"Askok zementua ikusten duten lekuetan, aukerak ikusten ditut nik"
Bost zinegotzi ditu PSE-EEk Pasaian, eta baita alkatetza ere, EAJrekin osatutako koalizioari esker. Aginte makila mantendu nahi du Gomezek.
1. Zergatik bozkatu behar zaitu jendeak zu?
Pasioa dudalako nire herriarekiko, eta lehen eguneko ilusio berberarekin jarraitzen dudalako, gezurra iruditu badaiteke ere, hainbeste urteren ondoren! Horrez gain, argi dago bide-orri bat badugula, zeina legegintzaldi horretan martxan jarri dugun. Eta badugula, halaber, etorkizun-sen bat ere.
Badakigu gure herriarentzako nahi duguna zer den. Martxan jarri ditugun neurri guztiek eta benetan eraldatzaileak izan diren obra guztiek etorkizunerako aukera gehiago sortuko dituzte. Aukera izango da pasaitarrek euren herrietan lan egiteko, bizi-kalitate hobea edukitzeko.
Espazio publikoen defizit handia duen udalerri batean, herri-portu harremanari esker, orain dela lau urte ez genituen beste espazio batzuk lortzen ari gara. Eta, horrezkero, esan ohi dudan moduan: askok eta askok zementua ikusten duten lekuetan, nik etorkizunerako aukerak ikusten ditut.
Pasaia desberdin bat ikusten dut, gure esentzia mantenduta. Eta badakigu hori nola egiten den. Eta horretxegatik, hain zuzen, pasaitarrei euren konfiantza eskatzen diet lan horretan jarraitzeko.
2. Alkatetzan jarraitzekotan, zein izango litzateke hartuko zenukeen lehen erabakia?
Zaila da bakarra aukeratzea, eta bi atal bereiziko ditut: lehena oso epe luzera baita, eta ez baita epe laburrean konponduko den zerbait izango; are, baliteke legegintzaldi oso hau pasa eta oraindik ez lortu izana. Askotan aipatu izan dudanaz ari naiz: gure herriarentzako diskriminazio positibo bat lortzeaz [Udalak Finantzatzeko] Foru Funtsean. Berdin zait diskriminazio positibo deitu edo konpentsazio deitu; zeharo berdin zait jartzen zaion izena, baina onartezina dena da aukera desparekotasun honekin jokatzen jarraitzea.
Gure herrian azpiegitura bat dugu, Gipuzkoako logistika gune handiena dena. Eta bai, gipuzkoar ekonomiarentzat ona da, inork ez du hori zalantzan jartzen; baina Pasaia da azpiegitura hori pairatu behar duen herri bakarra. Pairatu behar ditu trafikoak, pairatu behar ditu deskargak, kutsadura akustikoa… eta horrek nolabait konpentsatua izan behar du. Konpentsazio horri jartzen zaion izenak berdin dit, baina diru-sarrera handiagoa eduki behar dugu, eta hori soilik etor daiteke gure udalerrira azpiegitura hori edukitzeagatiko konpentsazio moduan.
Gai horretan tematia izango naiz, beti izan naizen moduan, eta hala jarraituko dut. Uste baitut desparekotasun handia dela pasaitarrekiko.
Hori, esan bezala, epe luzera begirako asmo handi gisa. Udalerri mailan, uste dut aparkalekuen gaiari heltzeko unea heldu dela. Uste dut pasaitarren kezka handienetako bat dela, eta egia da orain arte denok ezikusiarena egin dugula hein batean gai honekin, eta zentzu horretan errua guregain hartu behar dugu, baina zezen horri adarretatik heltzeko garaia heldu da.
Jakina, uste dut aparkaleku hauek lurpekoak izan behar direla. Espazio publikoa oinezkoentzat izan dadin ahalegindu behar gara. Denoi gustatzen zaigu Pasaia Itsas Festibalean zonalde guztietatik paseatzea, eta hori da lortu behar duguna. Zalantzarik gabe, ibilbide luzea izango da, baina ezin dugu ezikusiarena egiten jarraitu.
Aparkalekuak sortzeko proposamenak ditugu, barrutiz barruti: Antxon, Luzuriagako II. faserako hitzarmena berreskuratuko dugu. Portuarekin negoziatu behar da Lonjako parkingaren irekiera, soilik asteburuetan bada ere. Aparkalekua sortu Estrataldea inguruan, Izarran, Pablo Enean, eta, zalantzarik gabe, eta herri honetan egongo den handiena, Adinberri zentroaren behealdean egongo den aparkalekua.
Uste dut gai honek ezin duela gehiago itxaron, kezka handienetako bat baita barrutietako bakoitzean. Egia bada ere, esango nukeela kezka hau edozein herritan errepikatzen dela, zoazen lekura zoazela, alkate guztiek errepikatzen duten gaia baita. Orokorra den zerbait da, baina tira, horrek ez nau kontsolatzen, nire ardura berbera da.
