Eskola Kirolan, triatloia Errenteria-Oreretan
Jardunaldi berezia biziko dute Oarsoaldeko Eskola Kirolan dabiltzanek: triatloia egingo dute Fanderia inguruko hainbat eremutan.

Eskola Kiroleko jardunaldi berezia izango dute larunbatean Oarsoaldeko ikastetxeetako haurrek: triatloia egingo dute Errenteria-Oreretan. Oarsotri Triatloi Taldeak antolatu du jarduera, eta 600dik gora neska-mutil espero dituzte.
Triatloia: igerian, bizikletan, eta lasterka ibili beharko dute partaideek. Zehazki, Fanderiako igerilekuan 50 metroko saioa, bizikletaz 1.400 metro (Fanderian), eta lasterka 650 metro egingo dituzte partaideek. Han izango diren haurrei, beraz, beharrezko izango duten materiala erabiltzeko eskatu diete: igeriketarako txankletak, txanoa, bainujantzia eta betaurrekoak; bizikleta saiorako kaskoa, elastikoa, zapatilak eta bizikleta; eta korrika egiteko kamiseta eta zapatilak. Kontsigna (motxilak uzteko gunea) Fanderiako pilotalekuan jarriko dute.
Modalitate artean, bi trantsizio izango dira: igeriketatik txirrindularitzara, eta txirrindularitzatik lasterketara. Bitarte horietan batetik bestera joateko ekipamendu aldaketa egin beharko dute.
Partaideak ez dira bakarrik egongo Fanderia inguruan egingo den jardueran, Oarsotriko kideak bidean lagun izango dituztelako, baita Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolako (OTXE) lagunak ere, bizikleten arlo teknikoan laguntzen.
Trafikoa eta igerilekua
Eskola Kirola egitasmoko jarduera dela-eta Fanderiako eremuan batik bat trafikoan aldaketak izango dira. Adibidez, txirrindularitza probak egingo diren zirkuitua itxita izango da larunbateko (hilak 20) 07:30etik 15:00etara. Horrek esan nahi du, autoek ezin izango dutela bertan aparkatu ostiraleko 22:00etatik larunbateko 15:00ak arte. Jarduerara joango direnei eskatu diete bizikletaz edo oinez hurbil daitezela Fanderia aldera.
Kirolari gazteek igerilekua behar dutenez, Fanderiako igerilekua publiko orokorrarentzat itxita izanen da larunbateko 09:00etatik 14:00etara (bertako gainerako guneak zabalik izango dira). Horregatik, haurrentzako igeriketa ikastaroak Galtzarabordako kiroldegira lekualdatu dira.