Oiartzun 2-1 aurreratu zaio Azkoitiari, esku huskako Herriartekoan
Senior mailako eta jubeniletako partidak irabazi dituzte oiartzuarrek, Madalensoron. Erreminten modalitateko bi partidak galdu dituzte.
Esku huskako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final laurdenetako joaneko partidak jokatu dituzte pasa den asteburuan. Madalensoron izan ziren, eta oiartzuarrek balantze polita lortu zuten Azkoitiko ordezkaritzaren kontra.
Hiru partidetatik bi irabazi zituzten. Kadete mailako partida galtzen hasi ziren (15-22), baina jubenil eta senior mailetakoak poltsikoratu zituzten oiartzuarrek. Honakoak izan ziren emaitzak, hurrenez hurren: 22-6 eta 22-19.
Autobusa, babestera
Datorren ostiralean —ekainak 2— jokatuko dituzte itzuliko partidak, Azkoitian. Oiarpek autobusak antolatu ditu bertara joateko, pilotariei animoak ematera. Autobus bat bete dutela jakinarazi dute, eta bigarrenaren bila doazela.
Ostiraleko 20:15ean aterako dira autobusak, Haurtzaro Ikastolako aparkalekutik. Joan-etorriak 10 euro balioko duela iragarri dute.
Izena emateko, 665 713 768 telefono zenbakira idatzi beharko da, Whatsapp bidez.
Bestalde, Oiarperen emaitza guztiak ikus daitezke esteka honetan klik eginda.
Erremintan, pattal
Larruzko paletan eta pala motzean asteburuan hasi zuten ibilbidea, finalerdietan. Ez dute ongi hasi, bi partidak galdu baitzituzten, Donostiaren kantxan.
Zelaiaran eta Juaristi oiartzuarrek, larruzko paletan, 35-19 galdu zuten. Pala motzean, berriz, Azpiroz eta Argotek 40-27 galdu zuten.
Itzuliko partidak ostiralean jokatuko dituzte Madalensoron, 21:30ean.