Apur bat askeagoa, apur bat ahaldunduagoa, apur bat feministagoa
Emakumeen Etxean berdintasun Politiken gaineko mahai ingurua antolatu zuen atzo Berdintasun Kontseiluak. Mahaiaren bueltan maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara hautagaitza aurkeztu duten alderdi politiko guztietako ordezkariak.
Emakumeen Etxean berdintasun Politiken gaineko mahai ingurua antolatu zuen atzo Berdintasun Kontseiluak. Mahaiaren bueltan maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara hautagaitza aurkeztu duten alderdi politiko guztietako ordezkariak. Hiru emakume eta bi gizon; lau alkategai, eta zerrendakide bat. EH Bilduren alkategai Aizpea Otaegi, PSE-EEren zerrendan hirugarren postuan doan Iñaki Ruiz, EAJren alkategai Elixabete Murua, Elkarrekin Errenteriako alkategai Maite Gartzia, eta PPko alkategai Antonio Vicente.
Mahai inguruak ez zuen, entzule aldetik, 2019an lortutako oihartzun zabala jaso atzokoan. Orduko hartan lehen aldiz antolatu zuten, eta lepo bete zen Emakumeen Etxea. Zabaldu berriak zituen ateak Emakumeen Etxeak, eta hura ezagutu eta bertaratzeko jakin nahia piztuta hurbilduko ziren ziurrenik 2019an entzuleetako asko. Aukera zegoen, lehenengoz Errenteriaren historian, emakume alkate bat izateko. Ez dago jakiterik horiek jakin-mina areagotu zuten edo ez, baina atzoko saioak ez zuen duela lau urtekoak izan zuenaren sona izan. Haatik, bigarren aldiz Berdintasun Kontseiluak zabaldu duen eztabaidarako espazio horrek berebiziko garrantzia du; bertan aletu zituzten gutxi-gehiago alderdi bakoitzeko ordezkariek berdintasun politiketan euren proiektuek aurreikusiak dituzten politikak eta neurri zehatzak.
Luze jo zuen mahai inguruak, ia bi ordu, eta lau gairi erantzun behar izan zieten alderdi politikoetako ordezkariek. Berdintasun politiketan dituzten proposamenak azaldu zituzten, Emakumeen Etxearen ibilbidearen balorazioa egin zuten eta etorkizuneko erronkak azaldu, agintaldi honetan ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek aho batez onartu zuten III. Berdintasun Plana ere izan zuten hizpide, eta azkenik, mugimendu feministarekin duten harremanaren osasun egoerari termometroa jarri zioten.
HITZAk lehenengo galderaren bueltan ordezkari politikoek egindako proposamenak jaso ditu erreportaje honetan.
Eztabaida gidatzen, zorrotz bezain bikain, Arantxa Iraola Berriako kazetari errenteriarra. “Errealitatearen gordinak ardaztutako eguna” izan zela atzokoa nabarmendu zuen Iraolak eztabaidari hasiera eman aurretik, “Orioko albisteak asaldatuta gaude denak, berdintasun faltaren sintomarik argienarekin topo egin dugulako berriro ere egun hauetan”. Lourdes del Hoyoren hilketa matxistari egin zion erreferentzia Iraolak.
Herri feministagoa eta Berdinzaleagoa helburu
Berdintasunean hazten jarraitzeko datozen lau urteetarako dituzten proposamenez aritu ziren bost ordezkariak. Otaegik hartu zuen hitza lehenik, eta esker ona azaldu zion Berdintasun Kontseiluari, “halako plazak zabaltzeagatik jendearen aurrean bakoitzak ditugun proposamenak azaltzeko aukera ematea oso garrantzitsua delako. Nabarmen gelditu da, bestalde, matxismoak eta homofobiak kolpatutako aste honetan eztabaida hauen eta berdintasunaren politika publikoen premia”.
Udalak bide orri bat badaukala berdintasun politiken arloan nabarmen jarri zuen, eta horren lanketan jardun dutela azken lau urteetan, “agintaldi honetan ahalegin handia egin da bide orri hori edo berdintasunerako plan hori lantzen, modu berezitu batean egin delako. Berdintasun planak duen ardatz bakoitzari lanketa espezifiko bat eskaini diogu”. Horrek ardatzetako bakoitza sakontasun handiagoz eztabaidatzea ekarri duela nabarmendu zuen EH Bilduren alkategaiak, “eta proposamenetara iristeko garaian, proposamen zehatzagoak, eta seguru aski, eraginkorragoak egiteko gai izango garela suposatuko du horrek”.