Espazio publikoa oinezkoentzat izan dadin ahalegindu behar gara
3. Eta barrutiz barruti, zer falta du bakoitzak?
Barruti bakoitzak zer falta duen esan baino, uste baitut udalean gaudenok terapia apur bat egin behar dugula herritarrekin, alde batera uzteko barrutikako begirada eta Pasaia osotasun batean ikusten hasteko. Egozten baitiegu bizilagunei euren barrutian soilik erreparatzen dutela, baina gero gu geu gara akats bera errepikatzen dugunak: barrutiez mintzatu. Hortaz, nahiago dut Pasaian orokorrak diren arazoez hitz egin.
Uste dut kutsadura akustikoaren gaiari ekin behar diogula. Plan, galdetegi eta egin ditugun parte hartze prozesu guztietan, gezurra badirudi ere, kutsadura akustikoaren gaia beti izan da bizilagunak asko kezkatu izan dituen gaia, eta geroz eta gehiago da hori horrela.
Horrez gain, etxebizitzen birgaitzea beharrezkoa da, horiek efizienteagoak eta irisgarriagoak bihurtzeko. Andonaegiko plana dugu hor, eta uste dut izugarrizko bultzagarria izango dela hori behar handiak dituen auzo batentzat. Beste plan eta parte hartze prozesuetan hori ere aipatu izan da: etxebizitzen birgaitzearena. Eta herri osoari eragiten dion zerbait ere bada.
Oso modan dago orain etxebizitza politikez hitz egitea. Baina, jakina, guk dugun orubea dugu, ez gehiago ez gutxiago. Eraikuntza berria, ez dago eta ez da espero ere, ez dugulako lur eremu gehiago. Beraz, dauden etxebizitzen birgaitzean jarri behar dugu arreta.
Esan dudan bezala, lur azpian aparkalekua sortu; lurrazpia kolonizatu behar dugu espazio publikoa benetan publikoarentzat izan dadin.
Eta, funtsezkoa: aberastasuna sortuko duten jarduerak sustatu eta erakartzea, enplegua sortuko dutenak. Espazio publiko piloa izan baititzakegu, baina nahi ez dituguna eguzkia hartzen biziko diren langabeak dira. Hortaz, oinarrizkoa den zerbait da aipaturikoa.
Nik beti aldi berean aipatu izan ditut eraberritze ekonomiko, urbanistiko eta soziala, eta irmotasunez sinisten dut hiru ardatzak izan behar direla horiek.
Uste dudanez guzti horrek neurri berean eragiten diela barruti guztiei, nik nahiago dut pasaitar guztiek elkarbanatzen dituzten arazoez hitz egin, eta ez soilik barruti batean edo bestean egon daitezkeenez.
4. Berroneratzeaz asko hitz egiten da Pasaian. Egoki gertatzen ari al da hori?
Niri berroneratze terminoa oso gutxi entzungo didazue oraindik aurrera, gehiago entzungo ez didazuela ez esatearren. Uste dut oso erabilia dagoen hitz bat dela. Uste dut berroneratzeaz hitz egiten dugunean jendeak jada ez digula sinisten, behin eta berriro entzun izan dutelako hitz hori. Beraz, nik pertsonalki lehenesten dudana herriaren biziberritzea da. Hortaz, nik biziberritzeaz edo transformazioaz hitz egingo dut, baina ez berroneratzeaz.
Egoki gertatzen ari al den hori? Bada, seguru aski akatsak eta asmatzeak izango genituen, baina nik uste dut baietz. Aurreko legegintzaldian oinarriak ezarri genituen plan desberdinekin eta udal mailan egindako zenbait aldaketarekin, biziberritze ekonomiko, urbano eta sozial hori benetan lortu ahal izateko. Aurreko legealdian, beraz, ahalegindu ginen dokumentu horietan jasotzen zein etorkizun nahi genuen Pasaiarentzat: Portu Plan Berezia sortu zen, parte hartze prozesuak egin ziren… eta hor ideia sorta bat atera genuen. Eta hori da jarraitzen ari garen bide-orria.
162 milioi eurotik gorako inbertsioaz ari gara, kontutan hartu gabe urtero aldundiarekin sinatzen ditugun hitzarmenak, baina topoaren lurperatzearen obra, Adinberri, Hospitalilloko aparkalekua, behin-behineko aparkalekua, pabiloien estalkia, Lonjako plaza, Lonjako estalkia… Benetan eraldatzaileak diren proiektuak dira. Aldaketa bat beharrezkoa zuen errealitate baten eraldaketarako proiektuak. Espazio libreak behar genituen, eta uste dut hori dela bide egokia.
