Areto futboleko taldea, Gipuzkoako txapeldun
Martutene La Terrazaren kontrako finala irabazi dute oiartzuarrek, Andoainen. Play-offetan irabazi dute txapela.
Areto futboleko Gipuzkoako txapelketetako play-offen finalak jokatu zituzten pasa den larunbatean Andoainen. Emakumeen finala zein gizonen hiru txapelketetako azkeneko partidak jokatu zituzten Allurralde kiroldegiko kantxan.
Lehen Mailako finalean Oiartzun Kirol Elkarteko talde nagusiak jokatu zuen, Martuteneren kontra. Denboraldi erregularra laugarren postuan bukatu zuten, baina finalerdietan liderra kanporatzea lortu zuten.
Finala gaizki hasi zen oiartzuarrentzat, 0-2 galtzen hasi baitziren. Atsedenaldira iritsi baino lehenago lortu zuten aldea txikitzea.
Bigarren zatian, oiartzuarrak jaun eta jabe izan ziren, eta beste bi gol lortuta, buelta eman zioten markagailuari. Pozak ez zuen asko iraun, eta donostiarrek segituan berdindu zuten.
Hala ere, partida bukatzeko hamar minutu falta zirela, oiartzuarrek laugarren gola sartu zuten; txapela janzteko balio izan zien. Oiartzuarrak, beraz, Gipuzkoako txapeldun dira horrela. Larunbatean Andoainen babestu zituzten zaleei eskerrak eman dizkiete.
Emakume beteranoak, hirugarren
Larunbatean baita ere, Donosti Cupeko emakume beteranoen txapelketa jokatu zuten. Bertan izan zen Oiartzun Kirol Elkartearen kamiseta lehiaketa ofizialetan defendatu zutenak berriro ere hala egiten.
Lehenengo bi partidak Panamako eta Mexikoko talde banaren kontra irabazi ondoren, hirugarrena Eibarren aurka galdu zuten.
Laugarren partidan, Dunboa izan zuten arerio, baina, irabazi arren, ez zuten finalera sailkatzeko aukerarik izan. Hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partidan, mexikarrekin neurtu zituzten indarrak, eta oraingoan ere irabazi zuten.
Modu horretan, txapelketako hirugarren postua eskuratu zuten oiartzuarrek.