Trintxerpe-Illunbe Arraun Elkartea babestera elkartuko dira
Portuan duten egoitza eraitsi nahi dutelako, desagertzear da kirol elkartea. Elkarretaratzea egingo dute larunbatean, 13:00etan.
Pasaiako Portu Agintaritzaren asmoa da Trintxerpe-Illunbe Arraun Elkarteak portuan duen egoitza eraistea, trenbide bat egin nahi delako eremu horretan. Horrek, arraun elkarteko zuzendaritzak azaldu duenez, kluba desagertzeko arriskuan jarriko du. Horren aurrean, arraun elkarteak elkarretaratzera deitu ditu herritarrak larunbaterako (hilaren 20rako): 13:00etan izango da mobilizazioa, Gernika plazan.
Hainbat talde eta eragilek jada adierazi dute bertan izango direla. Norbanakoen babesa ere jasotzen ari dira, askorena. Hala, dagokienei mezu garbia zabaldu nahi diete arraun klubeko kideek: Trintxerpeko arrauna bizirik manten dadin, alternatibak behar dituzte.