Bost aukeraren artean erabakitzeko eskubidea dute 4.813 lezoarrek
2023-2027 artean herria udaletik nork gidatuko duen erabakitzeko aukera dute gaur lezoarrek. Bost alderdiren artean hauta dezakete.

Bost aukera, eta hauteskunde erroldan 4.813 lezoar. Horiek gaurko hauteskunde egunaren hasierako bi datu esanguratsuenak. Gaur dira udal eta foru (Batzar Nagusietarako alderdi gehiagoren artean aukera dezakete herritarrek) hauteskundeak, 09:00etatik 20:00etara izango dira zabalik aurten lehenengoz Bekoerrota kiroldegian jarriko dituzten mahaiak.
Erroldari dagokionez, 2019ko udal hauteskundeetan baino pixka bat txikixeagoa da bozkatzeko eskubidea dutenen kopurua, zehazki, 45 pertsona gutxiagokoa da aurtengo errolda. Nor bozkatu erabakitzeko, berriz, aukera bat gehiago: azken hauteskundeetan ohikoak izan diren EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta PPri, Elkarrekin Podemos gehitu zaie. Ikusi beharko da alderdi morearen agerraldiak zer nolako eragina duen lezoarren erabakietan.
2019koetan, botoetan, EH Bildu izan zen garaile 1.418 boz eta sei zinegotzirekin. EAJk 1.310 lezoarren babesa izan zuen, sei zinegotzi lortuta. Jeltzaleek eta PSE-EEk (277 boto 2019an, zinegotzi bat) egindako akordioari esker, Jesus Mari Martiarena (EAJ) izan da 2019tik herriko alkate, eta sozialistekin gobernu akordioa lortuta, bi alderdien artean gidatu dute herria.
Aurten ere EH Bilduren eta EAJren arteko lehia estua espero da. PSE-EE edo Elkarrekin Podemos, lortzen dituzten emaitzen arabera, alkatetza eta gobernu akordioetara giltza izan daitezke. 4.813 lezoarrek dute erabakia.
2019ko udal hauteskundeetako abstentzioa %35,34koa izan zen. Aurten, gainera, Mendekoste Jaien azken egunarekin bat egin dute hauteskundeek. Alderdiek mobilizatzeko deia egin diete herrikideei, bozkatzera joateko.

2019ko udal hauteskundeen emaitzak, eta zinegotzien banaketa, Lezon.