"Biziberritzea EAJk eta PSE-EEk sortutako asmakeria bat da"
Bi zinegotzi ditu egun Podemos-Aliantza Berdeak Pasaian. Alkategai izango da aurten berriro Rodriguez, sinetsita "giltzarria" izango direla.
1. Zergatik bozkatu behar zaitu jendeak zu?
Uste dut alderdi giltzarria izango garela. Frogatu dugu legegintzaldi honetan zehar akordioak lor ditzakegula bai udal gobernuarekin eta baita oposizioarekin ere, guri interesatzen zaiguna beti baita Pasaia hobetzea, gainontzeko guztia edonolakoa dela ere.
2. Alkatetzara iristekotan, zein izango litzateke hartuko zenukeen lehen neurria?
Lehentasun nagusia une honetan Antxon topoaren obrarekin dugun arazoa da: ez dago bideko segurtasunik, gehienbat kamioien trafikorako sortu diren bidegurutze berriengatik, batez ere Luzuriaga eta ludoteka berriaren inguruan. Hori arautu beharko litzateke bide segurtasuna bermatzeko, oinezkoak harrapatzeko arriskua baitago, eta halakorik gertatu baino lehen uste dut garrantzitsua dela ezbehar bat gerta dadin ekiditea.
3. Eta barrutiz barruti, zer falta du bakoitzak?
Antxon, uste dugu oso gai garrantzitsua dela aparkalekua. Lehentasunezkoa da arazo horrekin bukatzea.
Donibanen, apustua egingo dugu saneamendu sarean etxebizitza guztiak sar daitezen, bat bera ere ez dadin kanpo gelditu, arazo teknikoa edozein dela ere. Etxe guztiak baldintzarik gabe sartu behar dira sarean. Saneamendua Hirugarren Munduko edozein hiritan baduten zerbait da, eta ez dago aitzakiarik saneamendurik ez egoteko San Juango etxe guztietan.
San Pedron buelta bat eman nahi diogu orain dela legegintzaldi batzuk planteatutako proiektu bati, alegia, portutik gertuen dagoen zonalde hori oinezkoentzat bihurtzeari. 2011-2015ean hori proposatzerakoan arazo bat suertatu zen bizilagunekin, ez baitago aparkalekurik. Hortaz, kontua litzateke aparkalekuaren arazoa konpontzea, gero eremu hori oinezkoentzat egiteko. Baina, betiere, bizilagunekin hitz eginda eta haiekin erabakita nola kudeatu hori guztia; beti sanpedrotarren eskutik, orduko hartan gertatutako arazo berdina gerta ez dadin.
Trintxerpen eskola publikoa lehenetsiko dugu. Bazter utzi izan da urte luzez, eta dituen azpiegitura eta instalazio guztiak, patioak, gimnasioa… guzti horretan diru asko inbertitu behar da, Pasaian dagoen eskola publiko bakarra baita [Karmengo Ama].
Egiten ditugun akordioak beti izango dira programa-helburu baten harira
4. Biziberritzeaz asko hitz egiten da Pasaian. Egoki gertatzen ari al da hori?
Biziberritzea EAJk eta PSE-EEk sortutako asmakeria bat da, saldu ahal izateko Pasaia biziberrituko dutela, baina egiaz, ez dute ez biziberritu nahi eta ez dute biziberrituko ere. Pasaia biziberritu nahi duenak, 30 urtetan denbora soberan izan du herria biziberritzeko, eta ez da deus ere egin. Eta Pasaia biziberritzeko daramaten erritmoan 300 urte beharko lituzkete biziberritze prozesua bukatzeko.
Herritarrei puskatuta dagoen moto bat saltzeko etengabeko saiakera da; Pasaiaren alde zerbait egingo dutela sinestaraztea jendeari, errealitatean ezer egiten ari ez direnean. Guk uste dugu beste neurri mota bat sustatu behar dela, ez hain lotua biziberritzearekin, baizik eta etorkizunerako nahi dugun Pasaia horrekin.
