Desio ez den bakardadea antzerki-performancean, San Pedron
La motora talde pasaitarrak antzerki-performancea eskainiko du kalean, "guztiok beldurtzen gaituen" bakardadeari buruz hausnartzeko.
Gaur, asteazkena, 17:30ean, San Pedroko plaza berrian (Lonja albokoa), La motora talde pasaitarrak kaleko antzerki-performancea eskainiko du. “Inprobisazio, gozamen eta elkarrekintza ugari” promestu dituzte, eta aurreratu dute nahi duenak parte hartzeko aukera izango duela.
Ekintza komunitario gisa definitu dute arratsaldekoa. Horren oinarrian, nahi ez den bakardadearen prebentzioa, “guztiok beldurtzen gaituen gaia baita”. Horri aurre egiteko errezetarik onena dutela uste dute antolatzaileek: “Hurbileko jendearekin elkartzea eta gure sentimenduak eta ametsak adierazteko espazio atsegingarriak eta konfiantzazkoak partekatzea”.
Ekintza prestatzeko, bizilagunen talde batek dantza- eta antzerki-tailerrak jaso ditu Mafalda Saloio antzokiko zuzendari Blanca Caballeroren eskutik. Lan horren ondorioz sortu den antzerki-inprobisazioaren helburuak hauek dira: auzo sareak ehuntzeko beharraz sentsibilizatzea, belaunaldien arteko topaguneak sortzea, auzotarren artean kalitatezko harremanak sustatzea, eta erakustea adina ez dela muga bat auzoetan jarduera interesgarri eta dibertigarriak egiteko eta bultzatzeko.
Ekintza hau Pasaiako Udaleko Berdintasun Arloak babestu du eta Adinkide GKEak sustatu du, zeinak hiru urte daramatzan lanean Pasaian bakardadea prebenitzeko boluntariotzako programa komunitario batekin.