Kanterri ikastaroa bigarren aldiz egingo dute
Uztailaren 10ean eta 11n egingo dituzte ekitaldiak, udaleko aretoan eta Arizmendieneko lorategian. Izena eman daiteke.
Kantagiltza elkarteak eta Ahotseneak, Oiartzungo Udalaren laguntzarekin, Kanterri. Kantatzen duen herria ikastaroa antolatu dute, bigarren aldiz.
Uztailaren 10ean eta 11n izango dira saioak. Euskarazko kantagintzaren “ikasgune eta bilgune” izan nahi du Kanterrik, eta euskarazko kantagintza aztertu eta hura sustatzeko baliabideak eskaini nahi dituzte.
Euskarazko kantagintzaren dimentsio artistiko, kultural, sozial, linguistiko eta historikoa aintzatetsi nahi dute. Kantagintzaren “grina” transmititu nahi dute baita ere.
Sei jarduera antolatu dituzte, eta horietan izena emateko epea irekita dago, ekainaren 18ra arte. Izena emateko galdetegia prestatu dute. Honakoak izango dira prezioak:
- 40 euro ikastaroa osorik.
- 25 euro egun bakarra.
- 35 euro ikastaroa osorik Berrialagunek eta soldatagabeek.
- 20 euro egun bakarra.
Egitaraua
- Uztailak 10
- 09:30-11:30: Jokin Azpiazu: Musika sorkuntza, normalizazioa eta merkatuaren esku ikusezina. Ezberdintasuna eta errepikapena.
- 12:00-14:00: Joseba Sarrionandia: Abestiak eta herriak.
- 15:30-18:00: Maite Larburu: Hari izan (saio praktikoa).
- Uztailak 11
- 09:30-11:30: Jon Urzelai Urbieta: Sua, garra, errautsak: zer den musika jaialdi bat egun.
- 12:00-14:00: Marie Hirigoien: XX. mendeko euskarazko kantuaren garapena. Euskarazko kantuaren berezitasunak.
- 15:30-18:00: Ana Arsuaga: Abesti baten eraikuntza, apaltasunetik ornamentura (saio praktikoa).