"Lezo hobetzeko" programa aurkeztu du PSE-EEk
50 proposamen baino gehiagoko bideorria aurkeztu du Joxean Sanchez Lezoko PSE-EEren alkategaiak. "Berme" direla adierazi du.
Lezo hobetzeko lemapean, maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako prestatu duten asmoen zerrenda edo programa aurkeztu du Lezoko PSE-EEk. Bertan 50 proposamen baino gehiago daude jasota, “pertsonal eta auzoak unitate zentralak dira”, azaldu du Joxean Sanchez alkategaiak.
Ardatz nagusiak, sozialistak azaldu duenez, herritarren parte hartzea, zerbitzu publikoen hobekuntza, tokiko merkataritzarako laguntzak, auzoetarako birgaitze lanak egiteko planak osatzea bizikidetza espazioak sortuz, eta gizarte zerbitzuen atala indartzea izango dira. “Ez dira promesak soilik. Ziur gaude hurrengo legealdian bete ahalko ditugula, eta hala hitzematen dugu”.
Ardatz nagusiak aipatuta, Lezoko PSE-EEk hauteskundeetan izan dezakeen protagonismoaren gaineko gogoeta egin du Sanchezek. “Berme” direla adierazi du, “zortzi urteotan udalerriko udal gobernua eratzen jaso dugun esperientziari esker”. Hori baieztatzeko, agintaldian egindakoak oroitarazi ditu sozialisten buruak: ” Ingurumeneko departamentuaren buru izan gara eta, eta aurreko agintaldian, Ekonomiaren Garapeneko zinegotzi izan naiz. Beraz, zortzi urte horietan kudeaketa lanetan jardun dute eta Lezon gertatzen denaren jakitun daude”.
Xehetasunak
Planteatutako ardatzen gaineko zehaztasun gehiago eman ditu Sanchezek. Gizarte zerbitzuen arloan, eguneko zentroko plazen kopurua eta tutoretzapeko etxebizitzena handitzea proposatu du. Osasun mental arazoak dituztenak laguntzeko, bakardadearen aurka borrokatzeko, eta zahartze aktiboa sustatzeko neurriak iragarri ditu.
Inbertsioetan, honakoak aipatu ditu: “Erabilera anitzeko kultura eraikin bat eraikitzea sustatu nahi dugu, Altamirako parkea leheneratu, kiroldegia birgaitu, edo Zubitxo eta Arretxeneren artean igogailu bat eraiki”. Bidegorri sarea osatzearen alde agertu du PSE-EEko kidea, “horretarako, industrialdeei eta landa auzoei zerbitzu emango dien Lezo-Gaintxurizketa bidegorri bat gauzatzea dugu helburu”.
Joxean Sanchezen iritziz, 2023-2027 legealdia “jasangarritasunaren eta mugikortasunaren” legealdia izango da; beraz, alkategaiak “erkidego energetiko bat sortzearen, klima aldaketara egokitzeko plan bat prestatzearen eta eraginkortasun energetikoaren aldeko apustua” egin du. Hondakinak birziklatzeko hobariak ezartzearen eta mugikortasun plana gauzatzearen aldekoa da aldi berean; azken horretarako, aparkaleku plazak berrantolatzea eta berriak sortzea proposatu du.
Gazteak ere aintzat hartu ditu, bere hauteskundeetarako eskuliburuan, PSE-EEk. Gaztegune bat sortzea, etxebizitzak alokatzeko laguntzak, enplegu-programa berezi bat, bai eta ekintzailetzarako laguntzak ere jaso ditu programan.
Berdintasunaren alorrean Emakumeen Etxea egikaritzea proposatu du sozialistak. “Tratu berdintasunerako eta sexu aniztasunerako programa bat sortzea sustatuko da eta, horretarako, halaber, hurbileko merkataritza suspertzearen eta udalerriko lehen sektorearen aldeko apustua egingo da”, nabarmendu du.