"Euskara tresna politiko gisa erabiltzeari uztea gustatuko litzaidake"
Gaur egun PPk ez du ordezkaritzarik Pasaiako Udalean. Haren jardun politikoa alkategai gisa abiatuko du Joana Arce zerrendaburuak.
1. Zergatik bozkatu behar zaitu jendeak zu?
Ni ez naiz pasaitarra, baina egia da pila urte daramatzadala eskalatzen Pasaian, lagunak ditut bertan, eta beraz, nire bizia lotuta dago hein handi batean Pasaiarekin. Aukera eskaini zidaten alderdia [PP] ordezkatzeko, eta jo, uste dut Pasaiak gauza on asko dituela, baina zerbait gehiago egitea posible dela.
Bozkatu, bada, ez nieke Pasaitarrei botoa eskatuko. Uzteko eskatuko nieke, utz diezadatela frogatzen zer eman dezakedan, eta lau urte pasata, nahi badute, bozkatzeko nire alde. Badirudi kezka galanta dagoela orain udaletxea nahiko hermetikoa delako, eta nahi dudana da pasaitarrengandik hurbilagoa egitea udala.
2. Alkatetzara iristekotan, zein izango litzateke hartuko zenukeen lehen neurria?
Alkate izatekotan egingo nukeen lehen gauza nire ateari krisketa kentzea izango litzateke. Lau urte daramatzagu kezka izanda udaletxearen hermetismoa, eta kristorena da kezka hori Pasaian.
Egia da pila gauza daudela egiteko, baina lehendabizi ireki atea, egon pasaitarrekin eta jakin zein den errealitatea, zer behar duten… Ez bulegoan, baizik eta kalean. Hori niretzako super garrantzitsua da.
3. Eta barrutiz barruti, zer falta du bakoitzak?
Trintxerpetik hasiko naiz. Uste dut udalaren partetik ahaztuen dagoen barrutia dela. Egia da badaudela Andonaegi bezalako proiektuak martxan, baina ez dute bizilagunek behar duten abiadurarekin aurrera egiten; oso-oso mantso doaz. Dauden proiektuak ondo daude, baina abiadura garrantzitsua da.
San Pedron, auzotarrak alde batera utzi gabe, Lonjako obra amaitu ondoren, oinezkoentzako gunearen obra hori egin behar da. Batez ere espazio berdeak dira behar direnak; ez bakarrik hormigoia eta plazak, baizik eta bilatu behar dira zuhaitzak eta berdea, beste norabide bat, Pasaian dena baita hormigoia. Azterketa sakon bat ere egin beharko litzateke aparkaleku arazoa konpontzeko.
San Juanen saneamendua, zalantzarik gabe. Hitz egiten dugu saneamenduaz etorkizuneko proiektu bat bezala, eta niretzako ez da etorkizuneko proiektu bat, funtsezkoa da, eta dagoeneko eginda beharko lukeen zerbait. Orain onartu da fase bati ekitea, baina guretzako inportantea da dena egitea, ez daitezen parte batekin hasi, eta gero bestea ahanzturan gelditu.
Antxon, topoaren lanak amaitu ondoren, San Pedroren berdina: sortuko diren espazio berri horietan gune berdeak sortu behar dira. Antxoko elkarteekin proiektuak ko-gobernantzan egin behar dira, arazoa eta kezka berdina baita Antxon, hermetismoa. Pila bat bilera egin nahi dituzte, baina beti gelditzen dira egin gabe.
Horrez gain, Antxon badaude gune berde batzuk, baina ez daukate sarbiderik. Proposatzen dut sarbideak sortzea espazio berde horiek aprobetxatzeko; gero egingo dugu ikerketa super erraldoia sortzeko espazio berde gehiago, baina jada badaudenak aprobetxatu egin behar dira.
Eta gero, trenbideak. Badago proiektu bat trenbideak murrizteko eta geltoki berria eraikitzeko, baina berriz ere erantzunik gabe gelditzen ari da. Ikerketa hori eginda, badaude aukerak Nafarroa etorbidean leku piloa irabazteko, eta uste dut garrantzitsua dela hori.
4. Biziberritzeaz asko hitz egiten da Pasaian. Egoki gertatzen ari al da hori?
Egia esanda, bi hamarkada baino gehiago daramatzagu Pasaiaren biziberritzeaz hitz egiten. Nik uste, azkenean, beti izaten direla betetzen ez diren proiektu eta promesak. Dirutza pila bat dirudi dagoela beti Pasaiarako, baina errealitatean gero ez da hori ikusten. Beraz, argi dago modua ez dela egokia. Aurrerapenak izan direla, bada, bai. Baina ez beharko luketen abiaduran; hori bistan da.
5. Prest zaude itunik egiteko? Kasu horretan, norekin? Nor babestuko zenuke edo noren babesa jaso nahiko zenuke?
Galdera potoloa! Buelta pila emanda, nire aurkezpenean esan nuen bezala, zerbitzurako bokazioa dut nik. Horrekin nator, eta horrekin egin nahi dut dena. Guztiekin lana egitera nator; pasaitarren egunerokotasuna hobetzea den guztirako, ni hor egongo naiz.
6. Euskararen kale erabilera Pasaian, 2021eko datuen arabera, %19,1ekoa da; azken neurketan (2018koa) baino 6,2 puntu altuagoa. Zein neurri proposatuko zenituzke euskararen kale presentzia sustatzeko?
Lehendabizi esango nuke euskara tresna politiko gisa erabiltzeari uztea gustatuko litzaidakeela. Urte pila daramatzagu euskara tresna izanda, eta beti erabiltzen da batak besteari gauzak aurpegiratzeko. Nik uste euskara modu naturalean erabiltzeko neurriak behar direla. Hizkuntza bat maitatzeko naturaltasuna eman behar zaio horri, erosketak egiterakoan… naturala behar du izan.
Beti izan da euskara pixka bat inposatua ikasteko eta ikasteko; eta ikasten duzun gauza bat, azkenean, ez da gero erabiltzen duzuna. Maitatzea da gakoa. Proposamenak dibertigarriak izango dira: tailerrak, antzerkia… gauza ludikoak, desberdinak. Ez hainbeste ikasi eta inposatuz, baizik eta dibertigarria bihurtzea eta gure egunerokotasunera ekartzea euskara.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie.
Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Pasaiako lehenengo elkarrizketa da.