"Gutxien dutenen ongizatea izan da guztion ongizatearen neurri guretzako"
Aizpea Otaegi Mitxelena da EH Bilduren alkategaia, bigarrenez. 2019ko hauteskundeetan hasi zuen bide politikoa, boto gehien lortuta. Errenteriako lehen emakumezko alkate da.
Zergatik eman behar diote botoa herritarrek zuk ordezkatzen duzun proiektu politikoari?
Nik uste dut, politikagintzan, hitzek baino ekintzek balio dutela, eta gure kasuan uste dut herritarrek badutela gure ekintzen berri. Hamabi urte hauetan herriak egin duen edo izan duen garapenaren berri badaukate, eta nik esango nuke, gaur, herri hobea garela, herri justuagoa garela, gutxien dutenen ongizatea izan da nolabait guztion ongizatearen neurri guretzako, eta horren erakusgarri bada gizarte zerbitzuen eta gizarte babesaren esparruan herri erreferentziazkoa izatea. Hori ez diogu guk, kanpoko eragileek diote, erreferentziazkoak jotzen gaituzte gizarte babesean.
Esango nuke ere, herri justuagoa izateaz gainera, herri kohesionatuagoa garela. Komunitate bakarra garenaren ideia ikaragarri landu dugu, eta komunitate bakar gisa jokatzea ezinbestekoa dela ere nik uste dut garbi dugula herri gisa, eta pandemiaren testuinguruan oso garbi gelditu zitzaigun. Gure erantzuna ona izan baldin bazen horrelako egoera larri batean, izan zen jakin genuelako komunitate gisa jokatzen. Uste dut gero eta herri kohesionatuagoa izatea, eta komunitate bakar gisa jokatzea, gero eta garrantzitsuagoa izango dela.
Esango nuke, baita ere, gure hirigintza eredua edo gure hiri antolaketak bilatzen duela, nolabait, pertsonen neurrira eraikitako hiria izatea, besteak beste, elkarguneak ahalbidetzea, pertsonen arteko harremanak, sareak eta zaintza, ahalbidetzea. Halaber, jarriko nuke balioan gure gobernatzeko modua, oso gure DNAn dagoena: herritarrekin boterea partekatzeari ematen diogun zentraltasuna. Nabarmena da ere, hamabi urte hauetan udala nola ireki den herritarrekiko, eta nola zabaldu ditugun herritarrekin politika publikoak pentsatu eta erabakitzeko espazioak.
Hau guztia kontuan hartuta, herri aurreratu baten oinarriak jartzen ari garela esan behar dut, proiektu eta politika berritzaile eta aitzindariekin. Horregatik nioen, azkenean, hitzek baino, ekintzek balio dutela. Hau da hamabi urtean eraikitzen ahalegindu garena, eta honetan sakondu nahi izatekotan, herritarrek konfiantza erakusteko modua egin dezakete gu bozkatuz; eta gu, zalantzarik gabe, prest gaude bide honetan sakontzeko, eta gure onena ematen jarraitzeko.
Alkate bazara zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Agintaldi honen esperientziatik, nik uste dut lehendabiziko gauza egin beharrekoa agintaldia ondo joan dadin, eta agintaldia eraginkor bat izan dezagun, agintaldi plana garbi edukitzea dela. Alegia, datozen lau urteetarako bide orria zein izango den oso garbi izatea. Agintaldi planak bermatzen du gobernu koalizioan gobernatuz gero, gobernatzen duten alderdiak ondo lerrokatuta egotea; ezinbestekoa da aldi berean udal teknikariak bide orri horrekin ondo lerrokatuta egotea, eta beraz, beraiekin partekatu eta lantzea. Uste dut agintaldi planak erakusten diela herritarrei gu zertara konprometitzen garen. Horrek ahalbidetzen du ere agintaldia amaitzean herritarrek baloratu ahal izatea eman dugun hitza zenbateraino bete dugun. Agintaldi honetan ezinbestekoa izan da bide orri garbi bat edukitzea, nahiz eta tartean pandemia bat kudeatzea tokatu den eta hori egin dugun, baina sekula ez dugu bide orria bistatik galdu. Nik uste dut agintaldi honen klabeetako bat, hain justu, bide orria izan dela.
Populazioaren %25 65 urtetik gorakoa da. Eros ahalmena bermatzeko pentsio nahikoak ere ez dituzte kasu askotan, zer esanik ez emakumeak diren pentsiodunen kasuan. Zein politika jarriko dituzue martxan adinekoei erantzuteko?
