"Lezo hobea egiteko programa" aurkeztu du EAJk
Jesus Mari Martiarenak agintean izandako bi legealdiei balioa eman, eta etorkizunerako asmoen berri eman du.
“Geroari ilusioz eta indarrez heltzeko” programa aurkeztu du Lezoko EAJk. Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako, eta beraz, alkatetza lortuz gero bide orri izango den agiria “Lezo hobea egiteko” izango dela adierazi du Jesus Mari Martiarena alkategaiak.
“Elkarrekin eta elkarlanean, etorkizun hobea eraiki nahi dugulako” hainbat proposamen bildu dituzte agirian, etxez etxe banatzen ari direna liburuxka formatuan (hemen klik eginda oso-osorik ikus daiteke). Hala, duela zortzi urte hasitako “bide oparoari” jarraipena eman nahi diote jeltzaleek, “gobernu on eta hurbiltasunetik, gardentasunez eta zintzotasunez, parte hartzea sustatuz”. Esan dute gobernu taldean izan direnean “zorrotz, efikaziaz eta eraginkortasunez” gobernatzen izan direla, “Lezo osatzen dugun emakume eta gizonen zerbitzura. Hau da gure konpromisoa”.
Jesus Mari Martiarena alkategaiak esan du agintean izan den bi legealdietan “Lezori buelta” eman diotela, “arazo zena hobetzeko aukera izan dugu”. Hala, herria iraultzeko lanean egindakoen traza nagusiak eman ditu: “Gizarte babesean, ekonomiaren garapenean eta ongizatean azpimarra jarrita baratu dugu Lezo. Oparoa ekonomikoi, abegitsua eta eskuzabala, herritar guztien ongizateaz arduratuta, kulturalki bizia, euskaltzalea, berdinzalea eta aldaketa klimatikoaren erronkari erantzun nahi diona”. Aipatu du EAJrena “talde sendoa” dela, “herritk sortua, gertuko alkatea eta lantaldea”.
Orokorretik, xehetasunera egin du bidea Martiarenak programan jaso dituztenak azaltzeko. Hala, besteak beste iragarri ditu aparkaleku plana eta mugikortasun iraunkorrerako neurriak; Arraitokin kiroldegia, kultura eta zerbitzu gunea, Aiton Borda eta aparkalekuak izango dituen gizarte etxea; Herrikide izeneko eguneko zentroa Aiton Bordan kokatzea; Aralarreko anbulatorio berria eta 52 etxebizitza dotazionalak; Lopeneko anbulatorio zaharrean haur eskolarako egoitza berria; auzoetarako inbertsio plana, tartean Altamirako parke berria dela; Añarberekin herriko ur hornidura hobetzea; ingurumen eta garapen iraunkorrerako neurriak; edo Oarsoaldea Garapen Agentziarekin elkarlanean garapen ekonomiko-sozialean eragitea. Ekonomia arloan, aldi berean, herriko industrialdeak birgaitzeko plana, eta tokiko merkatariak eta ekintzaileak laguntzeko konpromisoa azaldu du. Gizarte zerbitzuetan ere inbertsioak aurreikusi ditu Martiarenak programan.