Koalizio subiranistaren konpromisoa bide orri horren garapena da, hortaz, “baita plan hori eraginkorra izatea berdintasun politiketan aurrera egiteko ere, gero eta herri feministagoa eta berdinzaleagoa edukitzeko”. Plana bera lantzeko moduari ere erreparatu zion koalizio subiranistaren alkategaiak, “landua izan den moduarengatik, plana betetzea, mugimendu feministarekiko daukagun konpromisoa da, mugimendu feministak ere zer esan handia izan duelako, noski, lanketa horretan. Herritar guztiekiko hartu dugun konpromisoa da”.
Alderdiaren anbizioa dela, hain justu, plangintzarekin aurrera egitea azaldu zuen Otaegik, eta hori argituta hauteskunde programan berdintasun politiken arloan txertatutako proiektuak aletu zituen. Horien barruan honakoak: Indarkeriaren esparruan Udaltzaingoan indarkerian espezializatutako profilak sortzea, erreferenteak izango direnak indarkeria kasuak kudeatzeko. Indarkeriarekin lotuta ere, iazko madalenetan egin zen lanketa sakona erasorik egon ez zedin jaien testuinguruan, herrian egiten diren ospakizun guztietara eramatea, baita auzoetako jai guztietara ere.
Emakumeen etxearen zabalkundea programa politikoan jasotako beste neurri bat da. “Zabalpena eta hedapena bi zentzutan ulertuta; alde batetik, fisikoki, taberna gisa aurreikusi zen espazioa, denborarekin ikusi da beharrezkoa dela etxearen beraren dinamika garatzeko, eta hortaz, behar diren obrak egitea proposatzen dugu espazio hori etxearen logikan txertatzeko. Bestetik, planteatzen dugu, hemen gertatzen den hori guztia hemen ez geratzea, eta auzoetara zabaltzea. Horretarako auzoetan dauden emakume taldeen egituraketa guztia baliatu behar dugu, baina adostuko da nola egin”.
Bukatzeko, ekonomiaren arloan feminizatutako esparruak duintzeaz hitz egiten dela jarri zuen mahai gainean Otaegik, eta hor etxeko lanetatik hasi behar dutela uste duela nabarmen utzi zuen, “baditugu udaletxean azpikontratatutako oso feminizatutako esparruak. Nahiko genioke heldu horri behingoz, eta publifikazio prozesu bat abiatu”.
Indarkeria matxista ezabatu
PSE-EEko zerrenda kide Iñaki Ruizek ere esker ona adierazi zuen gonbidapenaren harira atzoko mahai inguruan parte hartzeko, “hirugarrena naiz zerrendan, baina finean, ni izan naiz PSE-EEren ordezkari berdintasun gaietan lanean udalean”. Berdintasunaren alde dagoen udalerria eta indarkeria matxistarik gabekoa nahi dutela esan zuen sozialistak, eta horretarako hainbat helburu zehaztu zituen: “Indarkeria matxista ezabatu, sentsibilizatu eta biktimak ahaldundu, eta babestu”.
2007ari begira jarri zen Ruiz, eta lehen berdintasun diagnostikoa orduan egin zuela udalak esan zuen, “helburua gaur egun gauden hau, Emakumeen etxea, egi bihurtzea zen”. Emakumeen Etxea indartzea duela helburu bere alderdiak erantsi zuen, baita Berdintasun Kontseilua berrikustea, “hamahiru urte joan direlako onartu zutenetik. Hala nahi izanez gero, gure alderdia aldaketa hori egiteko prest legoke, beharrezkoa ikusten bada”.
Berdintasun saila indartzea ere proposatu zuen sozialistak, “errekurtso gehiago emanez, langile gehiago, eta diru gehiago berdintasun politikak sustatzeko bideratuta”. Berdintasun politikak martxan jartzea, emakumeen ahalduntzea sustatzea lan munduan, ekintzailetasuna sustatzea, eta emakumeen parte hartzea bultzatzea udalerriko ekonomia ehunaren sektore ezberdinetan, proposatu dute , gainera. Baita neurriak ezartzea ere soldata arrakala murrizteko. Koordinazio instituzionalerako neurriak indartzea ere aurreikusi dute, gizarte zerbitzuetan lehen arreta indartzearekin batera “detekzioa egin, eta babesa eta arreta emateko indarkeria matxistaren biktimei.
Berdintasuna modu kolaboratiboan landu
EAJren alkategai Elixabete Muruak ere eskerrak eman zituen bere interbentzioa hasi bezala mahai inguruan parte hartzeko aukera eskaintzeagatik. Berdintasuna oinarrizko eskubidea dela nabarmendu zuen jeltzaleak, eta hala izanik, ordezkari publikoei dagokiela hori bermatzeko politika publikoak garatzea. Aurrera egin dela azken urteetan, baina hela ere, ez dela nahikoa nabarmendu zuen Muruak, asko dagoela oraindik egiteko.