Garrantzitsua da zer egin dugun, eta adinekoei zuzendutako politikei zer pisu eta leku eman diegun esatea. Adinekoei zuzendutako politika zehatzak ezinbestekoak dira, asko direlako, gero eta gehiago bizi direlako, eta beraiek ere merezi dutelako kalitatezko bizi baldintza duinak edukitzea etapa horretan; ezinbestekoak dira politika publikoak.
Kolektibo horren inguruan dugun kezkaren adierazgarri dira azken agintaldi honetan bertan egin diren hainbat interbentzio. Alde batetik, Gizarte Zerbitzuen Kontseilua osatu da. Modu espezifikoan, gainera, kontseilu horren barruan adinekoen lantaldea osatu dugu, hain justu ezinbestekoa iruditzen zaigulako beraiei zuzendutako politikak beraiekin landuak eta adostuak izan daitezen.
Bestetik, bakardadeari aurre egiteko estrategia landu dugu, eta garatzen hasi gara. Gainera, pandemia bezalako egoera larri batean hasitako lanketa bati jarraipena emanez. Bestetik ere esango nuke adinekoen harreman sarean ezinbestekoak diren jubilatuen elkarteetan, adibidez, inbertsio potenteak egin direla, ia milioi erdi eurokoak. Klubek oso paper garrantzitsua jokatzen dute adinekoak harremanetan manten daitezen, sozializa daitezen, eta zahartzaro aktibo bat eduki dezaten.
Agintaldi hau ere izan da, nolabait, adinekoei modu espezifikoan zuzendutako etxebizitza ereduari buruz gogoeta egin dugun agintaldia. Agintaldi honetatik dator Fini Rubio izena eramango duen eraikinaren planteamendua, bai zaintza ereduaren ikuspegitik zer nolako etxebizitza behar dugun, bai proiektu sozial gisa, eta bai arkitektoniko gisa. Proposamen hori dagoeneko landuta dago, eta hurrengo agintaldian funtsezkoak izango dira azkeneko bi kontu horiek, batetik, bakardaderi aurre egiteko estrategiaren kontra borrokatzen jarraitzeko, nolabait diseinatu den estrategiaren inplementazioa, eta estrategia horretan elementu berriak inkorporatzen jarraitzea. Fini Rubio proiektuarekin aurrera segitzea bestea; gure planteamenduan 26 apartamentu aurreikusi ditugu, bizi osorako apartamentuak izateko planteamendu berritzailearekin. Momentu honetan Gipuzkoan Usurbilen eta Errenterian ari da planteatzen era honetako udal etxebizitza eredu bat sustatzea; Donostian ere Matia ari da, baina nolabait, politika publikoen esparruan Usurbil eta Errenteria ari gara. Uste dut bizi osorako planteamendu honek beste agertoki batera emanago gaituela.
Nabarmendu nahi dut gure konpromisoa kontseiluaren edo adinekoen lantaldearen bidez egiten duguna baina hortik harago doana, gure konpromisoa bai pentsiodunen mugimenduarekin, baita jubilatuen elkarteekin elkarlanean jardutekoa ere. Besteak beste, ikusi dugulako elkarlanak zein eragin biderkatzailea duen. Beti esaten dugun elkarlan publiko komunitario horrek zein eragin biderkatzaile daukan argi gelditu da Beraungo anbulatorioan ordutegia murrizteko garaian; elkarlanean jarduteak zein emaitza positibo eduki duen argi gelditu da. Era horretako edozein agertokiren aurrean elkarlanak ezinbestekoa izan behar du, eta gure konpromisoa bada elkarlanean jardutekoa.
Hamar Errenteriarretik batek egiten du euskaraz kalean. Ezagutza %42koa eta erabilera %10,9koa. Neurririk aurreikusi duzue erabilera sustatzeko?
Esaten da euskara badagoela bidegurutzean momentu honetan, testuinguru berezi bat bizitzen ari garela hizkuntza normalizazioaren ikuspegitik, eta nik uste dut, agintaldi honetan, orube garrantzitsu bat joan garela josten, nolabait, euskarak bizi duen egoera honetan zer egin, nola jokatu argituko digutenak. Alde batetik, garrantzitsua da esatea udalean lanketa egin dugula agintaldi honetan, hurrengo agintaldian landuko den hizkuntza plangintzak eduki behar dituen irizpideen inguruan. Lanketa garrantzitsua egin da eta eginda dago, eta hor noski, nabarmendu behar dut hizkuntzak, euskarak, izan behar duela zerbitzu hizkuntza baina oso argi dugu baita ere laneko hizkuntza izan dadin apustua egin behar dugula. Udal administrazio garen neurrian, erreferentziazkoak izan behar dugu, nolabait erakunde traktore izan behar dugu, eta ez zaigu ahaztu behar gainera, Errenteriako Udala dela udalerrian dagoen lantokirik handiena, 400 langiletik gora dituena.
