Adinekoen egoitzetan robot sozialaren erabilera sustatzeko iniziatiba martxan
SilverBot iniziatiba martxan jarri dute Oarsoaldean. Helburua, adinekoen egoitzetan robot sozialaren erabilera sustatzea.
SilverBot iniziatiba martxan jarri dute Oarsoaldean. Helburua, adinekoen egoitzetan robot sozialaren erabilera sustatzea, zentro gerontologikoak izan edo eguneko zentroak, bertako egoiliar eta erabiltzaileen bizitza hobetu eta luzatzeko.
Hastapen fasean da proiektua Oarsoaldea Garapen Agentziak jakinarazi duenez: “Robotika sozialak zentro gerontologikoetan eta eguneko zentroetan izan dezakeen erabilera ikertzea eta aplikatzea da fase honetan helburua”. Horretarako, zaintza esparruko ikasle, irakasle eta langileekin lan egingo dute. Horiei guztiei, robotika sozialak eskaini diezaiekeen laguntza osagarria sustatuko dute hainbat esperientzia praktiko eta berariazko formakuntza antolatuta.
Proiektuak parte hartzen ari dira Don Bosco LHII, Easo Politeknikoa LHII, Oteitza Lizeo Politeknikoa, Oarsoaldea Garapen Agentzia, Urola Kostako Udal Elkartea Garapen Agentzia, Euskal Herriko Unibertsitatea, eta Domus IV Villa Sakramento.