Egiteko horren barruan, zer eta nola egin garrantzitsua dela gaineratu zuen. Horren harira, bere alderdiak berdintasuna modu kolaboratiboan lantzea proposatu duela nabarmen jarri zuen, “herritarrekin eta elkarteekin partekatutako koogobernantzan, beste erakundeekin batera ere”.
Proposamen zehatz batzuk aipatu zituen ondoren. Honakoak ekintzak: Erantzunkidetasuna indartzea gizarteko esfera guztietan gako da jeltzaleentzat, baita kontziliazio neurriak hartzea ere, “ordutegiak egokitzea proposatuko genuke udal eremuan, baita merkataritza eta ostalaritzan ere”. Kiroldegi eta kultur etxeetan ludotekak planteatu ditu, bestalde, EAJko alkategaiak. Indarkeria matxistari begira, berriz, kontzientzia sortzea aipatu zuen, “ezin dugu urrats bat atzera egin”, eta horren harira, gakoa izango dela gazteak kontzientzia: “Indarkeria matxista ez da bakarrik emakume bat jotzea, lehenagotik hasten da, eta hori identifikatu beharra dago ahalik eta azkarren salatu ahal izateko, eta neurriak hartzeko”.
Eremu segurua programa era aipatu zuen merkataritza eta ostalaritzan, “denok izan dezagun aukera gure aisialdian disfrutatu ahal izateko libre”. Azkenik, hirugarren berdintasun plana garatzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuen, “ezinbestekoa delako berdintasun erreal hori lortu ahal izateko”.
Pertsonak erdigunean
Maite Gartzia Elkarrekin Errenteriako alkategaiaren txanda heldu zen ondoren. Berak ere esker on hitzak izan zituen mahai ingurua antolatu duen Berdintasun Kontseiluarentzat, iniziatibagatik, “mahai inguru hau tresna indartsu eta positiboa iruditzen zait herritarrek ikus dezaten zer proposatzen dugun eta zer egin nahi dugun gure herrian”. Berak ordezkatzen duen hautesle elkargoak, hasieratik “pertsonak erdigunean” jarri dituela nabarmendu zuen moreen alkategaiak, “horregatik gure programak neurri zehatzak ditu eta transbertsalak. Hirugarren berdintasun plana martxan dagoela eta oso potentea dela egia da, eta bat egiten dugu bertan hartu diren neurri guztiekin. Horiekin batera, beste neurri batzuk ere proposatu ditugu gure programa politikoan”.
Horietako neurrietako batzuk aipatu zituen segidan. Bidaiariak nahi duen lekuan gelditzeko aukera izan dezan neurriak hartzea garraio publikoan; Emakumeen Etxearen hedapena, “ikusi baitugu zein garrantzia duen espazio honek eta txikia gelditzen ari zaigu, zabaltzea espazioa, eta gainera, espazioa auzoetara eramatea garrantzitsua iruditzen zaigu, badaudelako emakumeak, edozein arrazoi medio, ezin dutenak honaino hurbildu. Emakumeen etxe txikiak sortzea da planteatzen duguna beraien artean harremanean daudenak”.
Espazio publikoetan, kiroldegiak, Lekuona, Fabrika, Gaztelekuetan… puntu moreak jartzea da beste proposamena, “berdintasun politiketan egiten den lan guztia inguru ezberdinetara eramatea da helburua”. Puntu moreak baita auzoetako jaietan, eta ekitaldi handietan ere; bono soziala emakumeentzako higiene produktuak erosteko.
Zeharkako neurrien barruan, berriz, herriko puntu ilunen diagnostikoaren berrikusketa eta eguneraketa planteatu zuen Gartziak; emakumeak kirolean ikerketa egitea, seinalitika ez binario izango duten komun publikoen ezarpena; enplegu maskulinizatuetan, zein maskulinizatu gabekoetan, emakumeen aldeko diskriminazio positiboa; emakumeen autoenpleguaren pizgarri izango diren laguntza neurriak; Udaltzaingoaren formazio zehatzagoa erasoen biktima diren emakumeak artatzeko; indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arretarako protokoloa berrikustea; eta espazio seguru eta atseginen sorrera.
