Katuxulo, gora begira jaio den egitasmoa
65 eskalatzailek rokodromoa sortu dute Ergoiengo pabiloi batean. Auzolanean eraiki dute. Eskalatzen aurrerapausoa eman nahi dutenen topagune izan nahi du.
Bospasei urteko ibilbidea izan da, baina Katuxulo proiektua azkenean errealitate bihurtu da. Aitzol Isasa egitasmoko kideak gogorarazi duenez, Elorsoroko rokodromoan elkartzen ziren hainbat eskalatzailek beste zerbaiten beharra sentitzen zuten. «Sinadura bilketa bat egin genuen; 80 bat bildu genituen, eta proiektuan lanean hasi ginen», gogorarazi du.
Eskalatzeko panelak biltzeko tokiaren bila hasi ziren, alokairu baten bila. «Horrek daukana da ez dizula segurtasunik ematen, eta horrelako proiektuek hori behar dute», esan du Isasak.
Hasieran zalantzaz beteta zeuden, baina ahoz ahokoaren bitartez finkatzen joan zen egitasmoa. «Gutxieneko kopurua —35 lagun— elkartu ginenean hasi ginen martxan. Horrelako espazio bat mantentzeak kuota altua suposatzen zuen», gaineratu du Iratz Inziartek.
Pixkanaka jende berria konbentzituta, 65 kidera iritsi dira. Bazkide berriak bilatu nahi dituzte, baina oraingoz muga jarri dute: 90 lagun. «Jende gehiegi batera egonez gero, mina hartzeko arriskua ere egon daiteke. Ongi doala ikusten badugu, agian igo daiteke bazkide kopuru hori», iragarri du Isasak.
Ergoiengo pabiloian «gaur egungo estiloko» blokeak aurki daitezkeela jakinarazi dute. Besteak beste, 30 eta 40 graduko inklinazioa duten panelak eraiki dituzte. «Esplosibitatea landu daiteke, eta forma guztiak daude: txorrerak, bolumenak… Sokarik gabe ibiltzeko blokeak dira», esan du Isasak.
Eneko Billaluzeren arabera, Oiartzungo kiroldegia «motz» geratzen da aurrerapausoak eman nahi dituzten eskalatzaileentzako, eta kanpora jo behar dute.
Eskaladan aurrerapausoa emateko aukera eskaintzeaz gain, Katuxulo topagune izateko bokazioarekin jaio dela nabarmendu du Inziartek. «Eskalada nahiko kirol arrotza da, eta eskalatzaileen artean ulertuta sentitzen naiz ni», zehaztu du. Belaunaldi ezberdinetako eskaladaren maitaleak elkarrekin egoteko aukera, entrenamenduez gain, asteburuetan planak elkarrekin egiteko akuilu izan daiteke.
Eskalada bizitzeko ulerkera bat transmititzea da duten beste helburuetako bat, Inziarteren arabera. «Eskalada estiloa asko aldatu dela ikusten ari naiz: modua, janzkera eta filosofia. Eskertzen dut proiektu honetan jende helduagoa egotea. Haiek beste era batera eskalatzen zuten; beste ikuspuntu bat zuten, mendiari lotuagoa».
Eskalatzeko beste toki batzuetan «entrenamenduetara bideratuago» daudela gehitu du Isasak, «indibidualago eta lehiakorragoa» da. «Hemen norberak jartzen dio puntu lehiakor hori bere buruari, bai, baina hau harremanak sortzeko abiarazi dugu».
Gaur zortzi bazkide guztiak elkar ezagutzeko ekitaldia egingo dute, eta laguntzen ibili direnak ere azalduko dira. Jakinarazi dutenez, aurrerago (datarik ez dute oraingoz zehaztu) herriari irekitako ekitaldia antolatuko dute, hainbat osagairekin: eskalatzeko panelak jartzea, hitzaldi edo proiekzioren bat…
Auzolanean
Aurrekontua ahalik eta murritzenarekin eraiki dute Ergoiengo rokodromo estali berria. «Batek tornilloak lan egiten duen enpresaren bidez lortu ditu; egurrak arotza den batek eskuratu ditu; gurearen moduko lokalen batek eman dizkigu baliagarriak diren pieza zaharrak… Gainera, herrian txapelketak antolatzeagatik diru laguntza bat emango digu udalak», adierazi du Inziartek.
Panelak denen artean eraiki dituzte, eskaladarako azpiegiturak egiten eskarmentua duten «obrako nagusi» baten gidaritzapean, Isasak esan duenez.
«Proiektua aterako zen ala ez zalantza asko genituen, baina hau guztia aurrera atera da bakoitzak jarri duen energia eta borondateari esker», azaldu du Inziartek.
Taldeak sortu dituzte, 8-10 lagunekoak, eta txandaka aritu dira lanean. «Egurrarekin egin beharreko guztia hamar egunetan egin genuen», jakinarazi du Isasak. «Hain azkar zihoan, jendeak ikusten zuela parte hartu gabe gera zitekeela, eta laguntzera etorri da», zehaztu du Billaluzek.
Erorketak amortiguatzeko koltxoi erraldoia dute, plastikoarekin bilduta dutena. San Markos Mankomunitatearekin jarri ziren harremanetan, oheko koltxoi zaharrak beraiei bideratzeko eskatuz. Garbienak zeudenak gorde zizkieten, iristen ziren egunean edo hurrengoan jasotzearen truke. Ez dute kopuru txikia jaso: 225 koltxoi dira guztira.
Jakinarazi dute «esfortzu» handia egin dutela proiektua aurrera ateratzeko. «Hau hasi zutenek oso argi zeukaten hasieratik; horregatik joan da hain azkar». Katuxulo proiektua gora begira jaio da. Koskaz koska igotzen jarraitu nahi dute, eta horretarako bazkide berriak nahi dituzte. Interesa dutenentzako, informazioa eskatzeko helbide elektronikoa zein den jakinarazi dute.