Oiartzungo esku pilotariak, Herriarteko txapelketako finalerdietara
Azkoitiaren kantxan jokatu dituzte itzuliko hiru partidak, eta joanekoan bezala, bi irabazi eta bestea galdu dituzte oiartzuarrek.
Oiartzun paper bikaina jokatzen ari da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, esku huskako kategorian. Pasa den ostiral arratsean Azkoitiko ordezkarien kontra nor baino nor aritu ziren, final laurdenetako itzulikoan.
Oiartzungo pilotariek herrikide dezenteren babesa jaso zuten. Izan ere, Oiarpek autobusak antolatu zituen Azkoitira joateko.
Zaleen babesaz gain, abantaila ere eraman zuten oiartzuarrek, Madalensoron 2-1 irabazi ondoren. Emaitza bera lortu zuen Urola Kostako herrian, kadete eta jubenil mailetako partidak irabazita, eta seniorrena galduta. Honakoak izan ziren emaitzak, hurrenez hurren: 16-22, 15-22 eta 22-8.
Finalerdietan Ataun izango dute zain, baina oraindik ez dute iragarri datorren asteburuko zein egunetan izango den partida. Goierriko herrian izango dira lehenengo partidak. Beste finalerdian, Andoainek eta Azpeitiak neurtuko dituzte indarrak.
Gainontzeko partidei dagokienez, Berriobeitiko etorkizuneko pilotariei txapelketan bi oiartzuar lehiatu ziren finalerdietan, baina ezin izan zuten finalerako txartelik lortu. Emaitza guztiak ikus daitezke karteleran.
Erremintan, kalera
Larruzko paleta eta pala motza uztartzen dituen Herriartekoan, berriz, Oiartzunek ezin izan du aurrera egin. Donostiaren kontra jokatu dituzte finalerdiak, eta nagusi izan dira.
Joaneko bi partidak irabazita, itzuliko biak ere hiriburukoek irabazi zituzten. Larruzko paletan 21-35 galdu zuten oiartzuarrek, eta pala motzean 23-40koa izan zen emaitza.