Emakumeek idatziko dute Atlantikaldiaren bitakora
Atlantikaldiaren hamargarren ekitaldian ariko diren zortzi artista nagusiak iragarri dituzte gaur. Zortzitik sei, emakumeak dira. Irailaren 14tik 17ra egingo dute kultur topagune eta musika jaialdia.
Irailaren 14tik 17ra egingo dute Atlantikaldiaren hamargarren ekitaldia Bitakora leloarekin. Kultur topagune eta musika jaialdian arituko diren zortzi artista nagusien izenak iragarri dituzte gaur. Kartel osoa eta onduko duten egitaraua ezagutzeko irailera arte itxoin beharko bada ere, gaurko aurrerapenak argi utzi du Atlantikaldiak bere oinarrizko balioak diren aniztasuna eta elkarbizitza sustatzen jarraitzen duela.
Ezin nabarmendu gabe utzi gaur aurkeztu dituzten zortzi artista nagusien karteletik sei, emakumeak direla; Bitakora da leloa, eta bitakora horren orriak emakumeek idatziko dituzte, beraz. Ziur ez dela ausazko kontua izan, ez dutelako jaialdiaren antolatzaileek haririk gabeko puntadarik ematen.
Atlantikaldiaren hamargarren ekitaldiaren kartela osatu duten artista nagusiak, honakoak: Femina (Argentina), Rodrigo Cuevas (Asturias), Bia Ferreira (Brasil), Nidia Gongora (Kolonbia), Aywa (Magreb), EDE (Madril), Rebeca Lane (Guatemala) eta Olaia Inziarte (Euskal Herria).
Aizpea Otaegi jarduneko alkateak, Maite Gartzia jarduneko Kultura zinegotziak, Josean Ruiz de Azua Atlantikaldiaren zuzendaria, eta Mari Jose Telleria jarduneko Kultura diputatuak aurkeztu dute aurtengo jaialdia Zumardian egindako agerraldian.
Kultur topagunerako espazio bat zabaldu asmoz sortu zutela Atlantikaldia ekarri du gogora Otaegik, “nolabait gure aniztasuna eta elkarbizitza balioan jartzeko eta beti esten dugu Atlantikaldia badela leiho bat munduari begiratzeko, eta ate bat nahi duenak gurera etortzeko aukera izan dezan”. Aniztasuna, elkarbizitza eta kulturen arteko elkarrizketak sustatu nahi dituela jaialdiak nabarmen jarri du jarduneko alkateak, bestalde, “arte ezberdinen artean elkarrizketak sortu nahi dituen jaialdia da Atlantikaldia”.
Hamar urte hasierako xedeak sendotzen
Hamarkada beteko du aurten, eta atzerako begirada ere egin du Otaegik baieztatzeko sortu zutenean zuten xedea sendotuz joan dela hamar ekitaldi horietan zehar, “bitakora leloak adierazten du Atlantikaldia hamar urtez joan dela bere historia idazten, guztion artean sortu dugun bitakora izan da, baina orri asko dauzka idazteko oraindik eta orain arte eraiki duen sen hori jarraiki jarraituko dugu orriak idatziz. Gaurkoan ere orri berri bat idatzi dugu”.
Urtero bezala, aurten ere “mimo handiz” ari direla Atalntikaldia prestatzen ere esan du Otaegik.
Eragileen inplikazioa aipatu du bere aldetik Gartziak eta programazioa osatu eta aberasteko eragileek egindako proposamenak eskertu ditu: “Eragileen inplikazioa oso garrantzitsua da jaialdiarentzat. Herritik sortzen diren ekarpenek asko dute gure herriaren izaera eta balioetatik, eta Atlantikaldiak horren guztiaren isla izan behar du”. proposamen ugari jaso dituztela programa osatzeko azaldu du jarduneko Kultura zinegotziak, “gero eta inplikazio handiagoa ikusten dugu. Jaialdiaren antolaketa lantaldea bideragarri jo dituen proposamenekin diziplina askotariko egitaraua osatzen ari da orain. Musika, gastronomia, dantza, erakustaldiak, kaleko arteak, kirolak… denetarik izango da eta Atlantikaldiaren izpirituari jarraituz, horiek guztiak kalean gertatuko dira”.
Atlantikaldiaren egitarau hori hartuko duten plazetako batzuk ere aipatu ditu Gartziak. Hala, Agirre Lehendakariaren plaza, Panier orubea, Herriko plaza, eta Foru plaza aipatu ditu; horiek izango dira gune nagusiak, baina ez bakarrak.
