Aparkaldi mugatua Arraitokira eta Altzatera zabaltzeko proposamena, agintaldiko azken udalbatzarrean
Ostegunean izango dute herriko hamahiru zinegotziek 2019-2023 aro politikoko azken osoko bilkura.
Agintaldiko azken udalbatzarra egingo dute hilaren 25ean (ostegunean) Lezoko udalbatza osatzen duten hamahiru zinegotziek. Hurrengo plenoa ekainaren 17an izango da, alkatea izendatzeko eta udalbatza berria osatzeko izango dena. Osteguneko bilkurak zazpi gai izango ditu, tartean, aparkaldi mugatua arautzen duen ordenantza aldatzea proposatzen duena.
Ordenantza horretan, zehazki, Arraitoki eremua eta Altzate igerileku ondoko parkina hartzen dira aintzat. Hala, horren arabera, udal gobernuaren asmoa da bi zonalde horietan lezoarrek (egoiliar txartela dutenek) bakarrik autoa utzi ahal izatea ordu jakin batzuetan. Bi eremu horiek, aurretik ezarritakoei gehituko litzaizkieke. Zinegotzien gain geldituko da ordenantzaren aldaketak aurrera egin ala ez.
Bestelakoan, aipatzekoa da gai zerrendako bigarren puntuan jasota dagoela bake epailearen ordezkoa aukeratzea. Bestelako bost hizketagaiak tramite kutsukoak dira.