Garrantzitsua da agintaldi honetan hizkuntza irizpideen inguruan egin den lanketa, ahalbidetuko baitigu hurrengo agintaldian hizkuntza plangintza bera lantzea.
Bestetik, udalerriko plan estrategikoa landu da. Kasu honetan Euskararen Aholku Kontseiluarekin eskuz esku landu da, eta eragile askoren inplikazioarekin, eta hurrengo agintaldian tokatuko da, nolabait, plangintza horren baitan jasotako neurriak eta estrategiak inplementatzea. Baina horrez gain, udalerri mailan, beste tresna bat ere badaukagu agintaldi honetan, Badalab Hizkuntza Berrikuntzarako Laborategiak erabaki duelako Errenteria izatea bere kokagune. Badalab jaio da hizkuntza berrikuntzarako laborategi izateko, hizkuntzaren esparruan estrategia berritzaileak martxan jartzeko, eta gainera, hizkuntza normalizazioaren esparruko eragile sozial eta instituzional guztien bultzada jaso duen apustu sendoa da. Nik uste dut Badalab bera hizkuntza berrikuntzarako espazioa izateaz aparte lortu behar duguna dela, herria bera hizkuntza berrikuntzarako laborategi bihurtzea. Hortik eraiki dugu Joxepa Antoni Aranberri Anitzenea ekosistema, eta hor jarri dugu itxaropena, sinistuta gaudelako, ekosistema horren baitan elkartu ditugun eragile horien esperientzia, ezagutza, eta elkarlanetik sor daitezkeela oso proiektu interesgarriak, herria laborategitzat hartuko dutenak edo laborategi izaerako orubetzat hartuko dutenak. Badalab eszenan agertzeak, eta Badalab-en baitan sortu dugun testuinguruak uste dut ekar dezakeela hizkuntza berrikuntzaren esparruan gure udalarentzat eta udalerriarentzat aukera politak zabaltzea.
Edozein kasutan, eta gure programara etorrita, plan estrategikoa kontuan hartuta bi ardatz izango ditugu jomugan datorren agintaldian: Alde batetik, aisialdi, kirol eta kultura esparruan modu sakon eta berezituan eragitea; horrek eskatzen du, azkenean, alorreko eragileekin lankidetza estuan jardutea. Bestetik, haur eta familien arteko harremanean eragitea, jakin badigulako testuinguru horretan egiten duela gure herrian hizkuntzaren erabilerak gora. Haur eta familien arteko harremanen testuingurua baliatu nahi dugu, hizkuntzaren erabileran aurrera egiteko.
Horrekin batera, garrantzitsua iruditzen zaigu ezagutzan ere aurrera egitea. Euskara ikastea irisgarria izan dadin, apustua egiten jarraitu behar dugu, urteak daramatzagu horretan, ezagutzaren esparruan sekulako ibilbidea egin duen udalerria gara, bilakaera handia izan duelako euskararen ezagutzak gure herrian. Apustu sendoa egin dugu azken urteetan doakotasunaren alde, eta gure euskaltegietako matrikulen %80 diru laguntza bidez finantzatua da, baina gure programan jasotzen da ere, hurrengo agintaldiari begira, A1 eta A2 unibertsalki doakoak izatea.
Uste dut oso testuinguru interesgarria josteko gai izan garela agintaldi honetan, hurrengo agintaldian fruitu politak eman ditzakeena, edo proiektu politak martxan jartzeko aukera eman diezagukeena, baina bestetik ere, guk hiru ildo horiek gure programan jasota dauzkagu eta garatzeko asmo guztia daukagu: aisialdia, familia arteko harremanak, eta doakotasuna euskara irisgarria egiteko denontzako.
Herri bat, 15 auzo. Zein garrantzia dute auzoek zuk ordezkatzen duzun proiektu politikoan?
Abiatuko nuke galdera honen erantzuna esanez herri bizigarri batek ezinbestean dituela oinarrian auzo bizigarriak. Nik uste dut bistan dela ere, azken urteetan, auzo bizigarriak izan ditzagun egin dugun ahalegina. Horren barruan, hainbat dimentsio nabarmenduko nituzke: mugikortasunaren esparruan adibidez, egin dugun igogailuen hedatze ikaragarria azken urteetako garrantzitsuena izan da, eta gaur egun gure herriaren bizitzan ez da posible igogailurik gabeko herria pentsatzea, baina baita ere mugikortasun bertikalaren osagarri, egin dugun garraio publikoaren sustapena oso garrantzitsua da, estaldurak hobetuz, ordutegiak zabalduz. Duela gutxi neurri berriak martxan jarri berri ditugu. Joan den irailean prezioa jaitsi genuen erdira. Mugikortasunaren esparruan ikaragarrizko ahalegina egin da.
