"Publikoaren indarra babestera" deitu du Irene Monterok
Udal eta Foru Hauteskunde kanpainaren barruan, Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak Errenteria-Orereta bisitatu du gaur. Maite Gartzia, Elkarrekin Errenteriako alkategaiaren eskutik Lekuona Fabrika eta Emakumeen Etxea bisitatu ditu, besteak beste Monterok.
Maite Gartzia Elkarrekin Errenteriaren alkategaia eta Irene Montero Berdintasuna ministroa Lekuona Fabrikan. Udal eta Foru Hauteskunde kanpainaren barruan, Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak Errenteria-Orereta bisitatu du gaur. Maite Gartzia, Elkarrekin Errenteriako alkategaiaren eskutik Lekuona Fabrika eta Emakumeen Etxea bisitatu ditu, besteak beste Monterok, eta Lekuonan bertan adierazpenak egin dituzte Gartziak zein Monterok komunikabideentzat. Pilar Garrido Podemos Euskadiko idazkari nagusia eta beste hainbat hautagai ere izan dituzte lagun gaurko bisitan.
Errenteriako alkatetzarako hautagaiak hartu du hitza lehenik. “Guk gobernatzen dugun tokietan, hobe bizi dira herritarrak”, esaldi horrekin hasi du Gartziak bere interbentzioa, “Errenterian ere hala da. Lehen minututik egin dugu esan duguna, politika ausartak abiatu eta pertsonak gure politiken erdigunean jarri. Erdigunean jarri, herritarren beharrak eta dituzten proiektuak, gure DNAn hala dago-eta txertatuta. Horrela egiten jarraituko dugu aurrerantzean ere”.
Beraienak, politika publikoak, feministak, animalistak, berdeak, eta sozialak direla erantsi du Gartziak, “eta batez ere, sozialki justuak. Herri honetan, herritarren bizimodua hobetu duten politikak aurrera atera ditugu, hori lehentasuna dugulako. Ez da agintaldi erraza izan, pandemia bat izan dugulako tartean”. Horrek erantzun bat eman beharra ekarri zuela ekarri du gogora Elkarrekin Errenteriako hautagaiak, “oinak lurrean jarri, eta errenteriarrek zer behar zituzten hausnartzen jarri gintuen, hori delako lehentasuna. Gobernatzeaz gainera, adinekoek, haurrek, emakumeek, merkatariek, ostalariek, kulturak… zituzten beharrei erantzuna eman diegu, eta harro gaude horretaz”.
Errenteria-Oreretako mugimendu feministari aipamena ere egin dio Gartziak hitza hartzean, esateko “harro” dagoela: “Errespetu handia eta miresmen hitzak baino ez ditut gure herrian martxan den mugimendu feminista handi horrekiko. Udala eta mugimendu feministaren arteko elkarlanaren uzta izan da Emakumeen Etxea. Ikaragarria da etxe hori, emakumeek, emakumeengatik, eta emakumeentzat egindako proiektua da, protagonismo osoa emakumeek dute, eta eurentzat erreferentzia espazioa da”.
Datorren agintaldiari begira jarri da ondoren, eta hauteskunde programan ondutako proiektuetako batzuk aipatu ditu errenteriarrak: “Emakumeen Etxea handitzea proposatzen dugu, espazio gehiago ematea, baina ez hori bakarrik, horrekin batera auzoetara eramatea ere proposatu dugu emakume guztientzat irisgarri izan dadin”. Politika feministekin jarraitu du Gartziak, eta hala, emakumeen higiene produktuetarako bonu soziala, emakumeek autobusean bidaiatzean nahi duten puntuan gelditzeko eskatzeko aukera, indarkeria matxista kasuak artatzeko formazio berezia ematea udaltzaingoari, LGTBI behatokia sortzea, edo eremu abegikor eta seguruak sortzea, aipatu ditu besteak beste.
Elkarrekin Errenteriaren politikak “berdeak” ere badirela esan du alkategaiak: “Animalien ongizaterako araudia sortu dugu, eta hori udal honetan Podemos-Ezker Anitzak duen departamentuetako batetik bideratu da”.
Etxebizitza politika
Etxebizitza politika izan du hizpide, bestalde, Gartziak. Horien barruan, martxan den gazteentzako etxebizitza komunitarioa aipatu du, baita emantzipazioari begirako laguntzak indarrean daudela udalerrian, “hala ere ez da nahikoa. Etxebizitzaren arazoak gazteei eragiten die, baina baita beste geruza batzuei ere: adinekoei, familia zaurgarriei. Horiei guztiei erantzuteko lanean jarraituko dugu”. Horren adibide, adinekoei begirako bizi osorako etxebizitza proiektua aipatu du, baita etxebizitza bulegoaren sorrera ere. “Gaur egun dugun arazo larrienetako bat etxebizitzarena da eta egingo dugun lehenengo gauza izango da Eusko Jaurlaritzari eskatzea Errenteria eremu tentsionatu izendatzea. Bertan etxebizitza gutxi dago, eta dagoena garestia da, ez da irisgarria”.
