. Azken bi ekitaldietan Lekuonarekin egin moduan, herrian errekuperatutako leku txiki eta xumeagoak ere badirela gogora ekarri du, eta Musikaste horietara ere heldu dela, “ederrak dira leku horiek, eta joan den urtean Azkue memoriala zela eta, saiakera berezia egin genuen Agustinetako komentuko organoa berreskuratzeko eta erabiltzeko moduan jartzeko. Ilusio berezia sortzen dit aurtengo Musikasten Agustinetako komentua espazio bezala dagoela ikusteak, badelako Musikasteren olatu hori, herriaren bazter gehiagotara zabaltzeko saiakera”.
Iturbek bere aldetik Musikaste erreferentea dela esan du: “Horretarako bi gako daude, proiektuari jarraipena ematea da bata, eta jarraipen hori lortzeko ezinbestekoa den egonkortasuna”. Garrantzitsua dela elkarlana nabarmendu du gainera, eta hor kokatu du instituzioen arteko elkarlana. Muasikasteren balioei erreparatu die ondoren Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak: “Inportantea da memoria berreskuratzea eta ez galtzea, eta ez bakarrik hori, baita plazaratzea ere. Johannes de Antxieta omenduko du Musikastek, eta halakoak ezinbestekoak dira herri honetan izan ditugun sortzaileen talentua baloratzeko, egun daukaguna, eta espero dut etorkizunean izango duguna. Ez da bakarrik aipatzea, baizik eta horien lana plazaratu eta lanak ezagutaraztea”.
Sortzaile eta interpreteei egin die aitortza, “edukirik ez badago ez dago erakusterik ezer. Bertan dugun talentua bultzatzea beraz, ezinbestekoa da”.
Abesbatzak izan ditu hizpide Iturbek: “Musikastek beti egin die keinu berezia, esfortzu berezia dago lurralde honetako abesbatzei leku bat emateko. Pozgarria da hori”. Amaitzeko Euskadiko Orekestrak Musikasterekin duen lotura nabarmendu du, “oker ez banaiz 26 urte daramatza Musikasten parte hartzen. Polonian goi mailako jaialdi batean izan da, baina ez da horretara mugatzen, beste maila batzuetan ibiltzen da. Jarrera hori ere eskertu behar da”.
Publiko berriarengana heldu
Bi emanaldi egingo dituela Andra Mari Abesbatzak Musikasteren barruan jakinarazi du Arantxa Arzamendik Andra Mari Abesbatzaren presidenteak: Abesbatzen egunean izango da lehena, eta Musikaste ixteko izango da bigarrena. “Nabarmendu nahi dut zuzendari gazte bat izango dugu gonbidatu koruen egunean—hilaren 26an izango da hori—, Laida Otadui. 29 urte ditu, adituen artean ezaguna da, baina ez hainbeste publikoaren artean. Abesbatzak zuzentzeaz gain, konpositorea ere bada donostiarra”. Aurtengo Musikasteri bi erronka jarri dizkiola Andra Marik esan du, “urtean zehar abesbatzetan egiten den lan isila plazaratzea, eta publiko berria lortu nahgi dugu, eta aurten gazteei dei egin nahi diegu azalaraziz jende gaztea ere badagoela abesbatzen, musika eta ahotsen munduan”.
Agerraldia amaitzeko programa aletu du Leiñenak, eta sarrerak dagoeneko eskuragarri daudela jakinarazi. Eresbil fundazioaren egoitzan (Alfontso XI, 2) Lekuona Fabrikan, edota emanaldiak izango diren aretoetako leihatiletan kontzertuak baino ordubete lehenago. Online ere eros daitezke. Emanaldietako sarrerak 5 euro balio dute, abesbatzen eguneko emanaldia eta amaiera egunekoak izan ezik, horiek 7 euro balio dute.
Hemen klik eginda hilaren 16tik 27ra ondu duten egitaraua osorik kontsulta daiteke.