San Pedroko gertakariari buruzko informazio "ez ofizialik" ez zabaltzeko eskatu du Udaltzaingoak
Sare sozialetan argitaratzen ari diren "informazio partzialek" egiaztatutako gertakariekin zerikusirik ez dutela ohartarazi dute.
San Pedroko sarreran, autobus geltokiaren inguruan, jazo zen gertakaria. Herenegun San Pedron salatutako bahiketa saiakeraren harira, “lasaitasun eta erantzukizunerako” dei bateratua egin dute Ertzaintzak eta Pasaiako Udaltzaingoak. Informazio ez ofizialik ez partekatzeko eskatu dute.
Asteazkenean Pasaiako barrutiko adingabe batekin izandako gertakariaren harira, sare sozialetan hainbat norbanakoren irudiak eta “informazio partzialak” argitaratzen ari direla ziurtatu dute agenteek, eta argitu dute horiek “ez dutela zerikusirik” orain arte gertakari horri buruz egiaztatutakoarekin.
Bi indar polizialek argi utzi dute gertakari hori ikertzen ari direla, jazotakoaren “inguruabarrak eta jatorria egiaztatzeko” eta ustezko inplikatuak topatzeko. Bitarte horretan “lasaitasun eta erantzukizunez” jokatzera deitu dute, eta herritarrei eskatu diete ez zabaltzeko irudi eta informazio ez ofizialik, “horietako asko gezurrezkoak direlako, ez daudelako egiaztatuta, eta gizartean alarma sor dezaketelako”.
Baliagarria izan daitekeen edozein informazio bide ofizialen bidez bidaltzeko eskaera ere egin dute, eta ohartarazi, bai Ertzaintzak eta baita Pasaiako Udaltzaingoak ere, prebentzio-zaintzak egingo dituztela udalerrian, segurtasuna mantentzeko.
