Oiartzun KEk Errege Koparako sarrera faserako txartela lortu nahi du
Beasainen jokatuko du Bizkaiko eta Arabako talde banaren kontra. Irabazten duena datorren denboraldian kopan arituko da.
Oiartzun Kirol Elkarteko mutilen talde nagusiak hirugarren postuan bukatu du denboraldi erregularra, eta play-offetarako txartela lortu zuen horrela.
Bihar —larunbata, hilak 10— Beasainen jaso dezake saria. Izan ere, 2023/2024ko Errege Kopara sailkatzeko faseko partidak jokatuko ditu, Araba eta Bizkaiko ordezkarien kontra.
Santurtzi eta San Viator izango dituzte arerio. Hiru partida jokatuko dituzte, bakoitza 45 minutukoa. Honelakoa izango da Loinaz futbol zelaiko egitaraua:
- 17:00 Santurtzi CD – San Viator KE.
- 18:00 Lehenengo partidako galtzailea – Oiartzun KE.
- 19:00 Lehenengo partidako irabazlea – Oiartzun KE.
Hiru aldeko fase finalean irabazten duenak datorren urteko Errege Kopan jokatzeko txartela lortuko du. Hirugarren Mailara igoko den ala ez oraindik erabakitzeke dago.
Euskal Futbol Federazioak klubei sarrerak banatu dizkie, baina bihar bertan egongo da sarrerak Beasaingo kirolgunean eskuratzeko aukera.