Maila handiko artistak
Artista nagusien xehetasunak eman ditu Ruiz de Azuak, bere aldetik. Argentina hegoaldeko Patagoniako emakume bikotea da Femina taldea. Gaztelaniaz abesten dute eta beren abestietan gai sozialei tartea egiten diotela azaldu du, “Latinoamerikako doinu eta instrumentu tradizionalak zein musika garaikidea uztartzen dute”. Rodrigo Cuevas, arras ezaguna da eta musika alternatiboaren figura nagusienetakoa da egun: “Ikuskizun hitza ezin hobeto doakio bere emanaldiei, musika eskaintzen dugu, baina umorea, dantza eta janzkera gehitzen baitizkio. Proposamen dibertigarria eta gozagarria izango den zalantzarik ez da”.
Brasilgoa da karteleko hirugarren artista, Bia Ferreira Minas Gerais barrualdean jaioa da eta oso gazte hasi zen musika ikasten, hiru urte baino ez zituela: “MMP —Musica mulher preta —gisa definitzen du berak egiten duen musika, emakume beltzaren musika, alegia. Ekintzailea oso, Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohiaren kontrako ahots indartsuenetako bat izan da”.
Kolonbiakoa iragarri duten laugarren artista, Nidia Gongora. Munduko musika uztartzen du proposamen originala sortzeko, “bere jaioterriko musikatik abiatuta. Bere proiektu berrian taularatuko da hainbat emakumez osatuta dagoen taldearekin”.
Afrika Iparraldetik dator hurrengo taldea, Magrebetik zehazki, Aywa. Musika garaikide ezberdinen fusioa egiten du taldeak, rocka, jazza, regae, Afrika, Balkanak eta Hindustango rai doinuekin nahastuta instrumentu tradizionalak eta elektronikoak erabilita. Madrildarra da EDE eta aurkeztu berria da estudioko bere lehen albuma Lucero izenekoa, “indie, folklore, soul, rhythm and blues estilo anitzak biltzen ditu bere proposamenean”.
Rebeca Lane Guatemalatik heldu da, “ahots aktibo eta indartsu” gisa definitu du Atlantikaldiaren zuzendariak, “eta lotuta dago hainbat mugimendurekin, feminismoarekin, LGTBI+ komunitatearekin, oroimen historikoaren aldeko mugimenduekin… Rapa erabiltzen du bere mezuak zabaltzeko, eta Atlantikaldian egingo duen emanaldian Florecer albuma aurkeztuko du. Hamar urteko ibilbidea laburbildu du lan horretan”.
Zortzigarren eta azken artista, euskalduna. Nafarroako Olaia Inziartek osatu du kartel nagusiko zortzikote hori. “Bakarkako proiektua lantzen ari da LLB proiektuarekin , beste artistekin ere ari da elkarlanean”, azaldu du Ruiz de Azuak.
Egitarau osoa, irailean
Zortzi artista nagusiekin batera, hamaika proposamen gehiago helduko dira Atalntikaldiaren hamargarren ekitaldiaren eskutik. Irailera arte itxaron beharko da egitaraua osotasunean ezagutzeko baina amaitzeko aipamena egin dio jaialdiaren adar garrantzitsu den Itsas Elkarrizketak iniziatibari Ruiz de Azuak. “Jatorri aniztetako sortzaileak harremanetan jartzea du xede, inoiz batera taularatu gabeko emanaldiak lehenengoz Atlantikaldiako publikoari eskainiz”, esan du. Elkarlan horiek, jaialdiaren bereizgarri nagusienetako bat bilakatu dira, eta horien berri zehatz, irailean emango dute.
Jarduneko Kultura diputatuak era hartu du hitza. Gogora ekarri du hilabete eskas dela Lekuona Fabrikan Musika Bulego Sariak banatzen izan zirela, “sari banaketa Errenterian izan zen Atlantikaldiari esker, musika eremuan erreferente bihurtu delako. Musika sari horiek banatzerakoan behin eta berriz nabarmendu zen eta aldarrikatu genero arrakala handia dela agertokietan eta musika eremuan. Errenterian bada ekimena emakumeak oholtzara igotzeko eta programa hau ikusita, aurrera pausu bat izango da borroka horretan eta lorpenetan. Musikaz aritzeaz gain, gainera, artista hauek hainbat balore eta eskubideen alde borrokan; hori ere bada kultura eta horren premian ere bagaude Gipuzkoan”.
Otaegik hartu du hitza berriro. Batetik Telleriaren hitzak eskertu ditu, “balioan jarri duena lehen lerroan jartzeagatik, hain juxtu berak aipatu dituen dimentsio horiek oso kontutan hartzen dituelako Atlantikaldiak”. Bestetik, herritar guztiei abisua irailaren 14tik 17rako datak agendetan gorde ditzan; zalantzarik ez da, aurtengo Atlantikaldia ere, erraldoia izango da.