Auzoetan elkarguneak sustatzeko ere apustu garbia egin da. Estalpeek ikaragarrizko inpaktua izan dute, estalpeak eraiki ditugun auzoetan ikusi dugu zein eragin positibo izan duten. Agintaldi honetan hiru auzo izan dira estalpeak irabazi dituztenak: Gaztaño, Agustinak, eta Kaputxinoak.
Bestetik, auzoetan elkarguneak sustatzeko politika horren baitan, aipatuko nituzke ere auzo ekipamenduak eta horietan egin den inbertsioa. Hitz egin dezakegu Markolako polo inklusiboaz, baino hitz egin dezakegu ere jubilatuen elkarteetan egindako inbertsioei buruz.
Beste dimentsio garrantzitsu bat auzo bizigarriak sustatze aldera, uste dut dela espazio publikoa irabazteko egiten ari garen interbentzioak. Hor aparkalekuak eraikitzen ditugunean, noski, aparkatzeko premiari erantzun nahi diogu, baina egiten ditugun interbentzioetan planteatzen ari garena da espazio publikoa irabazi behar dugula herritarrentzako. Hori da adibidez, Beraunen edo Pontikan eraikitzen ari garen aparkalekuen logika, baina espazio publikoa irabazteko logika horretan ere ez nituzke aipatu gabe utzi nahi parkeak, eta espartzimendurako edo aisialdirako eremuak. Horien barruan, Txirrita parkeak eta Sarriegik paper garrantzitsua jokatzen dute. Denok ikusi ditugu espazio horiek biziberritzen, parke berriak eraikitzearekin batera, baina, adibidez Lartzabal-Fanderia autopista azpiko interbentzio horrek ere zer-nolako kalitatezko espazioa eskaintzen digun, interbentzio horrek izan duen garrantzia uste dut ere nabarmentzekoa dela.
Azkenekoz, laugarren dimentsio bat auzoen bizigarritasunaren ikuspegitik nabarmenduko nukeena da HAPOan bertan, hirigintza planaren lanketan bertan, nola auzoei beraiei eman diegun begirada espezifikoa, nola txertatu dugun auzo bihotzen kontzeptua, eta nola ari garen kontzeptu hortik garatzeko neurriak hartzen.
Dimentsio horiek guztiek uste dut, garbi adierazten dutela auzoen alde egiten dugun apustua eta nola benetan pentsatzen dugun auzo bizigarririk gabe ez dagoela gero herri bizigarririk. Nabarmenduko nuke ere, agintaldia hasiko dugula mugarri garrantzitsu batekin: Zu zerbitzua eta gizarte zerbitzuaren deszentralizazioarekin hasiko dugu. Udala baino Aldakoenea hurbilago duten herritar guztiek udal zerbitzu garrantzitsuenak irisgarriago egingo dizkiegu.
Elkarrizketa hasi dut esanez hitzek baino ekintzek balio dutela, eta nik uste dut bai egin dugunak, eta bai orain justu agintaldiaren hasieran gertatuko den honek, garbi adierazten duela auzoen aldeko apustua.
Alkatetza erdiesteko edo eroso gobernatzeko alderdi arteko itunak aurreikusi dituzue. Norekin?
Azken urteetan izan dugun ezkerreko indar batuketa honetan, alde batetik esango nuke, gu eroso egon garela, helburu eta proiektu estrategikoetan ados jartzea erraza izan delako. Esango nuke ere, herri langilea izandakoa garela, uste dut gizarte mugimenduekin lotuta dugun iraganarengatik, langile mugimenduarekin lotuta izan dugun harreman estu horrengatik bagarela herri bat sinisten duena justizia sozialean, berdintasunean, herri kohesioan; eta uste dut, zentzu horretan, azken urteetan egin dugun jarduna alde batetik bat datorrela jendearen gehiengoak pentsatzen duenarekin, eta bestetik, gure jardunaren eraginkorra izan dela, herri justu bat eraikitzeko norabide horretan.
Ikusiko dugu, herritarrek esango dute zein den beren hautua, datozen udal hauteskundeetan zer bozkatzen duten, eta ikusiko dugu horren baitan ere zein eszenario geratzen zaigun, eta zer den herritarrek beraiek eskatzen digutena. Azken finean hori da hauteskundeek erakutsiko digutena, zeintzuk diren euren hautuak eta zer den eskatzen digutena; guri, entzutea dagokigu eta behin emaitzak ikusitakoan nola jokatuko dugun erabakitzea.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie. Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte.
Honakoa Errenteria-Oreretako bosgarren elkarrizketa da.