«Ahotsa eman nahi diegu udalean ariko diren beste alderdiei»
Arruti izango da Lezoko alkate EH Bilduk gehiengo osoa lortuta. «Ilusioa pizteko» gai izan direla sinistuta dago, eta herritarrekin, eragileekin eta beste alderdiekin elkarlana ezinbesteko jo du «Lezoren alde aritzeko».
2019ko hauteskundeak EH Bilduk irabazi zituen, baina EAJ-PSE hitzarmenak ez zizuen gobernatzeko aukerarik eman. Espero al zenuten gehiengo osoa lortzea?
Espero, espero, ez dakit, desio bai. 2019an berreskuratu genituen 2015ean galdutako boto horiek, eta horrek, nolabait, ilusioa piztu zuen gure inguruko jendearengan. Herritarrekin eta elkarteekin bilerak egin ditugu, auzoetara joan gara, eta ilusioa nabaritu dugu. Gure egiteko moduarekin jendea identifikatzen zela, eta horrek emaitza onak aterako genituen itxaropena eman zigun. Proposamenak egin ditugu, jarrera irekia izan dugu, eta jendeak horrekin bat egin du. EH Bilduren testuinguru orokorra ere ona zen, eta horrek ere lagundu duela uste dut.
Herriak bide onetik zoaztela esan duela esan duzu hauteskundeak irabazi eta berehala. Zein esango zenuke izan direla zuen lanketaren indarguneak?
Agintaldian zehar hausnarketa bat egin genuen, eta ondorioztatu herritarrengandik, elkarteengandik, auzoetatik askoz ere hurbilago egon behar genuela, harreman zuzenagoa izan behar genuela haiekin, eta hori agintaldian elikatzen saiatu gara. Horrekin batera, konfiantza eskaini diegu herritarrei, eta jarrera irekia izan dugu. Beste alderdiekin akordioetara iristeko gaitasuna ere erakutsi dugu. Horiek izan dira klabeak.
Abstentzioa %40,7koa izan da Lezon. Zein da egin duzuen hausnarketa?
2019tik bost puntu igo da abstentzioa. Igoera orokorra izan da eta uste dut, eta denok egin beharko dugun hausnarketa izango dela. Badirudi herritar batzuk politikatik asko urrundu direla; oso arriskutsua iruditzen zait. Saiatu behar gara herritarrak ikus dezaten gu gertukoak garela, konfiantzazkoak garela, eta beraiekin batera atera nahi ditugula aurrera proiektuak. Politikan eta herrigintzan aritzea garrantzitsua dela sinistarazi behar diegu berriro herritarrei; guretzako udalean aritzea herrigintzaren beste arlo bat da.
Oarsoaldeko lau udalerrietan irabazi du EH Bilduk. Pasaian ekainaren 17an gertatuko denaren zain, zer suposatuko du bailararentzat horrek?
Aukera bat da, zalantzarik gabe, denak norabide berean arraunean aritzeko, baina horrek ez du esan nahi guk bakarrik egin behar dugunik. Oarsoaldea Garapen Agentzia dago, eta gainerako alderdiekin, guztiok batera aritu behar dugula uste dut, guztion artean erabaki beharko dugu Oarsoaldea zein bidetan jarri nahi dugun, eta horretarako iritzi guztiak beharko ditugu. Garrantzitsua izango dena da, egiteko modu horretan, lau udalok bat egingo dugula.
Zerrendakide guztiak lezoarrak zaretela nabarmendu duzu, oso garrantzitsua dela hori.
Gure zerrenda herriko elkarte eta eragileekin aritutako jendeak osatu du, eta horrekin esan nahi dugu, herriko bizitza ezagutzen dutela, eta herriko beharrak ere lehen eskutik sentitzen dituztela. Herritarrentzat ezagunak eta gertukoak dira. Herria egin nahi dugu, herrian bizi garelako, eta herria sentitzen dugulako.
Auzo eta udalaren arteko harremanari buelta eman behar zaiola ere esan duzu.
Konpromiso bat hartu dugu auzoetan egin ditugun bileretan: alkatetzan izan edo ez, auzo bilerekin aurrera egingo genuela. Auzoetatik jaso duguna izan da bigarren mailako sentitzen direla nolabait, ikusten dutela herri kaskoan lanak egiten direla, baina auzoak utzita daudela, oinarrizko mantenua ere ez dela bermatzen. Sentsazioa zuten, gainera, udalera jota ere kasu handiegirik ez zietela egiten. Hori aldatu beharra dago. Auzoak gerturatu eta aberastu nahi ditugu.
Hasi zarete hartu-emanean gainontzeko alderdiekin ?
Udalean dauden organoetan ahotsa eman nahi diegu udalean ariko diren beste bi alderdiei. Podemosi ere deituko diogu, eta bere ideiak entzun eta ahotsa ematea badugu, prest gaude horretarako. Apaltasun osoz aritu behar dugu, kontziente izanda, gainera, abstentzioari erreparatuta, jende gehiago izan dela bozkatu ez gaituena bozkatu gaituena baino. Lezoar guztientzat kudeatu behar dugu udala. Estrategikoak diren proiektuak ditugu, eta horiek ezin dute alderdiarenak izan, herriarenak baizik. Denok batera aritu behar gara Lezoren alde.
Nola irudikatzen duzu ekainaren 17a?
Ufa! Une polita eta hunkigarria izango da guretzat. Lana egin dugu eta fruitua hau da: alkatetza. Agian malkotxo batzuk ere ihes egingo didate.
Bertsotan egin zenuen 2019an. Aurten?
[Barre egin du] Baten batek eskatu dit bertsotan aritzeko, eta beste batzuk, berriz, «nahikoa da eh!» esan didate.