Aizpea Otaegi: "Herritarrek badakite zertarako gai garen, eta batez ere, emateko zenbat dugun"
Maiatzaren 28ko hauteskundeei begirako ekitaldi nagusia egin zuen atzo arratsaldean EH Bilduk. Aizpea Otaegi egungo alkate eta datozen hauteskundeetarako koalizio subiranistaren zerrendaburua, Maddalen Iriarte Gipuzkoako Foru Aldundirako Ahaldungai Nagusia, eta Mertxe Aizpurua Espainiako Diputatuen Kongresuan EH Bilduren ordezkaria mintzatu ziren Lekuona Fabrikak hartu zuen ekitaldi politikoan.
Maiatzaren 28ko hauteskundeei begirako ekitaldi nagusia egin zuen atzo arratsaldean EH Bilduk. Aizpea Otaegi egungo alkate eta datozen hauteskundeetarako koalizio subiranistaren zerrendaburua, Maddalen Iriarte Gipuzkoako Foru Aldundirako Ahaldungai Nagusia, eta Mertxe Aizpurua Espainiako Diputatuen Kongresuan EH Bilduren ordezkaria mintzatu ziren Lekuona Fabrikak hartu zuen ekitaldi politikoan. Oholtza gainean uneoro, Aizpea Otaegik agintaldi berrirako bidaide izango dituen lehen hamar zerrendakideak, baina baita Oarsoaldeko EH Bilduren alkategaiak —Mikel Arruti (Lezo), Joana Mendiburu (Oiartzun), eta Teo Alberro (Pasaia)—, eta EH Bilduren Oarsoaldeko batzarkideak ere.
Lekuona Fabrikako sorgunean atondutako eserleku guztiak beteta, Otaegik hartu zuen hitza lehenik, eta eskerrak eman zizkien EH Bilduren zerrenda osatu duten guztiei, baita aurreko agintaldian bidaide izan dituenei ere; banan bana esan zituen haien izenak: “Gurea proiektu kolektiboa da, pertsona ugariren konpromisoarekin eraikitakoa, eta zerrenda osatzea erabaki dutenek, eskuzabaltasun handia erakutsi dute, konpromiso itzela, bokazio publikoa, eta herri honenganako maitasuna”. Harago joan eta bera eta zerrenda osatu duten kideen atzean, “eusten” dituen komunitate oso bat dagoela erantsi zuen, “eta eskerrak eman nahi dizkizuet zuei ere, ekarpen guztiengatik, keinu txiki oro urre delako”.
Botoa emateko egun gutxi falta direnean erreferentzia egin zien atzo Otaegik jasotzen ari den babes mezuei, “asko izaten ari dira jasotzen ari naizen babes agurrak eta babes mezuak. Hunkigarriak dira, eta sinets iezadazue jendearengan gobernatzen jarraitzeko ilusioa ikustea baino bultzada handiagorik ez dela, eta hori dela egunez egun, eta auzoz auzo sentitzen ari garena. Mila esker guztiei eta eutsi azken txanpari, hauteskunde gau magiko bat datorkigulako”.
Pandemiaz ere hitz egin zuen Otaegik nabarmentzeko agintaldia gurutzatu duen arren, hartutako konpromiso gehienak bete dituztela: “Emandako hitza bete dugu. Herritarrek badakite zertarako gai garen eta, batez ere, badakite emateko zenbat dugun. Asko egin dugulako elkarrekin, baina are gehiago dugulako emateko. Gaur herri hobeagoa gara, eta hiru agintaldi hauetan osatu dugun bide ederrean, gauza asko erakutsi dugu: erakutsi ditugu gure lehentasunak, zein den gure hiri eredua, erronkei erantzuteko gaitasuna dugula, erakutsi dugu zein den gobernatzeko dugun modua”.
