Ontzi arinak birziklatzeko kanpaina, ostalaritza gune eta jatetxeetara
San Marko Mankomunitateak ostalaritzako lokaletan sortzen dituzten ontzi arinen birziklatzea indartu nahi du 'Birzikla dezagun. Oido cocina!' kanpainarekin.
Ostalaritza guneetan eta jatetxeetan plastikozko, metalezko eta brik motako ontzien hondakinak gehiago birzikla daitezen sustatzeko kanpaina abian du San Marko Mankomunitateak: Birzikla dezagun. Oido cocina! erabaki dute izatea kanpaina ezaugarritzeko leloa. Oarsoaldean, Pasaian, Errenteria-Oreretan eta Lezon zabalduko dituzte kanpainaren gainekoak. San Markoren eraginpean dauden udalerrietara zabalduko dute kanpaina, eta horren berri emateko 1.400 establezimendu bisitatuko dituzte.
Bisiten arrazoia garbia da: ostalariekin eta jatetxeetako arduradunekin zuzeneko harremana egin nahi dute, sentsibilizazioa handiagoa izan dadin. “Birziklatze helburuak lortzeko funtsezko sektorea da. Bertan ohitua jasangarriak ezartzeko edozein aurrerapen, klima aldaketaren aurkako borrokan nabarmen hobetzea da”, esan dute San Markotik. Hala, landa lana oinarri hartuta, sentsibilizazio zioa izango du kanpainak.
Bisitak San Markoko langile kualifikatuek egingo dituzte. Lehen fasean gune bakoitzaren beharren azterketa bat egingo da. Gainera, poster bat eta eranskailua jasoko dituzte guen horiek, esanaz bertan gehiago birziklatzeko hautua egin dutela. Bigarren bisitan, egitasmoari baiezkoa eman diotenei ontziak birziklatzeko ontziak emango dizkiete.
Sentsibilizazioaz gain, informazioa eta formazioa emango dituzte San Markoko kideek, tailer bat jasotzeko aukera izango dute interesa duten establezimenduetako langileek: birziklatzearen garrantziaz, eta sektorean gaiari buruz dauden zalantzak argitzen saiatuko dira 30 bat minutuko saioen bidez. Hondakinen gainean dagoen legediaren xehetasunak emango dituzte, aldi berean, tailer horietan.