Politika “feminista” eta “ausartak” egiten jarraituko dutela esanez bukatu du Gartziak, “orain arte egin dugun bezala, gure helburua argi dugulako: Pertsonak gure politiken erdigunean jartzea”. Monterori zuzendu dizkio azken hitzak, eskerrak emateko, “Eskerrak eman nahi dizkizut ni gaur hemen banago zu bezalako pertsona ausartei esker delako. Eredua zara niretzako eta hemen dauden beste hainbesterentzako”.
Publikoa zaindu eta indartu
Maite Gartziarentzat botoa eskatuz hasi du interbentzioa Irene Monterok, “Elkarrekin Podemos publikoaren indarra delako, komuna zaintzen, babesten eta bermatzen duten politikak egiteko gaitasuna duen indar politiko bakarra delako, pertsona guztientzat eskubide guztiak bermatzeko aukera bakarra delako”.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan osasungintzaren zati handi bat pribatizatuta dagoela nabarmen jarri du Berdintasun ministroak, “EAJk eta PSE-EEk ordezkatzen duten aliantza kontserbadoreak osasungintza publikoa zaintzen ez duten politikak sustatzen ditu, kontrara, pribatizazioa sustatzen dute. Etxebizitzaren prezioa ere gehiegizkoa da, eta horrekin batera, hezkuntza pribatu kopuru altuenetakoa duen lurraldea ere bada hau”. Elkarrekin Podemosek “indarra izatea” behar dutela esan du horrenbestez, “egoera eraldatzeko indar handia, Errenterian gobernatzen jarraitzeko, baita beste herri batzuetan ere. Indarra, gobernu aurrerakoi bat izan dezagun Euskadin, Osakidetza zainduko duena, bertako langileei lan baldintza egokiak emango dizkiena, eta gakoa dena osasungintza publikoa despribatizatzeko gaitasuna izan dezagun Euskadin, zein estatuan”.
Publikoaren “zaintza” eta “indartzea” ezinbesteko jo ditu Berdintasun ministroak, “ezinbestekoa da horretarako, PPk Aznar—Jose Maria— presidente zela indarrean jarri zuen 15/97 legea indargabetzea, eta osasungintzarekin zerikusia duten zerbitzu guztiak autonomia erkidegoei eta udalei itzultzea, oinarrizko eskubidea den osasungintza publikotik zaindu dezagun”.
PPren “ustelkeriaz” mintzatu da, bestalde, “komuna dena zaindu beharrean, bere gobernatzeko modua familia eta lagunei dirua ematea da. Kanpaina honetan kanporatu egin behar ditugu. PP ez da gai garbi jokatzeko hauteskundeetan, estatuko estoldaren partidua da arerio politikoak erasotzeko, ustelkeriatik lortutako diruz hauteskundeetara jotzen duen alderdia da. Alderdi popularraren ustelkeriak aurrean izango gaitu”.
Arrazakeria gogor salatu du, gainera, Vinicius Junior Real Madrileko jokalariak atzo Valentziaren (Herrialde Katalanak) kontra jokatutako partidan jasan behar zian zituen iraun arrazisten harira. Halako erasoak, “ohikoak” direla esan du “tamalez” hainbat kirol eremuetan, “gorroto diskurtsoen eta diskurtso arrazisten ondorio dela uste dut. Horiek normalizatzeak, emakumeen erasoen diskurtso negazionistak normalizatzeak bezala, ondorioak ditu, eta uste dut gai izan behar dugula hesi sozial handia sortzeko arrazakeria, eta xenofobiaren kontra, gizarte gisa dugun aniztasuna babestuko duena, gure azalaren kolorea dena dela”.
Horren harira 021 telefonoa indarrean jarri dutela gogorarazi du Monterok, “arrazializatutako pertsona guztiek bertara jo dezakete informazioa eta laguntza eske eraso arrazista edo xenofoboa pairatzen badute. Bide luzea dugu, gizarte arrazista dugu, baina neurriak hartzen ari gara hori aldatzeko, denontzat leku seguruak sortzeko”.
Horrenbestez, laguntza eskatu die Monterok herritarrei, “eraso matxista edo arrazista baten aurrean aurre egiteko gai izan gaitezen. Nahikoa dela esan behar dugu, ezin dugu onartu arrazakeria, xenofobia, matxismoa, kapatizismoa gure gizartean, askotarikoak, garelako eta ez dugulako diskriminaziorik onartzen”.
