Koparik gabe, baina pilak ongi kargatuta bukatu du denboraldia OKEk
Beasainen ezin izan du gizonen Errege Koparako txartelik lortu, 250 oiartzuarren babesa jaso arren. Denboraldiaren balantzea, oso ona.
Oiartzun Kirol Elkarteko gizonen talde nagusiak bukatu du denboraldia. Ez nahi zuten bezala, baina horrek ez du egindakoaren zapore gozoa kenduko.
Larunbatean Beasainen lehiatu ziren, Errege Koparako txartela eskuratzeko asmoz. Gasteizko San Viator eta Santurtzi taldeak izan zituzten arerio, 45na minutuko partidak jokatzeko.
Arabar eta bizkaitarren artekoa izan zen lehen partida, eta bizkaitarrek eraman zuten poltsikora. Oiartzuarrek, beraz, lehen partida gasteiztarren kontra jokatu behar izan zuten.
Aukera asko sortu arren, gol bakarra sartu zuten oiartzuarrek, baina nahikoa izan zen garaipena lortzeko. Bigarren partidan, azkar aurreratu ziren oiartzuarrak, baina santurtziarrek bi minutura berdindu zuten.
Oiartzuarrek ez zuten burua makurtu, eta baloiaren jabetza beraiena izan zen hurrengo minutuetan. Hala ere, ongien jokatzen ari zirenean iritsi zen bizkaitarren gola.
Bultza eta bultza aritu ziren oiartzuarrak, baina ez zen bigarren gola iritsi, eta horrekin Errege Kopara joateko txartelak ihes egin zuen.
Harmailan 250 jarraitzaile oiartzuar izan ziren, eta haien laguntza “bihotzez” eskertu zuten.
Indartuta bukatu
Oiartzun Kirol Elkarteak gizonen lehen taldearen denboraldiaren balantzea egin du, eta “bikaina” izan dela ziurtatu dute.
“Denboraldi ilusionagarria izan da etorkizunari begira. Aurten jendea ilusionatzea lortu dugu berriro, eta ziur gaude aurten bizitakoak hobeak izaten lagunduko gaituela”, gaineratu dute.
Oporraldiaren ondoren “indartsuago” eta gogoz bueltatuko direla iragarri dute.