Munttarperen kontra, Donibanek irabazi du "ohorea"
"Ohorea" besterik ez zuten jokoan lezoarren aurka. Gazteak ere garaile izan ziren kopako azken partidan, denboraldia borobil itxiaz.
Gipuzkoako Kopako azken partida izan zen ostiralekoa, eta baita sasoikoa ere. Donibane Eskubaloia klubeko bigarren taldeak 26-22 irabazi zion Munttarperi, sailkapenerako aparteko garrantzirik ez zuen norgehiagokan. Prestatzaileen arabera, gauza bakarra zuten jokoan eskubaloilariek: “bizilagunen arteko derbia irabazteko ohorea”.
Bi taldeek ibilbide paretsua egin dute azken denboraldian, euren senior taldeak fusionatu ere egin zituztelarik Gipuzkoako Koparako. Lehiaketa horretan ez zuten garaipenik erdietsi, elkarlanean, sanjuandar eta lezoarrek.
Donibanen izan zen azken partida, eta etxekoek abantailarekin ekin zioten horri, baina lehen zatiaren bukaerak lezoarrek indarrak berdintzea lortu zuten, atsedenaldira 12-12 helduz. Berrekitean, indartsuago ekin zioten berdeek, baina azken minutuetan arrosek markagailuan oreka lortu ez ezik, horretan aurreratzea ere lortu zuten.
Donibane Eskubaloiak denboraldi oparoa itxi du horrela, zeinetan Donibane Bonantzak Lurraldeko Lehen Mailara igotzea lortu duen, aurreko denboraldian galdurikoa berreskuratuz. Gazteen taldea ere irabazle izan zen kopa gipuzkoarreko azken partidan, Hondarribiari 34-28 irabazita. Jokalari berrienek, horrela, zituzten aurreikuspenak aise gainditu dituztela aitortu dute klubetik.