Motora Mugi sisteman txertatzeko akordioa itxi dute
Ez dakite noiztik aurrera jarriko den martxan deskontuen txartela, baina erabakia hartu dute: Mugiarekin bidaiatu ahalko da barrutiz barruti.
Atzo goizean Gipuzkoako Lurraldearen Garraio Agintaritzak argi berdea eman zion Pasaiako motora Mugi sisteman txertatzeari. Hilabete hasieran iragarri zuen Izaskun Gomez alkateak osoko bilkura hartan hartuko zela behin-betiko erabakia.
EAJko ahaldungai nagusi Eider Mendoza eta Pasaiako alkategai Loreto Osak alkatearen iragarpena baino egun batzuk lehenago publiko egin zuten alderdi jeltzalearen konpromisoa ur bidezko garraioa deskontuen sisteman txertatzeko; eta hala egin dute. Loreto Osa herriko alkategaiak erabakia txalotu du: “Poztu egiten gara ehunka pertsonek egunero Mugi sistemak eskaintzen dituen deskontuak jaso ahal izango dituztelako”.
Gipuzkoako Garraio Agintaritzak Itxas Zerbirekin (zerbitzuaren kudeatzailea) sinaturiko lankidetza-hitzarmenaren gaineko bozketan abstentziora jo du EH Bilduk. Izan ere, akordioan ez dira bizikletak barnebildu, eta beraz, horiek motoran garraiatzen dituztenek ibilgailuagatik aparteko ordainketa egin beharko dute. Hedabide honek jakin duenez, hori izan da bilkideak abstenitu izateko arrazoi nagusia.
Oraindik ez dakite noiztik aurrera erabili ahalko den deskontuen txartela motoran, baina erabakia hartuta dago.