Guk dena oinarrituko dugu etorkizuneko Pasaiari so egiteko modu berritzaile batean: donutsaren ekonomia deritzona. Horren esanahia erraza da. Imajinatu donuts bat. Horren barruan jendearen oinarrizko beharrak daude: lana edukitzea, osasuna, eta abar. Hori da donutsaren barrualdean dagoena, oinarrizkoa, konplitu beharrekoa. Ertzetan gehiegizko gainontzekoa dago: aldaketa klimatikoaren arazoa, uraren kutsadura, argi-kutsadura… Eta donutsaren erdialdean, gorputzean, bertan dago ekonomia; eta bertan egon behar dugu guk. Turismoa behar dugu? Bai. Lana behar dugu? Bai. Guzti hori behar dugu, baina neurriz gaineko turismoa badugu, orduan Magaluf bat dugu Pasaian. Eta turismorik ez bagenu, jendeak enplegua galduko luke.
Eta horrela, Pasaian dagoen guztiarekin. Merkataritza egotea behar dugu, baina ez dugu behar ekonomia Uberizatzea, baizik eta tokiko merkataritza egotea; jasangarria eta iraunkorra izango den zerbait. Donutsaren ekonomia Amsterdam, Brusela eta Berlin bezalako hirietan dagoeneko ezarrita dagoen metodo bat da, eta horrek hiriak askoz ere bizigarriagoak egiten ditu, eta ahalbidetzen du jendea bertatik ez botatzea hiriak masifikatzeko turismoarekin eta halakoekin. Pasaian bizi den jendea lehenesten da, herriaren kontura negozioa egin nahi duten enpresen gainetik.
5. Prest zaude itunik egiteko? Kasu horretan, norekin? Nor babestuko zenuke edo noren babesa jaso nahiko zenuke?
Guk oso argi dugu: ezkerreko alderdia gara, eta ulertzen dugu errazagoa dela alderdi ezkertiarrekin paktuak egitea, baina guretzat ez da hainbeste norekin baizik eta zertarako. Guk egiten ditugun akordioak beti izango dira programa-helburu baten harira: zer egingo da datozen lau urteotan, eta nola? Eta ez hainbeste nork egingo duen, soldatak, liberazioak… eta alderdi politiko batzuk hainbeste obsesionatzen dituen guzti hori.
Neurriz gaineko turismoa badugu, orduan Magaluf bat dugu Pasaian
6. Euskararen kale erabilera Pasaian, 2021eko datuen arabera, %19,1ekoa da; azken neurketan (2018koa) baino 6,2 puntu altuagoa. Zein neurri proposatuko zenituzke euskararen kale presentzia sustatzeko?
Bi neurri ditugu guk, bata bestearengandik erabat bereiziak, faktore desberdinekin dutelako lotura. Bat euskararen ikaskuntza da: guretzat, guztiz doakoa izan behar du mundu guztiarentzat, erabat finantzaturikoa, ehuneko ehunean, eta kontuan hartu behar da kontziliazioa ere. Alegia, ezin dira euskara ikastaro guztiak edo gehienak goizetan jarri, adibidez, langabezian daudenentzat, nahi duguna baldin bada lanean ari direnek ere euskara ikastea. Kasu horretan, ikusi beharko dugu nola lotu bata eta bestea, jende horrek ere, nahi badu, ikasteko aukera izan dezan. Hori, batetik, beraz: %100eko doakotasuna euskara ikasteko.
Bestalde, gazteriaren gaia. Guk antzeman dugu, eta nik, seme-alabak izanik, azken aldian gazteen artean badela joera bat euskara lotzeko eskolako ikasgai konkretuekin; adibidez, matematika edo biologiarekin gerta daiteke. Alegia, eskolarekin lortzen dute euskara, eta eskolatik irteten direnean, lagunekin geratzerakoan, ekuazio matematikoak egingo ez lituzketen moduan, ez dute ere euskaraz hitz egiten.
Zentzu horretan, buelta bat eman behar zaio gertatzen ari denari eta neska-mutikoak konbentzitu euskara ikasia den zerbait baino askoz ere gehiago dela uler dezaten. Egunerokorako tresna erabilgarria ere badela uler dezaten, lagunekin hitz egiteko, jolasteko edo beste edozertarako ere.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie.
Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Pasaiako hirugarren elkarrizketa da.