Senior traineruak aurkeztuko ditu Hibaikak asteartean

Asteartean izango da —hilaren 6an— eta kokaleku berezia aukeratu dute ekitaldirako: Fanderiako Futbol zelaia.

Hibaikak seniorren bi traineruak aurkeztuko ditu asteartean. Argazkia: Dani Novas

Hibaika Arraun Elkarteak prest ditu eskifaiak denboraldiari hasiera emateko. Urtero moduan, aurten ere, seniorren emakume eta gizonen traineruen aurkezpena egingo du. Asteartean izango da —hilaren 6an— eta kokaleku berezia aukeratu dute ekitaldirako: Fanderiako Futbol zelaia. 19:30ean izango da ekitaldia. Iaz Zumardiak hartu zuen aurkezpena, eta hamarnaka izan ziren bertara bildu ziren herritarrak.

Emakumeen trainerua EuskoTren Ligan arituko da aurten. Iaz lortu zuen igoera. Gizonen trainerua, berriz, KAE2 Ligan lehiatuko da. Lehenak uztailaren 1ean hasiko dute denboraldia, gizonek, berriz, hilaren 24an.

Hibaika Arraun Elkarteak herritar guztiak deitu ditu bi traineruen aurkezpen ekitaldira gerturatzera, “gure arraunlariei babesa erakustera”.

Gipuzkoako Txapelketa igandean

Traineruen ligak hasi baino lehen hitzordua izango dute Errenteria-Oreretako bi traineruek. Izan ere Gipuzkoako Txapelketa izango dute jokoan Zarautzen igandean 10:30ean hasita. Hibaikako gizonak lehen txandan arituko dira Mutriku eta Lapurdirekin. Emakumeak, berriz, 12:20an hasiko dira, eta bigarren txandan ariko dira Zumaia eta Hondarribiarekin.

Iazko Gipuzkoakoan, bosgarren sailkatu ziren Hibaikako emakumeak, eta hamargarren gizonen trainerua.

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.