Izaskun Gomez da Gipuzkoako PSE-EEren hautagaia Senaturako
Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako hautagaiak aurkeztu ditu PSE-EEk. Pasaiako jarduneko alkatea da Senaturako zerrendaburua.
Uztailaren 23an izango diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako hautagaiak aurkeztu ditu PSEk. Kongresurako zerrendaburua, Gipuzkoan, Rafaela Romero izango da, eta Izaskun Gomez egungo Pasaiako jarduneko alkatea izango da Espainiako Senaturako Gipuzkoako hautagaia.
Gaur egun senatari diren Julia Liberal eta Txema Oleaga izango dira PSE-EEren zerrendaburu Araba eta Bizkaian, hurrenez hurren, eta Gipuzkoako senatari izateko hautagai berria izango da Izaskun Gomez. Alderdiaren lurraldeko batzordea atzo arratsaldean bildu zen Espainiako Kongresurako eta Senaturako hautagaitzak babesteko, eta larunbatean berretsiko ditu PSE-EEk proposamenak.
Gomez da Senaturako Gipuzkoako PSE-EEren zerrendan lehena. Bigarrena Oscar Valbuena da, 2011tik Legazpiko udal talde sozialistaren bozeramaile izandakoa, eta hirugarren Ana Priede, Orioko Udaleko udal talde sozialistaren bozeramailea.
2003-2007 legegintzaldian eta 2015etik 2023ra Pasaiako alkate izan da Izaskun Gomez, eta senatari ere aritu zen 2008tik 2011ra, nahiz Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide 1999tik 2007ra. Egun Pasaiako jarduneko alkatea da, eta berrautaketarako Pasaiako PSE-EEren proposamena. Hilaren 17an ebatziko dute herriko aginte makila nork hartuko duen.
- Gipuzkoako PSE-EEren proposamena Senaturako:
- 1. Izaskun Gomez Cermeño
- Lehenengo ordezkoa: Ricardo Crespo Rubio
- Bigarren ordezkoa: Mari Mar Fernandez
- 2. Oscar Valbuena
- Lehenengo ordezkoa: Libe Otegi Goiburu
- Bigarren ordezkoa: Victor Fuentes
- 3. Ana Priede Merchan
- Lehengo ordezkoa: Jon Miranda
- Bigarren ordezkoa: Nerea Errasti