Etxez etxeko laguntzaileen baldintzak "hobetu" dituela jakinarazi du udalak
Ordainsari maila bi puntu igo dizkie. Udal langileekin ematen du zerbitzua, 1980ko hamarkadatik, enpresarik azpikontratatu gabe.
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, etxez etxeko garbitzaileen ordainsari maila bi puntu igo ditu. Azken urteetan sektore horretako langileen profesionalizazioari “behar besteko garrantzia eta aitortzea” eman nahi dio udalak. Erakundearen esanetan, lan erreproduktiboei ez zaie behar bezalako garrantzia eman, eta hori aldatzeko urratsak egiten ari dira.
Gogorarazi dutenez, 1980ko hamarkadan sortu zuen udalak etxez etxeko laguntza zerbitzua, eta enpresarik azpikontratatu gabe eman duela zerbitzua.
Azken urteetan eskaintza “hobetu” dutela nabarmendu dute, urteko 365 egunetara zabalduz. Horretarako hemeretzi langile dituzte.
Espezializazioa
Udalak nabarmendu du azken urteetan profesionalizatzen eta handitzen joan dela prestakuntza maila. “Zerbitzua erabiltzen duten pertsonen beharrak ere geroz eta askotarikoagoak direnez, erantzukizun eta eginkizun gehiago dituzte langileek: asistentzia, zaintza, integrazioa, prebentzioa, hezkuntza…”, adierazi dute.
Formazio eta funtzio eskakizun gehigarri horiek lan baldintzetan eta ordainsarian islatzea baloratu dute. “Horrek ekarri du”, azaldu du udalak, “lanpostuen maila bi puntu igotzea, 8tik 10era, balio berdineko beste lanpostuekin parekatuz. Soldata ere horren baitan igo zaie”.
Gaineratu dutenez, udal langileen lan-arrisku psikosozialen balorazioa egiterakoan, etxez etxekoen kasuan balorazio propioa egin dute. Ezaugarri “bereziak” kontuan hartu dituzte, adibidez beraien lantokia osasun zentroa, kalea edo herriko beste tokiren bat dela. Langile bakoitzari sakelako telefono bana eman diote.
Ongizate Saila Fermiñene etxera mugitzeko prozesuan dago. Bertan toki propioa izango dute etxez etxeko langileek: koordinaziorako, bilerak egiteko edo arropaz aldatzeko tokia izango dute, besteak beste.