Arantxa Tapia sailburuarekin elkartu da EAJ
"Oarsoaldea biziberritzeko plan bereziaren" berri eman du sailburuak, eta eskualdean egin diren inbertsioak goretsi ditu, krisiari aurre egiteko talka neurri gisa.
Errenteriako EAJ Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuarekin bildu da berriki. Azken aldiko informazio bileren esparruan, sailburuak “Oarsoaldea biziberritzeko plan bereziaren” berri eman zuen. Suspertze plana Eusko Jaurlaritzak diseinatutako talka-neurrien multzo baten parte da, krisiak kolpatutako ekonomia sektoreak suspertzeko asmoz.
Tapiaren arabera, Eusko Jaurlaritzak 27 milioi euro bideratu ditu eskualdera, planari esker. Inbertsio horien bidez enpresa berrikuntzarako dinamizazio zentroa egokitu zen, baita Habianek Torrekuan zituen instalazioak handitu ere, “sormenezko lanbideetan ekintzailetza sustatzeko”. EAJren ustez, Errenteria-Oreretara etorrita, neurri horiek “eragile mobilizatzaile eta dinamizatzaile” gisa jardun dute, krisiari aurre egiteko “fokuan zuzenean eraginez”.