Ondoren EH Bilduren proiektuaren ardatz nagusiak aipatu zituen alkategaiak, eta horietan sakontzen jarraitzeko konpromisoa hartu: “Jarraituko dugu pertsonak erdigunean jarriz, komunitate bakarra eta kohesionatua izan gaitezen zubiak josiz, herritarren neurrira antolatutako udalerria eraikitzen”. Herri hobea dela gaur Errenteria-Orereta esan zuen zerrendaburuak, “herritarrek urte hauetan egiteko gai izan garenaren bermea dute, abandonatu ezin dugun bidea urratzen hasi gara, udal gisa ditugun etorkizuneko erronkei erantzungo badiegu. Konformismoa eta konplazentzia ez dira gure DNAren ikur, eta egunero udalerri hobeagoa eraikitzen jarraitzeko anbizio betea dugu: herri berdinzaleagoa, inklusiboagoa, kohesionatuagoa, etorkizunari aurre egiteko beharrezkoak ditugun errekurtso, berme eta sare komunitarioa nahikoa emango digun herria. Hori guztia zor diegu herritarrei, hori eta bere etorkizunaren protagonista eta partaide sentitzea. Jakin badakigulako instituzio gisa ematen ditugun erantzunak ez direla nahikoak izango, ez direla eraginkorrak izango, ez badugu boterea herritarrekin partekatzen”.
Argi esan zuen Otaegik, “etorkizuna partekatua izango da, edo ez da izango”.
EH Bildu bozkatzera deitu zituen herritarrak: “Hautestontzi batean ez dira gure amets eta asmo guztiak kabitzen, baina hautestontzia gure bozkez betetzea ezinbestekoa dugu maite dugun herria eraikitzen jarraitzeko”. Bukatzeko, sinesmen betea azaldu zuen gehiago izango direla, “sinetsita nago magikoa izango den maiatzaren 28ko gauean gehiago izango garela, inoiz baino gehiago”.
Mikel Martin Conde gogoan
Iriartek hartu zuen Otaegiren lekukoa eta baietsi prest daudela irabazteko, “prest gaude eta jende prestua eta prestatua dugu horretarako, eta egitera goaz, egingo dugu”. Bere lehen hitzak omenaldi bihurtu zituen koalizio subiranistaren ahaldungai nagusiak Mikel Martin Conde zena gogora ekarrita eta talo zaparradarekin erantzun zuten bildutakoek, “eskertzen diot herri honen alde eta bertako herritarrak askeago izateko egin zuen borroka etengabea”.
Esker hitzak izan zituen, gainera, herrietan jasotzen ari den babes mezuengatik, “jendeak dituen kezkekin batera, guztiek duzuen, guztiok dugun ilusioa Gipuzkoak jauzi bat aurrera eman dezan ere jasotzen ari naiz. Lortuko dugula, egingo dugula konbentzituta nago”. Errenteria-Oreretako esperientziaz mintzatu zen Iriarte eta nabarmendu politika feministak bultzatu direla hamabi urte hauetan bertatik, “politika sozialetan abangoardia eta eszelentzia ditu herri honek, pertsonen zaintza erdigunean jarrita”, gaineratu zuen. Kultura eta euskara, sormena, aniztasun handiagoa, “kultura eta jatorri anitzek, eta horiek elkartzeak egiten baitu herri hau herri zalantzarik gabe”.
Besteak beste, Errenterian metatutako esperientzia, egiteko moduak direla Gipuzkoako Foru aldundira eraman nahi dituenak gaineratu zuen Iriartek, “herrialde honetan metatu ditugun esperientzia eta egiteko moduak eramango ditut, izan ere, EH Bildu 43 herrietan dago gobernatzen, 43 udaletan, eta bertan egin dira politika aurreratuak, proiektu abangoardistak egin dira”.
“Haizea lagun” duela EH Bilduk esan zuen bere aldetik Aizpuruak. Kanpaina “zikina” eta “zitala” izaten ari dela esan zuen koalizio subiranistaren kontra, bestalde, Espainiako Diputatuen Kongresuko ordezkariak, “ez dute lortuko batzuek ez besteek beren tranpan erortzea, aurre egingo dugu ilusioarekin eta azken hauteskunde kanpainetan erakutsi dugun gora egiteko anbizioarekin”.
Edozein instituzioan bi aukera direla egun esan zuen Aizpuruak; “bizitza defendatzea, edo kapitala babestea; eskubideen jabe diren bizitzak, edo bizitzen merkantilizazioa, hori da jokoan dagoena, eta gure jardun politikoa horretan oinarritu dugu. Hori da gure oinarria eta jardun politikoa, herritarren bizitzak hobetzea”.