Adostasuna eta berdegune handiena izango dena, azken plenoan ardatz
Agintaldiko azken plenoa egin dute. Mendibil parkearen inguruko berdegunea lortu du, truke bidez, udalak. "Berdegune handiena" izango da.
Agintaldia igandean agortuko da, eta atzo arratsaldean egin zuten falta zen ohiko plenoa. Hamalau puntukoa zen gai-zerrenda, eta agintaldiko udalbatzarren ildoa jarraituta, adostasunarekin onartu zituzten gaiak.
Udalak eta Inmobiliaria de Orio Txoko Txiki higiezinen enpresak trukaketa egitea onartu zuten. Enpresak Mendibil partearen, bidegorriaren eta hilerriaren artean duen 40.000 metro koadroko lursaila emango dio udalari eta trukean ELI-6 eremuan udalak duen aprobetxamendua eta 550 metro karratuko zatia jasoko du.
Udal gobernu taldearen iritziz, Oiartzunentzat “oso onuragarria” izango da trukaketa, horri esker herriko “berdegunerik handiena” eskuratuko baita. 100.436 metro karratuko azalera du.
“Elizalde erdigunea inguratuko duen eraztun berdea indartzeko ezinbestekoa izango da eta arnasgune ekologikoa izateaz gain, aukera emango du zerbitzu ekipamenduak zabaltzeko (beilatokia, besteak beste)”, adierazi zuten.
Gainera, nekazaritzarako lur-sailak eskuratuko ditu udalak modu horretan.
Arraztalori, laguntza
Arraztalo Elkartearekin hitzarmena sinatzea adostu zuten. Gaixotasun psikikoa duten oiartzuarren lan eta gizarte integrazioko egitasmoak sustatu eta gauzatzea du helburu, eta haien bizi-kalitatea hobetzeko hainbat jarduera egiten dituzte.
Jarduera ekonomikoak, hitzaldiak, senideen arteko laguntza taldeak eta abarrak diruz laguntzeko, udalak 53.000 euro bideratuko dizkio elkarteari.
Leoneten agurra
Jexux Leonet alkateak ez du karguan errepikatuko, eta tarte bat hartu zuen pleno bukaeran, esker oneko hitzak esateko. Esperientzia “izugarria” izan dela adierazi zuen, eta balorazioa “oso positiboa” izan zela gaineratu.
“Gustura noa, urte hauetan Oiartzun hobetzea lortu dugulako”, esan zuen alkateak. Taldekideei zein oposizioko zinegotziei eskerrak eman zizkien jasotako babesa eta emandako tratuagatik. Horrez gain, elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuen.
“Eredugarriak izan gara, guztion elkarlanarekin eta konpromisoarekin herrigintza egiteko modu bat asmatu dugulako. Jakin dugu oiartzuar guztien mesederako lan egiten”, adierazi zuen.
Eneritz Arbelaitz alkateordeak, EH Bilduren izenean, eskerrak eman zizkion alkateari, eta hitz onak izan zituen beretzako. “Eredugarriak izan gara, guztion elkarlanarekin eta konpromisoarekin herrigintza egiteko modu bat asmatu dugulako. Jakin dugu oiartzuar guztien mesederako lan egiten. “Eduki duen lanerako grina, konstantzia, konpromisoa, ikuspegia, enpatia, umiltasuna eta pazientzia eskertu behar zaizkizu”, adierazi zion.
“Herritar guztien alkate” bezala definitu zuen Arbelaitzek.
Janire Mitxelena EAJko bozeramaileak ere laudorioak izan zituen. Alkatearekin “oso gustura” lan egin duela aitortu zuen. “Zure aldetik babesa sentitu dut. Oso pertsona ona zara eta zorterik onena opa dizut”, gaineratu zuen.
Plenoa bukatzeko, talde argazkia atera zuten zinegotziek.