Ekainaren 30era arte, Herri Musika Eskolan matrikula egin daiteke
Soinuenea eta udalak 2023-2024 ikasturtean matrikulatzeko epea zabaldu dute honezkero. Hainbat soinu tresnen ikastaroak eskainiko dituzte.
Udalak eta Soinueneak datorren ikasturtean Oiartzungo Herri Musika Eskolan aritzeko epea zabaldu zuten atzo, osteguna, eta hilaren 30era (ostiralera) arte egongo da izena emateko epea zabalik. Datorren ikasturtean ere, Herri Musika Eskolaren egoitza nagusia Madalensoro frontoia izango da.
Hainbat dira ikasturte berrian landu ahalko diren soinu tresnak; hala nola alboka, txistu eta danbolina, dultzaina, biolina edota txalaparta, beste hainbaten artean. Klaseak astean behineko maiztasunarekin eskainiko dituzte, eta urteko matrikulak 210 eta 410 balioko du; errolda lekuaren eta musika tresnaren arabera.
Izena emateko hainbat bide jarri dituzte herritarren eskura. Hala, ordutegiak, prezioak nahiz izena emateko irizpideak kontsultatzeko, sakatu esteka honetan.