'Errenteriako eraztun berdea" proiektua aurkeztu du PSE-EEk
Asteazkenean ekitaldi nagusia egin zuen alderdi sozialistak Beraunen; astelehenean, beste ekitaldi bat egingo dute sozialistek, hori ere Beraunen.
asteazkeneko ekitaldi politikoaren irudi bat. Argazkia: PSE-EE Hauteskunde programan jasotako Errenteriako eraztun berdea aurkeztu du PSE-EEk. Komunikabideetara helarazitako prentsa oharrean, proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte sozialistek: “Aukera ikaragarriak dituen proiektua da eta pasiorako eta aire librean kirola egiteko espazioa sortzea du helburu”. Iniziatiba “anbiziotsua” dela esan du Isaac palencia sozialisten alkategaiak, ” udalerria inguratzen duen eta hainbat puntu interesgarri lotuko dituen eraztun nagusia planteatzen du. Ibili, maskota paseatu edota korri egiteko aukera emango duen ibilbidea. Horren barruan gainera, txikienentzako parkeak eta adinekoentzako mugikortasun aktiborako instalazioak aurreikusi dira”.
Proiektua “erakargarri turistiko” izango dela bisitarientzat gaineratu du Palenciak. Eraztun nagusitik, beste bi ibilbide abiatuko direla azaldu du ere, “San markoseko gotorlekuarekin eta Listorretarekin bat egingo dutenak”. Errenteriako Eraztun Berdeak “garapen aukera handiak” emango dituen zalantzarik ez du sozialistak, eta bizimodu osasungarri eta aktiboa sustatzeko balio izateaz gain, udalerriaren ondarea lehen lerroan jarriko duela nabarmen jarri du: “Belarguneak, kanpoko kirol instalazioak eta kalistenia bezalako ekintzak egiteko instalazio zehatzak”.
Proiektua “eraldatzailea” dela esan du gainera, Palenciak, “herritarren bizi kalitatea sustatzeko eta udalerriaren garapen iraunkorra bultzatzeko. Errenteriaren Eraztun Berdeak lan aukera berriak sortuko ditu, tokiko turismoa sustatu eta gizarte kohesioa hobetu”.
Asteazkenean ekitaldi nagusia
Hilaren 28ko udal hauteskundeen barruko ekitaldi nagusia egin zuten, bestalde, sozialistek asteazkenean. Beraungo Pablo Sorozabal plazan egin zuten eta Pilar Alegria Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministroa, eta PSOEren bozeramailea, Isaac Palencia Errenteriako alkategaia, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ahaldungai Nagusia, eta Eneko Andueza PSE-EEren idazkari orokorrak hartu zuten parte ekitaldian.
Asensiok, hilaren 28ko hauteskundeak “erabakigarriak” direla esan zuen, “inork ezin du etxean gelditu, garrantzitsua delako paralisiak eta utzikeriak ezaugarritu duen EH Bilduren kudeaketarekin bukatzeko”. Errenterian eta Gipuzkoan bi aukera baino ez direla esan zuen Asensiok, “Orain Podemosek babesten duen EH Bilduren aktibismo eza eta independentismoa, edo kudeaketa eraginkorra eta Gipuzkoa plurala bermatzen duen alderdi sozialista”.
Miguel Buenen “oinordeko”gisa aurkeztu du bere burua Palenciak, “bera izan dut irakasle, eta hark erakutsi dit alkateak zuzenean artatu behar dituela bizilagunak, elkarrizketa eta adostasunaren bidez dituzten arazoak konpondu. EH Bilduk udalean daraman hamabi urteetan Errenteria eraldatu zuten alkate sozialisten ondarea suntsitu du. Milaka pertsona erakartzen zituen, aukera polo bihurtuta. Oraindena galdu da. Hareago, koalizio subiranistak pentsaezina zirudien zerbait lortu du, zainetan dinamismoa daraman herri bat paralizatzea”.
Herritarrei bere proiektuarekin bat egiteko eskatu zien, azkenik, Errenteriak gehiago merezi duelako”.
Astelehenean, ekitaldia
Astelehenean, hilaren 22an, ekitaldia egingo du PSE-EEk kanpainaren harira, eta berriro Beraun aukeratu du horretarako. Mikel Odriozola estadioko futbol zelaian egingo du ekitaldia 17:00etan hasita eta Palenciarekin batera, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ahaldungai Nagusia, baita Rafaela Romero, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako Bidasoa-Oiartzun barrutiko zerrendaburua ere.