Berriro diot, ziur izango ditugula akatsak, egin-egiten duenak huts ere egiten baitu, baina esango nuke bidezidor honetan barrena ibiltzen jarraitu behar dugula. Ziritza eta Correos artean jarduera ekonomiko txiki bat ere eratuko da, zeina jarduera garbia izango den, bulegoekin, Azti… Uste dut bateragarri egin behar dela hiri-eraberritze hori, eraberritze ekonomiko eta sozialarekin. Eta hori soilik egin daiteke jarduera ekonomikoa martxan jarriz, enplegua sortuz.
Beraz, zure galderari erantzunez: bada, bai. Uste dut bide onean ari garela.
Paktuak egiteko prest ote nagoen? Noski; beti gobernatu dut paktu batekin
5. Prest zaude itunik egiteko? Kasu horretan, norekin? Nor babestuko zenuke edo noren babesa jaso nahiko zenuke?
Nik uste, eta hau da ziur aski denok emango dugun erantzun tipikoa: oraindik ez dela momentua horri buruzko iritzirik emateko. Uste dut herritarren momentua dela. Pasaitarrek epaitu behar dute ikusi dutena, nola lan egiten dugun batzuek eta nola lan egiten duten beste batzuek. Haien unea da.
Paktuak egiteko prest ote nagoen? Noski. Beti gobernatu dut paktu batekin, beraz, ulertezina litzateke itunak egiteko prest ez egotea orain. Gainera, sinetsita nago itunen politika hori Euskadin oso barneratua duela herritargoak. Estatu mailan hitz egin zenean Alderdi Sozialistaren eta Podemosen arteko paktuaz, ufa! Baina hemen denok harritzen gintuena zen halako gaitzespenarekin-edo epaitzea erabaki hori, hemen koalizio gobernuak beti izan baitira gure eguneroko ogia, inork ez dituelako lortu gehiengo osoak bakarrik gobernatzeko.
Jakina, niretzako oinarrizkoa da egonkortasuna ematea Pasaiari. Eta egonkortasuna soilik lor daiteke sendoa den gobernu batekin.
6. Euskararen kale erabilera Pasaian, 2021eko datuen arabera, %19,1ekoa da; azken neurketan (2018koa) baino 6,2 puntu altuagoa. Zein neurri proposatuko zenituzke euskararen kale presentzia sustatzeko?
Pentsa, mintzatuko zaizu euskaraz ez dakien bat! Eta dudan gabezia handi bat da; onartzen dut. Nahiko nuke jakin! Baina, tira, ez da izan…
Esango nuke hausnarketarako unea dela. Aholkularitza batzordea dugu, euskararen plan estrategikoak ditugu, mahaiak ditugu bai udalerri mailan eta baita eskualde mailan ere, geroz eta jarduera kultural gehiago egiten dira euskaraz, kirol arloan eskatzen dugu prestatzaileek euskaraz jakitea eta sustatzea haurrek euskaraz hitz egitea…
Alegia, uste dut udalerriaren historian zehar neurriak hartu izan direla euskara sustatzearen alde, eta egia da datuek hori erakusten dutela, Trintxerpen izan ezik, euskara gutxien entzuten den barrutia baita, baina euskararen erabilerak gora egin baitu. Horrekin konformatu behar ote dugun? Bada, nik ezetz uste dut.
Herritarren %41az ari gara, gutxi gorabehera. Gipuzkoako batezbestekoa [euskal hiztunena], oker ez banabil, %51n dago. Alegia, Pasaian erdia baino gutxiago da euskal hiztuna. Ez dut esango, beraz, zerbait ez dela funtzionatzen ari, bestela datuek ez lukete igoerarik jasoko. Baina bai uste dut pentsatzeko geldiunea egin behar dugula, benetan gauzatzen ari garen politika, neurri eta jarduera denak ematen ari ote diren eman beharko luketen guztia.
Nire proposamena, beraz, zein litzatekeen? Une batez esertzea aztertzera, hausnartzera, analizatzera: honek funtzionatzen du, honek ez, honek gehiago eman dezake… Izan ere, batzuetan, nahiz eta datuak ez diren txarrak, beti izan baitaitezke hobeak.
Eta batzuetan badirudi estropezuka goazela, edo besterik gabe egunerokoan bezain azeleratuta gabiltzala, eta zenbaitetan ona da gelditzea. Eten eta hausnartzea ea, benetan, martxan den guztia ematen ari ote den eman beharko lukeen bezainbeste. Beraz, nire lehen neurria, martxan den guztiari ezer kendu gabe, une batez geratzea litzateke, ikusteko ea etekin gehiago atera diezaiokegun egiten ari garen guztiari.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie.
Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Pasaiako bosgarren elkarrizketa da.