Motora Mugi txartelarekin ordaindu ahalko da udazkenetik aurrera
Gaur formalizaturiko akordioak lau urteko epea izango du. Tarifa orokorra, deskontuarekin, 0,48 eurokoa da. 6 urtetik beherakoentzat, doan.
Gaur goizean Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) hitzarmena sinatu du Pasaian Motora zerbitzua kudeatzen duen Itsas Zerbi enpresarekin. GGLAko arduradunek ziurtatu dute udazkenetik aurrera baliatu ahalko dela txartel bakarreko sistema herriko ur bidezko garraioan.
Gaur formalizatutako akordioak GGLAk maiatzaren 25eko ohiko batzarreko erabakia berretsi du. Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du du, eta zortzira luzatu ahalko da aldeek ala adostuz gero.
Aurreikuspenen arabera, udazkenean sartuko da indarrean deskontuen sistema. Izan ere, aurretik Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Foru Sailak Itsas Zerbiren esku jarri behar baititu txartelarekin ordaintzea ahalbidetuko duten zazpi makina balidatzaileak.
Tarifak
Motoraren erabiltzaileek hiri-eremuko ‘1 tarifa’ baliatu ahalko dute. Donostiako DBus konpainiaren hiri-autobusetan aplikatzen denaren antzekoa da hori: 0,96 euro bidaiako, ‘lehen tarteko’ bidaiarientzat (hilean bidaia batetik 20ra bitarte egiten dituztenak). Iazko irailean abian jarritako %50eko deskontuak indarrean jarraitzen duen bitartean, prezio hori 0,48 eurokoa izango da.
Era berean, beste garraiobide publikoekin egindako transbordoak doakoak izango dira Mugi txartelarekin ordaindu badira, eta orain arte bidaia bakoitzeko 1,10 euro ordaintzen zuten 6 urtetik beherako haurrek doan bidaiatuko dute motoran. Bizikletak ez dituzte hitzarmenean atxiki, eta beraz, orain arte bezala ordaintzen jarraitu beharko dute gurpildun garraioa motoran eurekin daramatenek.
Bestalde, sistema osoari aplikatutako abantailak baliatu ahalko dituzte kolektibo zaurgarrienek. Hots, errenta txikiak dituzten adinekoetatik hasi eta desgaitasuna duten pertsonetara, 26 urtetik beherakoetara, profil sozialak dituzten pertsonetara edo familia ugarietara.