Gaur hasiko da 2023ko PDF: dantzaren bidez, dantzatik haratago
Gaur hasiko da bosgarren Pasaiako Dantza Festibala; orain arteko handiena. Egitarauak hartu dituen hogei ekitaldien artean bada bat Antxo zeharkatzen duen «zanga» dantza emanaldi bihurtuko duena.
Gaur hasiko da urtero herria dantzan jartzen duen jaialdia: 2023ko Pasaiako Dantza Festibala (PDF). Gaur arratsaldean izango dira lehen emanaldiak, eta igandera bitarte beste hainbeste ikuskizun, erakustaldi eta tailerrek hartuko dute Pasai Antxo, Haatik Dantza Konpainiak antolaturiko egitarauari esker.
Aiert Beobide, Iurre Aranburu eta Jon Arsuaga dira PDFren inoizko egitaraurik oparoenaren antolakuntzaren atzean dauden aurpegiak. Denera hogei jarduera programatu dituzte lau egun horien artean, sekula baino gehiago; eta sekula baino eremu zabalagoan.
Aurtengo programaren erronka handiena emanaldiak eskaintzeko agertokiak topatzea izan dute antxotarrek. Izan ere, iaz topoko obrek hartu gabe gelditzen ziren zonalde gutxiak jadanik hartu baitituzte ETSren lanek, eta Biteri baita okupatu gabe dagoen plaza bakarra, «eta noski erabiliko dugula», ziurtatu du Beobidek.
Azken urteotan «hain ongi» funtzionatu izan duen skate parkearen aldeko apustua berretsiko dute aurten ere, eta skateentzako zonalde horren harmailetan beste agertoki berri bat sortuko dute. Apusturik ausartena Luzuriaga inguruko parkearen alde egin dute. «Zonaldea konkistatuko dugu», mintzatu da dantzaria, «parke horretan oholtza bat jarrita, eta udako giro ederra espero dugunez gero, leku paregabea izango da dantzalanez gozatzeko».
Kokalekuen berritasunetik aparte, festibaleko emanaldiak iazko bide beretik egituratu dituzte: gaur sortzaile berrien eguna izango da; bihar eta etzi, berriz, «herrira etorri eta arratsalde-gau guztia pasatzeko adina programazio». «Punta-puntako» lan eta sortzaileak izango dituzte gonbidatu, eta estreinaldiren bat ere promestu dute. «Zer esango dut… denetarik dugu!». Oholtza gaineko ibilbide profesionala bukatutzat eman berri duen Iker Murillo antxotarrari omenaldia egingo diote larunbat eguerdian.
Igandea herritarren eguna izango dela aurreratu du Beobidek. Urteroko derrigorrezko hitzordua: Iker Murillo Studio 24ko ikasleen barra klasikoko erakustaldia, aurten Katuen Etxadi inguruan, eta berritasun gisa, Josu Elberdin musikari profesionalak emanaldirako espresuki sorturiko musikaz lagunduta. Zuzenean joko du hark pianoa dantzaldian.
«Antolakuntzan aspaldi hasi ginen, baina badira beste herritar batzuk ere aspaldi ari direnak bihotza emanda sorkuntza lanean, eta horiek Zanga handia emanaldiko lagunak dira», nabarmendu du antolatzaileak. Igandeko 13:00etan, Biterin, izango da herri ekimenetik jaiotako emanaldi parte hartzailea.
‘Zanga handia’
Sorkuntza eta koordinazio lanetan ari den Noe Vianak eman ditu xehetasun gehiago: «Pentsatu genuen herrian suertatzen den dantza hau guztia herritarrei eraman behar geniela, eta hausnartzen hasi ginen zein modutan ahaldundu genitzakeen herritarrak dantzarako».
Garai batean edozein herritako plazak hartzen zituzten dantzaldien espontaneotasuna desagertzen ari da. Dantza ikuskizunak geroz eta gehiago dira profesionalenak, edota zuhurki prestatu eta neurturikoak. Horren gaineko hausnarketa egin du Vianak: «Plazetako dantza profesionalizatu egin da, eta badirudi profesionalek bakarrik dutela aukera kalean dantzatzeko».
Hori horrela, Antxoko adin desberdinetako bizilagunekin harremanetan jarri eta 30 lagun elkartzea lortu zuten, asko eta asko elkar ezagutzen ez zutenak, eta hala hasi zen gorpuzten Zanga handia.
Herriari buruzko hausnarketa lana da, dantza eta doinu bidez 40 minutuko ikuskizun gisa plazaraturikoa. «Herritarrek jolas eta tailerren bidez sortutako piezak herriari buruz hitz egiten du, eta zer hobe hori herrian bertan plazaratzea baino», poztu da sortzailea, eta eskerrak eman dizkio PDFri. «Herri honetan gauza asko dira elkarrengandik baztertzen gaituztenak, baina elkartzen gaituzten asko ere badira, eta uste dugu dantza horietako bat izan behar dela».