Fiskaltzaren esku hartzea eskatu du Eguzkik
Gamongoa sektoreko Plan Orokorarren aldaketa puntualaren udal onarpenaren aurka jarritako administrazioarekiko auziaren dokumentazioa eskatu badu ere, udalak ez diola eman salatu du Eguzkik, eta horregatik jo duela fiskaltzara jakinarazi.
Eguzki talde ekologistak fiskaltzaren esku hartzea eskatu duela jakinarazi du komunikabideetara bidalitako prentsa ohar bidez. Azaldu duenez, 2022ko irailean, Gamongoa sekotoreko Plan Orokorraren aldaketa puntualaren udal onarpenaren aurka administrazioarekiko auziari buruzko dokumentazioa eskatu zion udalari: “Udalak behin eta berriz ukatu digu informazio hori gure ustez lege oinarri nahikorik gabe”. Hori dela eta, aurtengo otsailean Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen babesa eskatu zuela gaineratu du Eguzkik:
“Martxoaren 21ean ebazpena eman zuen, eta bertan, udalari eskatu zion dokumentazioa gehienez ere 10 eguneko epean emateko. Udalak ez digu dokumentazioa eman, ezta administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu —bi hilabeteko epea zuen udalak jakinarazpena jaso zuenetik errekurtso hori egiteko—”.
Udalari, “nagusikeriazko” jarrera egotzi dio talde ekologistak, eta “onartezintzat” jo, “administrazio publikoak eredugarria izan behar du oro har hartzen dituen eta nahitaez bete beharreko diren ebazpenak betetzeko orduan. Jarrera horrek, ahuldu egiten du administrazioaren sinesgarritasuna, erakundeen arteko leialtasun printzipioa hausten baitu, eta herritarrek informazio eta parte hartze publikorako dituzten eskubideak mespretxatzen baititu”. Horrenbestez, pasa den hilaren 29an, “herritar gisa ditugun eskubideak bermatze aldera”, Gipuzkoako fiskaltzaren esku utzi dutela udalaren jarduera esan du Eguzkik, “delitu izan daitekeela ulertuta”.