Mendekosteetan, 33 ekitaldi
Hilaren 26tik 28rako orduak edukiz bete ditu Lezoko Jai Batzordeak. Mendekosteen hurrengo larunbatean, Euskal Jaiak herrian.
Hilaren 26tik 28ra izango dira aurtengo Mendekoste Jaiak. Orotara 33 ekitaldi prestatu dituzte Jai Batzordeko kideek. Ohikoa den bezala, Lezoko urteko lehen festen hasiera Zabarrerekin eta Maria Labaienekin estuki lotua dago, eta aurten ere hala izango da: hilaren 26ko (ostirala) iritsiko dira Lezora. 17:45ean dira iristekoak portura, eta 19:00etan egingo diete harrera udaletxean. Ondoren, Piztu Lezoren egitaraua hasiko da Elektropottote elektrotxarangarekin (19:15).
Egitarau osoa ikusteko klik egin hemen
Bestelakoan, denetik izango da herrian mendekosteak bitartean. Udalak adierazi du festak arduraz eta errespetuz goza ditzatela lezoarrek eta bisitariek, “parekidetasunaren alde” eginez: “Ez da onartuko jarrera sexistarik”. Herriko postontzi guztietan nahiz toki publikoetan banatuko den egitarauaren barruan eraso sexisten kontrako protokoloaren laburpena dago, eta erasoren bat balitz hori jarraitzeko eskatu du Jesus Mari Martiarena alkateak. Egitarau hori udalaren webgunean ere lor daiteke.
Euskal Jaiak
Aurten, Euskal Jaiak hilaren 10ean (larunbata) egingo dituzte. Honakoa da eguneko egitaraua:
- 09:30ean, diana Munttar Lezoko Txistulari Taldearekin.
- 11:00etan, Euskal Dantzazaleen erromeria herritik zehar.
- 12:00etan, herri kirolak Gurutze Santuaren plazan.
- 13:30ean, Euskal Dantzazaleen emanaldia Gurutze Santuaren plazan.
- 17:00etan, herri kirol desafioa Lezoren eta Oiartzunen artekoa, Goiko Plazan.
- 18:00etatik, Sagardo Eguna Gurutze Santuaren plazan.
- 19:30ean, Sutargi abesbatzaren emanaldia kalez kale.