Bi urre Pasaia Kayakentzat, Espainiako Piraguismo Txapelketan
Maialen Vitoriak junior kategorian erdietsi du garaipena, eta Eukene Saezek, aldiz, beterano master mailan. Kluba hamargarren sailkatu da.
Maialen Vitoria, podiumaren goiko mailan, urrezko dominarekin, Piraguismo Villaviciosa eta Trasonako Nautico Ensidesa ordezkari asturiarrekin batera. Pasaia Kayak piraguismo taldeak hitzordu garrantzitsua izan zuen joan den igandean Tajo ibaiaren uretan, Aranjuezen (Madril, Espainia) jokatu baitzen Ibai eta Zeharkaldietako XI. Espainiako Txapelketa ur lasaietako ontzientzat, Espainia osoko 50 klubetik gorako ehunka parte hartzailerekin lehian, adin kategoria guztietan (kadeteetatik beteranoetara).
Oraingoan ere, ondo baino hobeto aritu zen talde pasaitarra, eta nesken lan aipagarriari esker, bi urrezko domina ekarri zituzten etxera urdinek. Bost dira, jada, pasaitarrek kategoria eta modalitate guztietan pilatuta dituzten estatuko txapelketak, Oarsoaldeko piraguismoaren indarraren erakusgarri.
Maialen Vitoria altzatarra faboritoen artean zegoen junior kategorian, eta ia 8 kilometroko ibilbidea bukatuta nagusitasunez eskuratu zuen garaipena, minutu eta segundo bateko eta ia minutu eta erdiko tartea atereaz, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarrenari. Indar handia emango dio Vitoriari Espainiako txapelketa batean lehen aldiz lortu duen txapelak.
Eukene Saez errenteriarrarentzat, aldiz, ez da lehena; lehendik ere lortuak ditu horrelako garaipenak bere ibilbide luzean, eta ez zuen aukera galdu beste urrezko domina bat poltsikoratzeko beterano master mailan. Nagusitasun osoz lortu zuen garaipena, Maritimo Mahon eta CD Piragua Madrid taldeetako ordezkarien aurretik.
Beste hainbat postu aipagarri lortu zituzten pasaitarrek. Besteak beste, aipatzekoa Enara Nuñez, Ioar Alonso, Irati Herce eta Kattalin Altuna pasaitar kadeteek egindako lana eta Iñaki Fernandez eta Anartz Alonso beteranoena. Guztiak hamar onenen artean sailkatu ziren.
Hori horrela, meritu handiko hamargarren postua lortu zuen Pasaiako klubak taldekako sailkapen orokorrean, eta emakumezkoen sailkapen bereiziari dagokionez (Iberdrola Liga), aldiz, hirugarren postua lortu zuten urdinek. Denboraldiak ez du etenik, eta jadanik ari dira hurrengo hitzordua prestatzen Pasaiako palistak: datorren asteburuan Iruñean eta Garesen jokatuko diren nafar diptikoko bi probak.