Hitzarmen bidezko adostasuna
Antonio Vicente izan zen hitza hartzen azkena. Hark ere eskerrak eman zizkion Berdintasun Kontseiluari eta Emakumeen Etxeari. Gizon eta emakumeen aukera berdintasuna “ezinbesteko helburu” dela gizartea eraikitzeko defendatu zuen popularrak, “berdintasun errealean urrats ikaragarriak egin ditugu berdintasun politiketan, baina bidea ez da amaitu. Zama handiena lana eta familia kontziliazioan dago, emakumeen gainean da alderik zamatsuena beti, eta lan munduan ezberdintasun ugari dago. Gizarte berdinzaleago bat, konpetitiboagoa da emakumeak lan munduratzean, guztien gaitasun eta talentuak aprobetxatzen ditugulako. Berdinzaleagoa den gizarte bat, justuagoa da. Genero indarkeria adierazgarririk ankerrena da, eta eraso nabarmena emakumeen eskubide, integritate eta duintasunaren aurka. Popularren helburua beraz, emakume eta gizonen berdintasun efektiboa lortzea da lehentasun argi batzuekin: lana, ardura partekatua, eta genero indarkeriaren kontrako borroka”.
Hitzarmen bidezko guztien adostasuna da gakoa popularraren ustez, gainera, ” baita erakundeen artekoak. Bertatik eratorriko da egun arreta integralerako dauden sareen indartzea. Ezinbestekoak dira, halaber, hezkuntza arloan egindako prebentzio neurriak baita gizarte sentsibilizazioa ere. 18 urte arteko gazteen artean hazi da gehien indarkeria matxista, heziketan gehiago sakondu beharko genuke, hortaz. Eskuko telefonoaren erabilera murriztu beharko genieke, youtuberrek hazi ez ditzaten”.
Guztien erantzun txanda amaituta, tarte bat zabaldu zuen Iraolak ordezkari politikoek hitza hartu zezaten. Otaegik eta Ruizek hartu zuten.
Aurrekontua seikoiztuta hamabi urtean
Berdintasun politiketan Errenteriako Udalak egiten duen inbertsioa izan zuen Hizpide Otaegik, “esanguratsua delako. 2011tik 2023ra, sei aldiz biderkatuta da inbertsioa berdintasun arloan, eta hazkunde hori berdintasun politiken alde agintean daudenek egindako apustuaren erakusgarri da. Hala ere, aurrerantzean, inbertsio hori handitu beharko da plana martxan jartzeak suposatzen duenari erantzuteko. Konpromiso erabatekoa erakutsi nahi dut”.
Gobernantza eredua aipatu zuen, bestalde, koalizio subiranistaren alkategaiak, “modua ere garrantzitsua delako. Guretzako aholku kontseilua ezinbestekoa izan da sorreratik partekatutako espazioa delako herritar, mugimendu feminista eta instituzioaren artean. Elkarrekin planifikatu dugun markoaren barruan zer lehenetsiko dugun erabaki dugu denon artean. Horren harira, kezka sortu dit alderdi sozialistak araua berrikusi edo berritzeko egin duen proposamena. Uste dudalako, udalerriko kontseilurik erreferentzialenetako bat dela Berdintasun Kontseilua, ez bada erreferentzialena”.
Ruizek argitu nahi izan zuen puntu hori, “hamahiru urte pasa direlako planteatu dugu, mugimendu feministak ikusten badu komeni dela berritzea, ez dugu esan berritu behar denik”. Galdera zehatzago egin zion Otaegik, “aldatu beharreko edo hobetu beharreko ahaltasunik, edo akatsik ikusten diozue kontseiluari?”. Ez dutela akatsik edo ahulgunerik ikusi esan zuen Ruizek, “eguneratzea beharrezkoa ikusten badu mugimendu feministak prest gaudela esan nahi nuen besterik gabe”.
Luzeago jo zuen eztabaidak eta interesgarri oso. Nabarmen gelditu zen atzokoan bidea luzea bada ere, Errenteria-Oreretak urratsak aurrera egin dituela, eta zalantzarik gabe herri berdinzaleagoa dela. Argi gelditu zen ere, mugimendu feminista instituzioaren eskutik, edo hobe esanda, instituzioa mugimendu feministaren eskutik ari dela bidea egiten, alderdi guztiek aitortu moduan, amets duten indarkeria matxistarik gabeko udalerria eraikitzeko; bada elkarlana, bada konplizitatea, eta bada sarea.
Bide luzea dago aurretik, estrukturala den gaitza errotik ezabatzeko, baina urtez urte, apur bat askeagoa, apur bat ahaldunduagoa, apur bat feministagoa da Errenteria-Orereta, eta horretaz asko daki, ateak zabaldu eta lau urtera, oraindik ere, bertaratzen diren emakumeak lehen eguneko usain berberarekin goxo hartzen dituen Emakumeen Etxeak; batzuentzat topaleku, beste batzuentzat babesgune… guztientzat arnasgune. Hori inoren lorpen izatekotan, urte luzeak borrokan daraman mugimendu feministarena da.