Jantzien zentroan Habianen egoiliar direnen lanak daude ikusgai
Gaur egin dute inaugurazioa, eta egoiliarrak diren artistek haien artisau eta artista ibilbidearen eguneraketa egin dute, haien obrekin batera.
Jantziaren zentroan Torrekuan gauzatzen den Habianen egoiliar diren artisten erakusketa bat ireki dute gaur. Artisautza eta kultura eta sormen arloa bultzatzeko “inkubagailutik” atera dira Marta Marek eta bere proiektu Marta Sensorial; Ruben Pantiga eta bere proiektu Kibo Moda Consciente; Saioa Matxain eta bere marka Sai-suo; Jaizki Bakaikoa eta bere bilduma; Ainhoa Ibarguren eta bere marka Aph joyeria; eta Elena Ranz Rodriguez eta bere marka Kaisho.
Aurkezpenean Aizpea Otaegi Errenteria-Oreretako alkatea egon da eta hitza hartu du: “Oso garbi ikusten dugu konbikzio eta determinazio handia behar dela horrelako proiektuekin aurrera egiteko”. Artisauen lanaren esfortzuan jarri du balioa alkateak eta hori herritar guztiek jakin behar lukeela “gure begirada eta kontsumitzeko gure formak aldatzeko”.
Jarraian, artista eta artisau bakoitzak bere ibilbide profesionalaren azalpenak eman ditu eta, era berean, gaur Jantziaren zentroan erakusgai jarri duten proiektuaren nondik norakoak zehaztu dituzte.
Marta Marekek zentzumen jostailu didaktikoak egiten ditu eta aurretik beste hainbat sektoretan lan egindakoa da. Bere txokoan berak sortutako jostailuez gain, jostailuz osatutako mural koloretsu bat ere jarri du. Gainera, Ranzekin kolaborazio bat egin eta beste mural bat sortu dute bien artean, Ranzen estanpatu batean oinarrituta.
Ruben Pantiga 2008tik dabil lanean oinarri hartuta modak ingurumenean eragiten duen kaltea. Bide horretan, Kibo Moda Consciente marka sortu zuen eta gaurkoan eskultura eta mural arteko nahasketa bat, eta arropa sorkuntza bat eraman ditu erakusketara. Horrez gain, bere aurkezpenean Brenda Chavez kazetariak moda ez jasangarria egiten dutenek jantzi bat egiteko behar dituzten baliabideen datuak ekarri ditu.
Saioa Matxainek jantzi erakusketa bat aurkeztu du Jantziaren zentroan izan den laugarren aldi honetan. Ikus daitezkeen Sai-suo markako jantzien bilduma oraindik ez duela amaitu azaldu du Matxainek eta udazken- negu aldera guztiz aurkezteko asmoa adierazi du, “nire lan guztiak atenporalak izaten dira”, nabarmendu du. Azken lau urteetan egin dituen erakusketetan bildumak errepikatu dituela batzuetan gogoratu du, “ez ditut bildumak denboraldika sortzen, inspirazioaren arabera sortzen dut”.
Ainhoa Ibargurenek bitxi bilduma bat aurkeztu du eta azpimarra jarri du bitxiak egitearen artisautza lanean. Bere sortze prozesuaz aritu da hitz egiten eta pieza handiak egitera ohituta dagoela aipatu du, baita ere gaur aurkeztu dituen piezak arkitekturan eta forma kurbatuetan oinarritutakoak direla. “Aph markako bitxi eta eskulturen helburua dotorezia eta berezitasuna bateratzea da, bitxi esklusiboak sortuz”.
Elena Ranz Rodriguezek kaisho marka pean sortutako haurrentzako bainujantziak eta jantziak aurkeztu ditu. Berezitasuna haurra hazten den heinean haren gorputzera moldatzen dela jantzia da eta, horrez gain, erabilitako materiala “eco-friendly” dela baieztatu du artisauak. Esker bereziak eman dizkio Oarsoaldea Garapen Agentziari proiektuari emandako babesagatik. Azkenik, Jaizki Bakaikoaren azken jantzi bilduma ere jarri dute ikusgai, baina artistak ezin izan du bertaratu.

